Igande honetan, urtarrilaren 28an, Bilbon egoitza duen Sabino Arana Fundazioak bere urteroko sari sonatuak banatuko ditu, Streaming bidez online segitu ahal izango den erretransmisioa lagun, tartean 2024ko bere sarietako bat Euskal Artzainak Ameriketan elkarteari ematea.
Oholtzara igoko dira saria jasotzeko Euskal Artzainak Ameriketan elkartea ordezkatuz, Laura Igantzi presidentea eta Euskal Herritik Estatu Batuetara emigratu zuten hainbat artzain eta senide, hala nola Félix Almirantearena, Maite Ancho, Ignacio Marmaun, Lucio Irisarri, Santi Hualde, Tomás Ibarra eta Vicente Almirantearena.
Saioa eguerdiko 12etan hasiko da Bilboko Arriaga Antzokian. Euskal Artzainak Ameriketan elkartekoez gain, gainontzeko sarituak dira: Antton Valverde musikari donostiarra, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioaren emakumezkoen txirrindularitza-taldea, Armando Llanos arkeologo gasteiztarra eta Javier Clemente futboleko entrenatzailea.
Sariak banatzeko ekitaldian, Sabino Arana Fundazioaren presidenteak, Mireia Zaratek, Fundazioaren Patronatuko hainbat kide izango ditu ondoan, hain zuzen ere, Ignacio Etxeberria, Ainara Zelaia, Mikel Hidalgo, Aitor Alzola, Asier Barandiaran, Miren Azkarate eta Koro Garmendia.
Arriaga antzokira biltzerik ez daukan orok zuzenean ikusi ahalko du ekitaldia streaming bidez, Sabino Arana Fundazioaren webgunean: www.sabinoarana.eus.