euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Urrutiko ispilua

12/08/2005

PUBLICIDAD

Washingtonen bizi den kazetari eta abokatua da Mark Bieter. Euskaraduna eta Boiseko Bieter familiako anaia gazteena den honek ez dauka gaur egun AEBetako hiriburuan euskal giroan ibiltzeko aukera handiegirik. Aurten, Boisen bost urtean behin egiten den Jaialdi izeneko euskal festa erraldoia dela-eta itzuli da, egun batzutarako, bere sorterrira, izan ere Boisetik ia 4.000 kilometrora baitago bizileku duen Washington hiriburua eta horrek ez dio bidaia hori maiz egitea errazten. Erabat murgildu da Jaialdiko giro euskaldunean. Artikuluan egunotako bizipenek ekarri dioten gogoeta eskaintzen digu, ingelesez idatzia eta Berriako lankideek euskaratua.
Mark Bieter, kazetari eta abokatua

Aspaldi, segur aski euskaldun orok jakingo duen ipuina kontatu zidan adineko euskaldun batek. Ume zela, aitonak erromatarrek eraikitako Euskal Herriko zubi batera eraman zuen. Zubia seinalatu, eta honela esan zion aitonak: «Erromatarrak joan dira, baina euskaldunak hemen daude, oraindik».

Iragan astean etorri zitzaidan ipuin hori gogora, nire herrira, Boisera (Idaho), joan nintzenean, Jaialdi ospatzera. Bost urtero egiten den nazioarteko euskal jaia da hori. Boise AEBetako mendebalde urruneko herria da, eta mendiak eta desertua ditu inguruan. Nire hegazkina hirira hurbilduz zihoan heinean, muino idorrak, artemisiaz estalitakoak, ikusten hasi nintzen, hainbat kilometrotan. Polita, baina Euskal Herriaren guztiz desberdina.

Harrigarria izan zen, beraz, iritsi eta kaleetan, eraikinetan eta udaletxeko mastan ikurrinak ikustea. Boiseko Basque Block («gune euskaldunean») sartu nintzen; hiriaren erdigunean dago, Idahoko Kapitoliotik hurbil, eta taberna, jatetxe eta ostatu euskaldunak ditu. Lauburu handi bat dago kalean grabatuta, baina ezin zitekeen ikusi, akordeoia, gitarra eta danbolina jotzen, dantzan, eta hainbat eta hainbat azenturekin euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez mintzatzen ziren milaka lagunek estaltzen baitzuten.

Arbaso euskaldunak zituzten Buenos Aires, Mexiko, Kanada, San Frantzisko, Caracas, New York, Sydney eta beste hainbat lekutako jendearekin egin nituen hurrengo lau egunak. Interesgarriak ziren guztiak, beren modura. Jaialdiko gauzarik onena, halere, Euskal Herritik joandako ehunka lagunak izan ziren. Ni bezalako estatubatuar batentzat, gauza bat da ikurrinak zintzilikatzea, euskal musika jotzea eta horri euskal jaia deitzea. Baina Euskal Herriko bisitariak dira jaialdia desberdina egiten dutenak.

Egun Euskal Herrian gertatzen denaren usaina hartzeko aukera ematen du, eta inspiratu egin ninduen ikusi nuenak.

Euskaldunek ez zuten onartu. Oñatiko haurtzaroko lagun bati Euskal Herrian gauzak nola dauden galdetu nionean, «beti bezala» erantzun zidan. Gauza bera entzun nien besteei ere, baina Euskal Herrian bizi ez banaiz ere, ez dut uste hori zuzena denik. Balorazio zintzoa egiteko, hurbilegi daudenen itsutasuna da hori. Eta gauzak oso bestelakoak ziren garaia gogoratu nuen.

1975ean joan nintzen lehen aldiz Euskal Herrira; zazpi urte nituen. Aitak AEBetako ikasleentzako ikastaroa hasi zuen Oñatin, eta familia osoak han igaro genuen urtea. Francoren agintaldiaren amaiera zen, garai zaila euskaldunentzat. Guardia Zibilaren kuartela gure etxetik hurbil zegoen, eta lau aldiz igarotzen nintzen handik, egunero, etxetik ikastolarako eta ikastolatik etxerako bidean. Kanpoan egoten ziren guardia zibilak, beren metrailadore eta kapa handiekin.

Udazken hartan ia egunero egin zuen euria itxuraz, eta euri tantak beren hiru adarrekoetatik erortzen ziren lurrera. Haien aurpegiek egunero izutzen ninduten. Ez zegoen euskal telebista edo egunkaririk, eta errepideetako seinale guztiak gaztelania hutsean zeuden.

Zabaldu berria zen Oñatiko ikastola, eta ikaskideekin batera igo nituen ikasgela huts eta sinplerako eskailerak. Gaztelaniaz ongi genekiela egiten genuen hezkuntza buruek bisita egiten zigutenean. Eraikineko hormak hautsez eta kez estalita zeuden, eta ibaiak zikin. Plastikozko poltsak zuhaitzetan zintzilik, eta ura olioz beteta eta txokolatea bezain ilun.

Atxiloketak eta torturak, eta poliziak manifestarien aurka botatzen zituzten gomazko balak ulertzen saiatu nintzen. Gazteegia nintzen lur jota egoteko. Balak aurkitu eta pilotan aritzen ginen haiekin. Geroago jabetu nintzen Euskal Herria egun arrakastatsu izatea ekarri zuten sakrifizioez.

Egun, euskara entzuten dut kaleetan eta telebistan, hara joaten naizenean. Oñatik ikastola handi eta ederra du, eta ibaiak garbi daude berriz ere. Euskaldunek euren kultura gorde eta garatu dute, eta munduko beste edozein lekutakoak bezain sendoak diren ekonomia eta bizimodua eraiki dituzte. Erraza da Euskal Herritik kanpo bizi garenontzat zuen lorpenak ikustea.

Batzuetan, zuek ere saiatu beharko zenukete lorpen horiek gogoratzen. Jaialdi bezalako ekintzak zuentzat ispilu izatea espero dut. Txikia eta urruna da ispilua agian, baina asko ikus dezakezue bertan: Mexikoko, AEBetako, Argentinako, Kanadako, Australiako eta Europako euskaldunak elkarrekin gozatzen.

Urtebeteko alaba bat dut. Jaialditik itzuli nintzenean, egunen batean hura erromatarren zubira eraman ahal izateko aukeraz jabetzea izan zen sorpresarik handiena.

(2005ko abuztuaren 8an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia