euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Urteroko elkarretaratzea egin dute Sunbillan bertako amerikanoek

02/05/2003

PUBLICIDAD

Urteroko bilkura eta egunpasa egin dute Maiatzaren 1ean Sunbillan, Estatu Batuetan lanean ibilitako herritarrek. Asko dira AEBetara joandako sunbildarrak, itzulitakoak ere mordoa...
[Amerikanoen anaiarteko bazkaria, Sunbillako Uli Beltzak elkartean (euskalkultura.com argazkia)]

Joseba Etxarri/Sunbilla. Urtero bezala, bilkura eta anaiarteko egunpasa egin dute maiatzaren lehenean Estatu Batuetan barrena lanean ibilitako sunbildarrek. "Urtero 25 eta 30 pertsona artean biltzen gara, guztiak Ipar Ameriketan artzain ibilitakoak, gure bizitzako zenbait urte han pasatutakoak izanik horrek doaike marka bat utzi baitu gure bizitzan", azaldu dio EUSKAL KULTURAri Jesus Mari Jorajuriak, bera ere Ameriketan ibilitako euskalduna eta elkarretaratze hauetako antolatzaileetako bat denak.

Sunbillako Ulibeltzak elkartean biltzen dira urtean behin, herrian bertan 'amerikanoen' bilkura deitzen duten hau ospatzeko. "Tradizio bihurtu da gure artean", dio Jesus Mari Jorajuriak. "Lehenengo urtean, Baigorriko apezarekin, Jean-Pierre Cachenaud-ekin, mintzatu ginen, harek ere urte mordoa eman baitzuen Ameriketan eta meza eta bazkaria antolatu genituen; hirurogeita bost bat bai bilduko ginela. Gero, urteak joan dira eta gaur egun hogeita bost-hogeita hamar artean juntatzen gara".

Estatu Batuetako basamortu eta mendietan gertatutako pasadizo eta istorioak barra-barra ibiltzen dira batzuen eta besteen ahotan Ameriketako Oestean eskarmentu frango hartutako gizaseme --gizonezkoak dira guztiak-- hauen artean. "Urte gutxien eman dituenak hiru eman ditu, eta hortik gora, lau, zazpi, hamar eta urte gehiago, Oeste osoan, gure artean badira-eta Kalifornia, Kolorado, Utah, Wyoming, Arizona eta beste zenbait estatuetan ibilitakoak", adierazten du Javier Agirrek. Bera da, izan ere, Ameriketara joan eta etorri zen azkenetako bat, 1981ean egin baitzuen harako bidaia, 21 urte zituela, 1984an etxeratzeko Arizonako lur idor eta eguzkitsuetan artzain aritu ondoren.

Etxetik kanpo ikasitako tradizioak ere gogoratzen dituzte Sunbillako elkarretaratze 'amerikanoan', hala nola Ameriketako euskal artzainen artean famatu bezain sano eta naturala den 'artzain ogia'ren tradizioa (sheepherder's bread), artzainek modu berezi eta jakinean eginiko ogia. Euskal Herri mendebaldean ilarrak deitzen direnak ere (indaba edo babarrunak deitzen dira beste euskalki batzuetan), Ameriketako otorduen tradizioan prestatzen dituzte Sunbillako egunpasa honetan. Bazkari eta bazkaloste ondotik, bildutakoak mendi aldera mugitzen dira, ogiz eta ardi-gaztaz hornitutako segida emateko goizean hasitakoari, beti ere adiskidetasunezko giro eta umorea lagun.


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia