euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Segurtasun neurriak medio 1994tik itxita zegoen Biarritzeko Sinagoga eraberritzeko lanak abiatu dituzte (Gara-n)

26/01/2005

PUBLICIDAD

Biarritz, Lapurdi. Aspalditik itxia zegoen sinagoga eraberritzen hasi dira duela gutxi. Inguruetako juduek orain 100 urte eraiki zuten sinagoga Saint Charles auzoan, baina, beharrezko segurtasun neurriak betetzen ez zituela-eta, 1994an itxi behar izan zuten.

Mendeurrenarekin batera, iaz irekitzeko asmoa zuten hasiera batean, baina, hamaika arazo dela-eta, ezin izan dituzte lanak orain arte hasi. Hain zuzen, iazko apirilean hautatu zuten Baionako juduen erkidegoaren lehendakariak hartu du lanari ekiteko erabakia.

«Hiriko ondarea»

Jean-Michel Soulemek adierazi du: «Obren kostuari aurre egiteko oraindik diru aski osatu ez badute ere, lanak hastea deliberatu dugu. Aldi berean, diru-ekarpenak jasotzeko kanpaina abiatu dugu, bai gure eskualdean, bai Estatuan eta baita nazioartean ere». Soulemen esanetan, banakakoen diru ekarpenez gainera, laguntza publikoak lortzeko itxaropena dute. «Eraikina hiriko erlijiozko ondarearen parte denez», Akitaniako Kontseiluak, Kontseilu Nagusiak eta Biarrizko Udalak laguntza agindua diete. Horrez gainera, Soulem ziur da diru-premiei aurre egiteko moduan izango direla, «kanpoko mezenas baten laguntzari esker».

Obrak bi fasetan egingo dituzte. Lehenik eta behin, fatxada eta teilatua eraberrituko dituzte eta bigarren fasean, eraikinaren barnea konponduko dute. Udaberrirako amaituta egotea espero dute inguruetako juduek elizkizunak han egiteko aukera izan dezaten. Obrak, guztira, 400.000 euro kostatuko dira.

Batez ere errusiar judu bi familiak ­Poliakov eta Brodsky­ eman diru-laguntzari esker eraiki zuten Pellot karrikan dagoen sinagoga. Emile eta Jules Pereyrek eman zuten horretarako behar zuten lurzorua. 1895ean egin zioten eskaera Udalari, eta 1904an ireki zituen ateak.

Sinagoga berriro irekitzeak turista dirudunak erakarriko dituela uste dute, elizkizunak egiteko leku aproposik ez izateagatik asko ez baitira Biarritzera etortzen.

(2005-01-26an Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia