euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Teknologia berriek Ipar Euskal Herria batuko dute; ANTIC erakundearen eskutik, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako dokumentuak eta informazioa euskarri digitalean (Garan)

04/10/2005

PUBLICIDAD

[Horixe da «Constuire ensemble un Pays Basque Numérique» leloa duen egitasmoaren helburuetako bat. Zerbitzu hori eskaintzeko web orrialde bat zabaldu dute dagoeneko: www.paysbasquenumerique.net]

Baiona. Ipar Euskal Herriko hiru herrialdeak batuko lituzketen erakunde propioen aldarrikapena puri-purian dagoen garai honetan, politikariek oraindik gauzatu ez dutena teknologia berriek erdietsiko dute laster. Hain zuzen ere, Komunikaziorako eta Informaziorako Teknologia Berrien Agentziak (ANTIC) Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkartuko dituen proiektu digital bat jarri du abian.

Egitasmo horren arabera, hiru herrialdeetako dokumentuak eta informazioa aukeran izanen dira euskarri digitalean. Mementoz, proiektua bideratzeko asmotan, web orrialde bat jarri dute sarean (www.paysbasquenumerique.net) eta egitasmoa azaltzen duen dokumentua ere argitaratu dute, «Constuire ensemble un Pays Basque Numérique» izenburuarekin. Webguneari dagokionez, frantsesez idatzita dagoen arren, hemendik gutxira euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz ere egonen dela aurreratu dute.

Ideia horretan murgildurik dauden eragileak joan den urtetik dabiltza lanean, eta 2004. urteko maiatzean egindako jardunaldi batzuetan sortutako gogoeta bati erantzuten ari dira. ANTIC erakundeko presidente Jean-Baptiste Mortalenak proiektua zein testuingurutan sortu den azaldu zuen. «Gabezia digitalak gero eta gutxiago dira. Xiberta eta Maule artean zerbitzu digital bera dago, eta epe motzean eskualdeko ehuneko ehuna euskarri horretaz baliatuko da», adierazi zuen. Hortaz, oraingoa egitasmoa aurrera eramateko une egokiena dela berretsi zuen.

ANTICeko zuzendari Manuel de Larak, berriz, Ipar Euskal Herria zerbitzu digitalaren arloan buruan dela nabarmendu zuen: «Zenbait lekutatik guk egindako lanari buruzko informazioa bidaltzeko eskatu digute, haiek beren etxean guk egindakoa aplikatu nahi dutelako».


LEHEN BILKURA BIHAR IZANGO DA BIDARTEN

Baiona. Bihar, Bidarten dagoen Izarbel teknologiaguneko Maison du Parc eraikinean, egitasmo horren inguruko lehen bilkura publikoa egingo dute. Proiektuan parte hartu nahi duten eragile guztiak gonbidatuta daude hitzordura. Bertan, Gidaritza Batzorde bat eratuko dute «Pays Basque numérique» izeneko markaren erabilera zehazteko.

Garazi, aitzindari

ANTICek, ideia horren bultzatzaile den erakundeak, hautetsi, enpresaburu eta bizitza publikoko hainbat eragile biltzen ditu. Proiektuak aukera anitz eskainiko ditu etorkizunean. Adibide modura, administrazioan aurki daitezkeen dokumentuak euskarri digitalean aurkitu ahal izango dira aurrerantzean. Donibane Garazin lanean daude dagoeneko. «Herriak bere katastro gaurkotua Internet sarean sartuko du laster. Horrela, erabiltzaileek dokumentu horren bertsio digitala kontsultatu ahal izango dute, eta bilaketak egiteko orduan euskarri horrek eskaintzen duen azkartasunaz baliatuko dira», aurreratu zuen Nafarroa Behereko hiriburuko lehen hautetsi Pierre Jouanthok.

(2005-10-04ean Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia