euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Urtebete egin du, Asian euskal etxe ofizial bakarra den Shanghaikoak; bertako bi kide gure artean dira

09/01/2006

Orain urtebete sortu zen Shanghain Txinako euskal etxe hau. Sorrera egun ofizialean, urtarrilaren 22an, eginiko argazkia da honakoa
Orain urtebete sortu zen Shanghain Txinako euskal etxe hau. Sorrera egun ofizialean, urtarrilaren 22an, eginiko argazkia da honakoa

PUBLICIDAD

Urtebete egingo du urtarrilaren 22an Shanghain eta Txina osoan, gehienbat lana dela-eta, zeuden euskaldun batzuk bildu eta Shanghaiko Euskal Etxea sortu zutela. Gure buletin honek islatu bezala, Asiako Euskal Etxe horretako kide batzuk Euskal Herrian dira egunotan, eta eman berria diote Ibarretxe lehendakariari 'Urrezko Abakoa' izeneko saria. Asian bakarra den Euskal Etxe honi buruz gehiago jakin nahirik Gara egunkariak honako elkarrizketa luzatu zion orain egun batzuk Shanghain lau urte bizitzen daraman Ainhoa Ondarzabal tolosarrari, oporretan Euskal Herrian dela baliatuz.
Gero eta euskaldun gehiago, lana dela-eta, Euskal Herria utzi eta Txinara abiatzen dira. Horien artean, Ainhoa Ondarzabal eta Juan Ignacio Motiloa daude. «Bakartzeari» aurre egin eta euskal kultura bertan sustatu nahian, beste kide batzuekin batera euskal etxe bat jarri zuten martxan duela urtebete Shanghai erdian. Mementoz, gastronomiarekin zerikusia duten ekintzak nagusitzen dira bertan.

Ainhoa Ondarzabal tolosarrak lau urte darama Shanghain. Alemaniako enpresa batean lan egiteko utzi zuen Euskal Herria. Geroago Txinara lekutu zen, baina ez ditu Euskal Herriko ohitura eta harreman motak galdu nahi. Ez da bakarra. Horretaz jabeturik, han dauden euskaldunen gunea sortzea pentsatu zuten. «Gu elkar laguntzeko sortu genuen, Txinak oso kultura, bizi-baldintza eta hizkuntza ezberdinak baititu», adierazi du Ondarzabalek. Euskal Etxea, «bakartzetik ateratzeko» oso egokia izan dela uste du.

Horretaz gain, euskal kultura Txinan bertan zabaltzea du helburu. Juan Ignacio Motiloa gasteiztarrak, adibidez, Shanghai erdian dagoen Euskal Herriko zatitzat jotzen du Euskal Etxea. Hirugarren xede bat ere badu. «Enpresetan lan egitea horren zaila denez gero, elkarri informazioa pasatu eta sare bat antolatzea ere dugu xede», erantsi du Ondarzabalek.

Urtebete ospatu berri du Shanghaiko Euskal Etxeak. Bere sorrera, ordea, ez da horren erraza izan. Munduan zehar sakabanaturik dauden beste batzuekin alderatuta, Txinakoa erabat modu pribatuan finantzatzen dela nabarmendu du.

Legea gaurkotzea

Ondarzabalek azaldu duenez, arrazoi nagusiak honako hauek dira: euskal etxeen legeek erakunde juridiko gisa osatzea eskatzen dute, eta Txina herrialde komunista denez gero, elkartzeko eskubide hori ukatua du. «Ezin gara erakunde juridiko horren barruan sartu, eta horregatik, ez dugu inongo finantzaketarik jasotzen», esan du. Egoera okerrera joan ez dadin, kideek diru kopuru zehatz bat ematen dute hilero. Euskal etxe gisa sortzeko legeak «malgutu edota gaurkotu» daitezela eskatzen du tolosarrak, «diru-laguntzak eskuratu ahal izateko». Bestela, eraikin bateko lokala alokatzea oso garestia dela ziurtatu du, Txina merkea dela dirudien arren.

Ondarzabalek gogorarazi zuenez, Shanghaira heldu bezain laster euskaldunekin harremanetan jartzen hasi zen. Hasiera batean, lau pertsona baino ez ziren elkartzen bakoitzaren etxean egiten zituzten afarietan. Denbora aurrera joan ahala, ordea, gero eta gehiago biltzen joan ziren eta proiektua lantzen hasi.

Euskal Etxeak 32 kide dauzka gaur egun

Lehenik eta behin, gunea bilatzen hasi ziren bertan elkartzeko xedez. Erdigunean aurkitu zuten; frantsesen kontzesio ohiko eraikin batean, hain zuzen. Ondoren, 2004ko abenduan, zuzendaritza batzordea osatu eta estatutuak onartu zituzten. 20 bat lagunez osaturik zegoen garai horretan. Pertsona kopurua handituz joan da azkenengo hilabeteetan, eta egun, 32 kide partikularrek eta zazpi enpresak parte hartzen dute bertan.

Pertsonei dagokienez, Euskal Herriko hainbat tokitatik iritsitakoak dira, gehienak lana dela-eta. 25 eta 45 urte bitartean dituzte guztiek. Asia eta Txina erraldoiak direla-eta, herrialde osoan zehar sakabanatuta daudela nabarmendu du Motiloak.

Shanghain dozena bat baino ez da bizi. Pekin, Hong Kong eta beste lurralde eremuetakoak ere badaude. Hori kontutan hartuz, urtean behin soilik joaten dena ere bada. Kide kopuruak handitzen jarraituko duela dio Ondarzabalek, «euskaldunen komunitatea handia baita».

Hainbat ekintza izaten dira bertako euskal etxean. Igande oro, adibidez, poteoa egiten dute. Patata tortillak prestatzen dituzte joaten direnentzat. Gastronomiari lotuta ere bai, afari bat egiten dute hilabetero.

Gazta, maleta barruan

Euskal Herriko produktuak bertan eskuratzea ezinezkoa denez gero, etxera datozenean maletak urdaiazpiko edo gaztaz beterik itzultzen dira Shanghaira. «Horrelakorik ez da inoiz falta gurean», azaldu du tolosarrak. Haatik, bigarren aukera bat ere badute lehenengoa bertan behera geratzen baldin bada: Txinan erabiltzen dituzten produktuak baliatzea baina jatorrizko erara prestatu.

Behin-behineko ekimenek tokia daukate bertan. Duela gutxi, Txinako unibertsitate bateko ikasleak izan dira bertan Euskal Herriari buruzko xehetasunak ezagutzeko asmoz.

Shanghaiko biztanleen artean interesa piztu omen du Euskal Etxeak. Bertatik igarotzen direnak begira geratzen dira, eta behin baino gehiagotan sartu eta galdera sorta ederra egin dutela dio Ondarzabalek. Euskaldunen bertako lagunak ere han izan dira.

Denbora txikia daramate eta, beraz, oraindik ez dute aukerarik izan gainerako euskal etxeekin harremanetan jartzeko. Baina buruan dutela esanez agurtu da tolosarra.

(2006-01-05ean Gara-n argitara emana)


Lotura gehigarriak

Ibarretxe recibe reconocimiento de la Euskal Etxea de Shangai
2006-01-05ean euskalkultura.com-en argitara emana

Shanghaiko Euskal Etxea estrena logotipo
2005-11-17an euskalkultura.com-en argitara emana

Firma de acuerdo vasco-chino entre parques tecnológicos
2005-03-14an euskalkultura.com-en argitara emana

23 socios fundadores constituyen Shanghaiko Euskal Etxea
2005-01-24an euskalkultura.com-en argitara emana


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia