euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Xabier Euzkitze bertsolaria: 'Euskal etxeetan picon izeneko edaria asmatu dute hango euskaldunek'

06/01/2005

Xabier Euzkitze (argazkia Bertsolari aldizkaria)
Xabier Euzkitze (argazkia Bertsolari aldizkaria)

PUBLICIDAD

Xabier Euzkitze bertsolariak Ipar Ameriketako euskal etxeekin harreman sakona du, 1990ean Boiseko Euskal Jaialdian bertsolari gisa parte hartzeko hara joan eta AEBtako euskal giroa ezagutzeko parada izan zuenetik. Basque Clubetan aurkitu zuen euskal sentimenduak harrituta, lau urte beranduago lagun koadrila batekin bueltatu eta Buffalon ospatu zen euskal jaia ezagutu zuen. Lagun minak egin eta gaurdaino mantentzen du haiekiko kontaktua. Bertsolari aldizkariaren udazkeneko alean Diasporako euskaldunek gastronomia bidez herrimina sendatzen ote duten galdetuta, AEBetako euskaldunen edari tipiko bat aipatzen du: picona.
Bertsolari aldizkariaren azken aleak 28 bertsolari, sukaldari lanetan jarri ditu, Arbelaitz, Arzak, Argiñano eta Berasategiren laguntzarekin. Horien artean Xabier Euzkitze, eta hari egindako elkarrizketak gai interesgarri bati heltzen dio: Ipar Ameriketako Euskal Etxeetako kideek sukaldaritza, herriminari aurre egiteko erabiltzen ote duten.

AEBko Euskal Etxetako aspaldiko laguna dugu Euzkitze, duela 14 urte hara egindako lehen bidaian bertako giroa eta jendea ezagutu zituenez geroztik. Lagun minak ere egin omen zituen, 'Martin Goikoetxea, Wyomingo Rock Springsen bizi zen bertsolaria, eta Mike Bidart' kasu.

Estatu Batuetako euskal sukaldaritzari buruz galdetuta Xabier Euzkitzek gastronomiari hainbesteko garrantzirik ez diotela ematen erantzuten du. 'Folklorearen bidez, dantza eta kantuaren bidez eusten diote beren nortasunari. Lauburua eta ikurriña bezalako euskal ikurrak guk baino askoz gehiago baloratzen dituzte, matrikuletan hemengo herrien izenak-eta jartzen dituzte, eta eurak mingaina deitzen diotenari, hizkuntzari berebiziko garrantzia ematen diote. Baina gastronomia...', dio Euzkitzek.

Haragi asko eta ona

Euskal Herritik Ameriketara joandakoak ez zirela 'kapritxo bila joan hara' aipatzen du, eta duela 30 urte haiek etxean ikasitako sukaldaritza 'xumea eta oinarrizkoa' izango zela. Estatu Batuetan izandako aldietan euskal etxeetako plater tipikoak ezagutzeko parada izan eta haien artean arrautza eta txingarra aipatzen ditu, eta 'hemen probatu gabe nengoena eta han oso estimatua den aharien eta aharikoen kozkorrak. Hortzekin mozteko ohitura dute gainera... Haragia asko eta ona daukate, txuleta dotoreak, baina arraina oso gutxitan ateratzen dute'.

Hanburgesen herrian bizi badira ere 'niri tokatu zaidan jendeak ez ditu asko estimatzen. Otordua mahaian eserita eta platera aurrean dutela egitea gustatzen zaie. Hori bai, plastikozko platerak izaten dira askotan. Bi ezkontzatan izan nintzen eta haietan ere bai. Pixka bat harritu egin ninduen, baina musika taldearen ordez musika jartzen zuen tipo bat ikusteak ere bai, eta orain hemengo ezkontza guztietan ere horrela egiten dute'.

Euskal etxeetan asmatutako edaria

Edari kontutan gehien edaten dutena garagardoa dela aipatzen du Euzkitzek, baina euskal etxeetan propio asmatutako edaberik ere badela dio. 'Bada hango euskaldunek egiten duten edari bat, picon izenekoa. Ez dakit zer edari mota den. Ez destornilladore, ez kalimotxo, ezerekin ez du zerikusirik. Barrara joan eta lau picon!, zortzi picon!, han ere koadrilan edateko tradizio handia dago'.


Lotura interesgarriak

Bertsolari aldizkaria
www.bertsolari.net

Euskal Gastronomia webgunea
www.gastronomiavasca.net

Euskal Herriko betiko errezetak
Edorta Agirreren eskutik bagera.net-en

Karlos Argiñanoren webgunea
www.karlosnet.com



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia