euskal diaspora eta kultura
2008/10/16
PUBLIZITATEA
Lavallol, Argentina. Euskal Echea eskolaren Euskal Jaiak milaka lagun bildu zituen joan den urriaren 4ean ikastetxearen urteroko jaian. Ikasle dantzariak bakarrik, mila eta bostehun ziren. Ekitaldia goizean hasi zen, Itsas Eskola Militarreko Bandak jotako argentinar ereserki nazionalarekin eta Gernikako Arbolarekin, segidan. Bandera argentinarra eta ikurriña alboan zituela Eskolako apaizak Euskal Echea-ko aurten kaperaren 80. urteurrena ospatzen dela ekarri zuen gogora. Ondoren, Simon Pedro Soroet Euskal Echea-ko Zuzendaritza Batzordeko lehendakariak eskolan egin berri diren eraikitze eta berritze lanen berri eman zuen eta aipatu zuen baita ere laster abian jartzekotan diren ekimen berri bat, 'Udako Euskal Unibertsitatea' izenekoa. Enrique Aramburu dauka arduradun, eta euskara eta euskal kulturari buruzko uda garaiko ikastaro berriak baitaratuko ditu.
Dantzaldiari ekinez, 48 dantzarik Agurra dantzatu zuten, Aitor Alava zuzendari. Ondoren, Gorulari, Arkudantza eta Zazpi Jauzi -–azken biak, bost urteko umeek dantzatuta-– eta Arkudantza mistoa ikusi ahal izan ziren. Jarraitzeko, heziketa fisikoko eskemek ere euren lekua izan zuten.
Euskal estanpa ikusgarria
Beste askotan bezala, jaiaren unerik hunkigarriena “Estampa Vasca” delakoa izan zen: 1.500 haurtxo eta neska-mutil bildu ziren dantzan rugby zelaian, Juan Mari Beltranen musikaren laguntzaz. Denek batera Agintariena dantzatu zuten eta gero, taldeka eta adinaren arabera sailkatuta, hainbat lan eskaini zituzten, besteak beste, Pirritx eta Porrotx-en, eta Takolo eta Mokoloren abestiak, kadrilla bat, fandangoa, eta Imotzeko Esku Dantzarekin batera. Bilboko jaietako "Badator Marijaia" kantarekin bukatu zen “Estampa Vasca” jai ikusgarria.
[Euskal Echea ikastetxeko ikasleak Euskal Estanpa delakoa egiten (bideoa EuskalKultura.com)]
Ikasleen mikro ekimenak
Iaz bezala, Institutuko ikasleek prestatu eta kudeatutako 'Mikro ekimen'ak ere erakutsi ziren. Stand-etan, ikasleek asmatu eta eginiko produktu eta artikuluak zeuden salgai, beti ere euskal marrazki, diseinu eta ikutudunak. Produktuen artean, edalontziak, katiluak, giltzariak, nikiak, lauburuak eta toallak, besteak beste. Kaperan, berriz, Argentinako ikur nazional, probintzial eta tokikoen erakusketa ezarri zen. Aldi berean, Etxeko abesbatzako ikasleek egindako lanak ere ikusgai jarri ziren eliz atarian.
Euskal Echea-ko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari Simon Pedro Soroet-ek esker biziak eman zizkien bereziki María Belén Girasole, Vanesa Félix eta Aitor Alavari jaiaren antolakuntzan zein arrakastan parte hartzeagatik.
Elkarrizketa Jaiko sustatzaile IZASKUN ORDOQUIri
-Zein da komunitateari utzi nahi diozuen mezua jai erraldoi honekin?
Eskolaren mezuak helburu argi bat dauka: gure tradizioa ezagutaraztea eta gure ikasleek artean, kulturan edota kirol arloan landutako trebetasunak erakustea. Baina, bestalde, erakusketa akademikoa baino askoz gehiago da, eskola, ikasle eta gurasoak elkarrekin hurbildu eta biltzen dituen metodo pedagogikoa da.
-Zein da familien erantzuna?
Ikasleen familiak zinez laguntzen gaituzte eta egiazko partaide ditugu jaia antolatzen. Arduratzen dira, esterako, umeen jantziaz, informazioa lortzen dute, eta ondoan ditugu aurreko egunetan zein jaiaren egunean berean. Eta bukatzen denean, hurbildu ohi zaizkigu zorionak ematera.
-Euskal Herrikoa, tolosarra izanda, nola bizi izaten duzu zuk zeuk jai hau?
Engaiamendu eta lotura handia daukat jaiaren antolakuntzarekin, gure kultura zabaltzeko oso aukera berezia delako. Ikurriñak nonahi, adin guztietako dantzariak, Euskal Herriko ikur horiek guztiak... euren tokia daukate egun honetan. Esan dezadan baita ere jai hau ezinezkoa litzatekeela zenbait erakundeen laguntzarik gabe, hala nola FEVA, Euskaltzaleak, Euskal Echea-ko Batzordea, irakasleak eta laguntzaileen sostengurik gabe. Bereziki aipatu nahi dut hor Vanesa Félix, Belén Girasole eta Aitor Alavaren lana.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus