euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

100 pertsonarentzako afari batekin ospatu ditu 15. urtemuga Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak EEak

2013/05/22

Topa egiteko momentuan euskal etxearen sorrera eta garapenean parte hartu dutenak gogoratu ziren (argazkiaEE)
Topa egiteko momentuan euskal etxearen sorrera eta garapenean parte hartu dutenak gogoratu ziren (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

15 urte bete ditu Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxeak eta ehun bat lagun bilduz ospatu zuen joan den asteburuan. Geroari begira behar bezala ospatzeko, aktibitate handiko urtea iragarri dute 2013a. Hileroko nerabeentzako topaketak, hiriko Gizataldeen Festa, Urdaiazpiko Jaia… hainbat ekitaldi interesgarri egingo dituzte urtean zehar. Hauez gain, astero ematen dira euskal etxean euskara eta dantza klaseak. Eta gauza txiki askok ekartzen dutela aurrerapena pentsatuta, egoitza hobetzen ere nabari zaie mugimendua: joan den larunbateko festan, komun berriak inauguratu ditu euskal etxeak.

Trenque Lauquen, Argentina. 1998ko maiatzaren 15ean sortua, 15 urte bete ditu pasa den astean Buenos Aires probintziako Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak-ek. Urteurren jaia larunbatean ospatu zuten erakundeko kideek elkartearen ehun bat lagun bilduz.

Euskal Sustraiak 15 urtemuga 2013 01

[“15eko Festa” guztietan bezala, honetan ere egon zen urtebetetze pastela, egilea Andrea Veronica Peñas (argazkiaEE)]

Jaian –eta pasa den astean euskal etxearen facebook-eko horman egin bezala– erakundearen historia ekarri zuen gogora bertako lehendakari Luis Lahittek. Topa egiteko momentuan instituzioaren eta egoitzaren garapena nola izan diren kontatu zuen Lahittek eta urte hauetan emandako urratsak aipatu ahala, etxeko buruak eskerrak eman zizkien proiektuan lan egin dutenei eta lan egiten ari direnei.

Euskal Sustraiak 15 urtemuga 2013 02

[Koky Bruak zuzendaritzapean, ‘Fandango’, ‘Arin, arin’ eta ‘Zazpi Jauzi’ dantzatu zituzten etxeko neskek (argazkiaEE)]

Urtebetetze afarian, etxeko mutilek egindako errekia ez zen protagonista bakarra izan. Koki Brua irakaslearen eskutik, aurtengo publiko aurreko lehenengo aurkezpena egin zuten Euskal Sustraiak-eko dantzariek. “Lan handia egiten ari da nesken dantza taldea. Entseguak larunbatero izaten dira, goizeko 10etatik 12etara, Pergaminon egindako Dantzarien Tailerrean parte hartu zuen Koki Brua irakaslearekin. Horretaz gain, eta Villa Mariako Euskal Astera joateko dirua biltzeko asmoarekin, nerabeentzako topaketak antolatzen ari dira neskak hilean behin. ‘Matine’ delako jai horiek etxeko SUMean (erabilera anitzeko aretoan) egiten dira eta oso arrakastatsuak dira”, azaldu diote euskal etxetik EuskalKultura.com-i.

Euskara eta euskal gizataldea

Duela hamabost urte hasi zen bere harri-koskorra ekartzen Euskal Sustraiak Euskal Etxea. Trenque Lauquengo komunitateari egiten dion ekarpen hori hainbat arlotan ikus daiteke. Euskal dantzak irakasteaz gain, euskara klaseak ere eskaintzen dizkio komunitateari. Eskolak ostegunetan dira, bazkalosteko 2:30tatik 5etara. Honekin lotuta, Trenque Lauquengo irakasle Alejandra Bengochea Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxera ere joaten da irakasle.

Euskal Etxeak aurten ere hartuko du parte Hiriko Kolektibitateen Jaian. Urrian izango da eta Udala jarri da dagoeneko konkaktuan erakundeko arduradunekin euskal partaidetza bermatzeko. Urrian ere, herrian sona handia lortu duen Urdaiazpiko Jaia burutuko du Euskal Sustraiak-ek. Bosgarren ediziora heldu da eskualdeko mozkin onenetakoa den gutizia hori gailentzen duen festa, agerleku  ‘Juan Alberbide’ aretoa bera duela.

Artikulua bukatzeko, txikikeria den baina elkartea apuirka-apurka aurrera ari dela adierazten duen detaile bat, euskal etxetik esan zaigunez. Etxeko agintariek jakinarazi dute komunak berritu eta handitzeko obrak egin dituztela. "Lan honek hobekuntza handia dakarkio egoitzari. Lehen komun bakarra zegoen emakume eta gizonentzat, eta orain, berriz, beharrezkoak diren biak ditugu’, jakinarazi digute pozik Euskal Sustraiak-eko lagunek.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia