euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Agenda rss

Australiako euskaldunei buruzko hitzaldia emango du Esther Kortak euskaraz Photomuseum-en

2024/05/03

Non: Zarautz, Gipuzkoa

Harremanetarako telefonoa: +34 943 130 906

Maiatzaren 3an, ostirala, 18:00etan, Australiako euskaldunei buruzko hitzaldia emango Esther Kortak euskaraz "Diaspora: Australia" izenburupean Zarauzko Photomuseum-en (San Inazio kalea, 11).

"Basques in Australia" erakusketaren programa barnean (apirilaren 30etik maiatzaren 26ra), Euskal Australiar Alkartearen eskutik, Eusko Jaurlaritza babesle.

“Basques in Australia” erakusketa ibiltariak Australiako Diasporaren berri ematen digu. Erakusketak hainbat esparru edo gai jorratzen ditu. Azken finean, irudi bakoitzak Australiara emigratu zuten gizon eta emakumeen historia amankomuna eta, aldi berean, pribatua adierazten du. Bizitza baten zatiak. Ibilaldi bizia eta hunkigarria dozenaka argazkiren bidez.

Hilabete baino gehiago irauten zuten bidaietan joaten ziren itsasontziz. Gehienak Italiatik abiatzen ziren Melbournera, Brisbanera... eta handik North Queenslandera zuzentzen ziren; batez ere, Ingham eta Ayr-era. 50. hamarkadan zenbait "operazio" egin ziren, hala nola "Kanguro Operazioa", "Eukaliptus operazioa", "Emu operazioa","Karry operazioa" eta" Torres operazioa". Horrela izendatu ziren 1958 eta 1960 bitartean Euskal Herritik Australiara egindako bost irteera-operazio handienak. 

Australiak eskulana bilatzen zuen. Lehenengo bi operazioetan 160 gizon inguru joan ziren bidaia bakoitzean; hirugarrenean, "Monte Udala" ontziak laurehun pertsona baino gehiago eraman zituen, horien artean 55 bikote, 77 haur eta 214 mutil gazte. Gehienak bizkaitarrak ziren, gainerakoak nafarrak, gipuzkoarrak, Santanderrekoak eta Burgosekoak. 

Emakumeek ere emigratu zuten, horietariko asko "Marta plana" deiturikoan joan ziren. "Emaztegaien hegazkinak" eramandakoak etxeko langileak, ezkongabeak eta katolikoak ziren batik bat. "Marta plana" Australia eta Espainiako gobernuen arteko migrazio-akordioa zen, Eliza Katolikoak babestukoa. "Marta" gazteek Australiak eskainitako bizitza hobearekin amets egiten zuten.

Euskaldunak Australian hainbat lanetan aritu ziren, esaterako kanabera mozten matxeteaz. Benetan lan gogorra zen berau; eguzkiaren bero kiskalgarripean, eltxoak, azukrearen melaza gorputzean eta izerditan blai. Kanabera tonak mozten zituzten bagoietan kargatzeko, eta horretarako, gainera, errailak jarri behar izaten zituzten aurrera egin ahala. Dena eskuz. 

Kanabera mozketa ekainetik abendura bitartean izaten zen, hurrengo denboraldia hasi arte tabako hostoa biltzera joaten ziren, beste batzuk frutak biltzera edota eraikuntzan lan egitera. 

Aisialdia familian edo lagunartean ematen zuten, hoteletan elkartu eta garagardoa edanez, berriketan edo lagunekin dantzan. Euskal hizkuntza eta kultura bizirik mantendu dituzte, eta euskal dantza eta kirol taldeak eta elkarteak sortu zituzten.

Esther Korta
Erakusketako egile eta arduraduna



« Otsaila 2025 »
 
 
 
 
 
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
 
 

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia