Omenaldia antolatu diote larunbat honetan, urriaren 19an, Gorritiko herriak eta bere lagun bertsolariek Martin Goicoechea Wyoming-eko (AEB) bertsolari gorritiarrari. Hitzordua 21:00etan da, Kontzejuan, eta omenaldiak bertso-afari formatoa izango du.
Gogoratu, 17 urteko gaztetxoa zela Martinek Gorritiko sortetxea utzi eta Ipar Amerikako lurretara emigratu zuela, dagoeneko, eta oso gaztea izan arren, bertako plaza batzuetan ibili izan zela, bertsolaritzako izen handi batzuekin kantari.
Estatu Batuetan, lana gogor egitea egokitu zitzaion, zerotik hasiz, eta pixkanaka aurrera ateratzea. Wyomingeko Rock Springs-en sendotu zen, familia sortu eta euskal-amerikar gisa hazi.
Hamaika gauza egin izan ditu Martinek Estatu Batuetan euskal kulturaren alde, askotan bere patrikaren kontura ere, lehenik Rock Springs bertako Alkartasuna Basque Club euskal etxean antolatzaile eta bertan gogor lan eginez, irratian jardunez, bertsolari gisa hamaika euskal jaitan, euskararen alde, NABOko Euskara Arduraduna izanik, bertso-album bat (kasetea) aterata Estatu Batuetan...
Estatu Batu mailan "Arts National Heritage Fellowship Award" saria jasotakoa da (2003), Society of Basque Studies in America erakundeak bere "Euskaldunen Ohorezko Galerian" (Basque Hall of Fame) sartu zuen (2005ean) eta NABO Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Federazioak bere 'Bizi Emankorra' eman zion (2011an).
Orain bere herritarren eta bere lagun bertsolarien omenaldia jasoko du Gorritin. Zorion bero-beroak, Martin!