euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Van++t Hoffen ilea bigarren nobela kalean, zenbait gogoeta eskaintzen dizkigu Unai Elorriagak

14/05/2003

PUBLICIDAD

Bigarren eleberria kalean, zenbait gogoeta eta iritzi luzatu ditu Sonia neskalaguna irakurle eta kritikorik zorrotzena daukan idazle getxoztarrak. Goizaldi Landabasok elkarrizketaturik,...
(elkarrizketa hau HABE aldizkariak eman du argitara bere 335. zenbakian)

Azken hilabeteotan bere gainean esan direnak aztertu nahi izan ditugu Unai Elorriagarekin. Espainiako Narratiba Sari nazionala irabazi du, eta aparra jaitsirik hausnarketa egin digu. Bigarren eleberria, Van++t Hoffen ilea kalean da jada. Juan Rulfo eta batik bat, Julio Cortazarren zale sutsua, bere lanean itzelezko eragina izan duela uste du. Datorrenari patxadaz begiratu nahi dio, eta eman behar dituen hamaika berbaldi, jardunaldi eta osterantzekoak ondo baino hobeto prestatzeko eszedentzia hartu du beharrean. Goizalde Landabasoren elkarrizketa.

Goizalde Landabaso: SP-rako tranbia, Esperako tranbia... zelan esan behar dugu?

Unai Elorriaga: Nik SP-rako tranbia esaten dut, baina denetarik esan izan diote, baita Sprako tranbia ere. Dagoeneko jendearena da liburua eta bakoitzak esan dezala nahi duen modura.

G.L.: Benetako harribitxia da SP-rako tranbia, maisutasunez idatzitakoa...

U.E.: Hori Xabier Mendigurenek esan zuen. Bera editore izanda ez da harritzekoa horrelako loreak bota izana. Hala ere, berak ez du ezer debalde esaten, eta hori esan badu, sentitzen duelako da. Maisutasuna niretzako berba potoloa da, 50etik gorakoak izaten direlako maisu eta hain gazterik entzutea oso garrantzitsua da.

G.L.: Txaloak izan ditu liburuak, adibidez: Ez dago hitz bat bera ere alferrik erabilia, edo halako batean espero ez nuen liburuarekin topo egin dut...

U.E.: Liburua kaleratzear zegoela horixe zen nire kezka, ez ote zuten nahasiaren nahasiaz bazter batean utziko. Haririk ez izatea kezkagarria egiten zitzaidan, pentsatzen nuen hanka-bururik ez ikustean utzi egingo zutela. Eta guztiz kontrakoa gertatu da.

G.L.: 2002ko urriaren 8a, asteartea. Atxagak zoriondu ostean Baudelaire-k esandako esaldia haizeratu zuen: Arrakasta askok egiten dute arrakasta bakarra.

U.E.: Atxagak saria irabazi zuenean, gibelean bazuen izan ibilbiderik. Hortxe zeuden Etiopia eta Ziutateaz. Ordurako idazle handia zen. Nirea zeharo alderantzizkoa izan da. Nik ez dut aurretik ezer, eta arrakasta txikiak egin behar ditut hemendik aurrera. Hemendik aurrera zer datorren eta denborak zer dakarren ikusiko dut, eta hortik gorakoak denborak esango du. Kritikariek iritziak kaleratzeari ondo irizten diot, baina bere esanak ez dira inondik inora Jainkoaren esana. Denborak eta irakurleek esango dute ona ote den. Kritikari batek esaten duena baino haratago joan beharra dago.

G.L.: Saria baino lehen izan bazen Unai Elorriagarik. Honen harian kanpokoen txaloak ez ditugu behar esan dute batzuk, bestetzuk, aldiz, liburu on bat zen sari hori eskuratu aurretik, eta berdin segituko du izaten sariekin nahiz barik.

U.E.: Bai horrela da. Nik uste dut oro har kritikoak oso kontserbadoreak direla. Idazle baten lehenengo liburuaren aurrean sekula ez dute esango borobila denik; ez bestelako babesik-edo ez badute. Ona da, baina... horixe da erabili ohi dutena. Ez dira gehiago esatera ausartzen. Horrelako sari bat ematerakoan, zelanbait esateko, bermea badute eta horrek lasaitu egiten ditu. Hortik aurrera bai, liburu ederra eta potoloa dela esango dute, baina oniritzia jasotzerakoan soilik. Azken batean literaturaren inguruan dagoena neurri batean zirkoaren antzekoa da. Ez sinisteko moduko jolasa da, oso serio ez hartzekoa. Kritikariek iritziak kaleratzeari ondo irizten diot, baina beren esanak ez dira inondik inora Jainkoaren esana. Denborak eta irakurleek esango dute ona ote den. Kritikari batek esaten duena baino haratago joan beharra dago.

G.L.: Adur gaiztorik ere pairatu duzu. Zuk esana da gauzak bere onetik atera dira, eta baita ere, ez duzula politikaz berbarik egingo, zergak ordaintzen dituzula politikoek euren lana egin dezaten eta ez duzula beraien eginbeharra egingo.

U.E.: Izugarria, bai. Halako batean askok esan didate politikaz berba egiteko betebehar morala nuela. Intelektual naizen aldetik politikaz berba egin behar nuela. Surrealista benetan. Lehenengo, nik ez dut inoiz esan intelektuala naizenik. Eta gero, betebeharra duzu? Nire betebeharra zergak ordaintzea da, ez hiltzea, ez lapurtzea... horiek ez dira nire betebeharrak. Nire betebeharra ez da politikaz hitz egitea. Politikaz jarduteko badaude hor batzuk, soldata ikaragarriekin, eta eurei hilero ordaintzen dietena ordaintzen badidate, bada, pentsatuko dut orduan. Lotsagarri gelditzen dira horrelakoak esanda. Espainiako kazetariak-eta okerrerako ari dira, euren buruari harrika ari dira. Beti gauza bera buruan, beti gezurrak esaten. Nire gainean ere esan zituzten, guztiz egiaztagarriak ziren gezurrak, gainera. Kasu handirik ez egitea da onena.

G.L.: Juan Rulfo, Julio Cortazar, Jorge Luis Borges...

U.E.: Jorge Luis Borgesen izena agertu zen baina nik ez nuke zerrenda horretan sartuko. Rulfo eta Cortazar bai, batez ere Cortazar. Maisu handia izan da, eta bera irakurriz asko ikasi dut. Borges, aldiz, ez dut maite. Badakit ona dela, eta nahi duenak irakur dezala baina nik ez dut bera irakurtzen gozamenik.

Zorionekoak gara, merkatu txikia dugu eta txikiak ere ikusgai daude berton

G.L.: Errealitatea dugu eguneroko ogi. Zure esaldi batzuk aipatuko dizkizut: Zorionekoak gara, merkatu txikia dugu eta txikiak ere ikusgai daude berton.

U.E.: Txikitasuna gustatzen zait niri. Aspaldian entzuten da demokrazia eta gehiengoari boza. Nik uste dut gutxiengoak, sarri, baduela zeresana. Eta arrazoia ere izaten duela tarteka-marteka. Gure kasuan, gutxi gara eta txikiak. Baina literaturan, bederen, potentzia handiak baino bide zuzenagoa daramagula begitantzen zait.

G.L.: Azken batean ez dut presarik eta astiro egiten dut. Presak ekartzen ditu erorketak batez ere, ez besterik.

U.E. Bai, gure gizarte honen gaitzik handienetakoa da ziztu bizian ematen dugula denbora. Gauzak nahi diren modura egiteko ezintasuna nonahi dago. Gauzak astiro egiteko borrokatu behar dela uste dut, patxada hartu eta bizi.

G.L.: Agertu izan da komunikabide batzuetan belaunaldi berriko kidea zarela; ikastoletatik datorren labealditik sortutakoa, militantzia gutxiago eta hizkuntzarekiko harreman naturalagoa duen belaunaldi-kidea.

U.E.: Irakurri nuen artikulua. Hori euskaraz ez dakien batek esan zuen, hau da, balizko belaunaldi horretako kideren lanik irakurri ez duen batek. Euskara naturala da guretzat, baina aurreko belaunaldiarentzat ere izan zen. Nik uste dut kritikoek eta kazetari zenbaitek sasoiak markatu behar dituztela, taldeak sortu. Egia esan, zer zerikusi dut nik Ixiar Rozasekin? Bada, beharbada, badut. Baina, agian William Faulknerrekin Jasone Osororekin baino lotura gehiago dut. Zertarako sartu behar gaituzte zaku berean? Esaterako, Harkaitz Canorekin konparatuta, begiratzeko era berdina izan nezakeela pentsatzen dut; baina baita Kafkarekin ere. Zertarako egin behar dugu talde artifiziala? 50 urte barru unibertsitatean ikas dezaten? Horretarako bada, oso ondo. Neuk, baina, ez diot zentzu askorik ikusten.

G.L.: Van++t Hoffen ilea da kaleratu berri duzun bigarren eleberria, beldur eszenikorik bai?

U.E.: Ez. Gehiago diot errespetu faltari. Askotan kritikak oso modu arinean egiten dira. Idazle batek hilabete luze-luzeak ematen ditu lan batean murgilduta, aztertzen, sakontzen, ontzen; eta aste batean irakurtzen duen baten egunkariko zutabetxo batean izugarrizkoak bota ditzake. Errespetua eskatzen dut, besterik ez. Kritika egin behar bada, egin dezatela, baina ondo irakur dezatela, ondo aztertu, eta ostean gustatu ez bazaie, edo gustatu bazaie, esan. Beti ere, arrazoitutako kritikak.

Hainbat euskaltegitako irakaslea izan naiz

G.L.: Entzun dut baduzula kritikari-lanak egiten dizunik etxean...


U.E.: Sonia neskalagunak egiten du. Asko zor diot berari, lanean eta bizitzan. Hainbat euskaltegitako irakaslea izan naiz, eta horietako batean ezagutu nuen. Bera ikaslea zen. Oso begi ona du literaturarentzat eta zerbait ona dela esaten didanean asmatzen du. Eta zerbaitek kale egingo duela esaten badu, esperientziak erakutsi dit arrazoia izaten duela. Idazten dudan guzti-guztia irakurtzen dit, eta bere begiaz fida naiz.


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia