euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Sao Tome eta Euskal Herria elkartu dituen musika-abentura; «Biharko» deitzen da 2003an hasi egitasmoaren testigantza ematen duen diskoa (Gara-n)

20/02/2006

PUBLICIDAD

Baiona, Lapurdi. Lagunarte konpainiako eta Sao Tome eta Principe irlako musikariak hiru aldiz elkartu dira azken urteetan, euskal kulturaren eta Ekuatore Afrikako tradiziozko musikaren arteko trukaketa egiteko. Abenturaren eta irlaren errealitatea ezagutzeko, DVD bat ere bada, diskoarekin batera.

Bidaia batetik inoiz ez gara berdin bueltatzen; trukaketak norberaren indarra handitzen du» azaldu zuen Paxkal Indok. Egitasmoaren laguntzaile eta Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etchegoinek Indo «proiektuaren bihotza» zela adierazi zuen. Kristof Hiriart eta Indo bera euskal musika tradizionalean murgilduta bizi diren bi musikari dira. Berekin, egitasmoari jazz ukitua emateko, Sebastien Boisseau eta Olivier Themines ere joan ziren Sao Tome eta Principera. Hemengo musikariak irlara 2003an joan ziren lehen aldiz, eta 2005ean itzuli ziren bertara, diskoa grabatzera. Bitartean, 2004an, saotometarrak gurera etorri ziren, eta hiru kontzertu eman zituzten.

Gineako golkoko estatu-irla txikia da Sao Tome; eta, Euskal Herrian bezala, kezka handia da, egungo globalizazioa dela-eta, bertako ahozko kultura aberatsaren galtzea. Modernizazioa eta tradizioaren artean dagoen espazio kulturala berreskuratzea izan da, besteren artean, egitasmoaren xedea: «Atzoko eta geroko musikariak, ez sekula motz gure arteko hariak... Kantu berriak sortuz, iduri xoriak, gorets ditzagun amaren ile xuriak». Hitz horiek parte hartu duten musikarienak dira, eta irlako gazteei bereziki egindako dei moduan har daitezke.

Kultura galtzea kezka handia da saotometar zaharrentzat. Gazteek mendebaldeko musika nahi dute entzun eta egin, dirua ematen duena; eta ez dute beren herriko tradizioarekin jarraitzeko inongo interesik.

Sao Tomeko egoeraren adibide tristea da aho arkuarena. Akassio Tomaz Barbosa Neto da irlan gaur egun arkua jotzen dakien bakarra; eta, DVDan argi azaltzen duen bezala, bera hilko delarik, aho arkuaren bizitza bukatua izanen da. Bere semeak ez du jotzen ikasi nahi, hori zaharren kontua dela uste duelako, eta lotsagarria dela instrumentu hori gazte batek jotzea. Irlako zaharrek aditzera ematen dute gaur egungo gazteak diruagatik bakarrik jotzeko prest direla.

Hala ere, aho arkuarentzat itxaropen txiki bat bada: saotometarrek Paxkal Indori esan ziotenez, Akassiok semeari arku bat egin zion, eta, azken aldian, gazteak instrumentua bizpahiru aldiz hartu du. «Biharko»k izan duen ustekabeko ondorioa izan daitekeela pentsa daiteke, kanpotar gazteek aitak jotzen duen instrumentuarekiko horrelako interesa erakusteak iritzia aldatzera eraman zezakeelako semea. Baina Indok arrazoi pragmatikoago bat aipatu zuen. «Biharko» egitasmoa gauzatu zenetik, turismoak irlan gora egin du. Horren ondorioz esan omen zion Akassiok semeari turistentzat interesgarria izan daitekeela bi belaunaldiak elkarrekin instrumentu berezi hori jotzen ikustea, eta horrekin dirua irabaz dezaketela.

Arrazoiei begiratu gabe, beharbada goxo eta miresgarria den aho arkuaren bizia luzatzea lortu dute, oraingoz. Euskal Herriko kulturak ere horrelako egoerak bizi izan ditu, eta aurre egitea lortu izan du; horren adibide da txalaparta. Milaka urte dituen instrumentuaren ezagutza Sao Tomera eraman zuten Lagunarteko kideek, eta Afrikako irlan zer esana eman zuen.

Txalaparta bat osatzeko egurren erostera joan ziren musikariak; nora, eta irlako instrumentu egile bakarrarengana. Hizkuntzari loturiko zailtasunak gainditu eta gero, batere landu gabeko egur horiekin instrumentu bat egingo zutela esatean, saltzaileak barre egin zuen.

Beranduago, ordea, kontzertuan txalaparta nola jotzen zuten ikustean, barreak eta txaloak eman zizkien Indo eta Hiriarti. Interesa piztuta, musikari afrikarrak egur hutsezko instrumentu euskalduna jotzen saiatu ziren.

Bi aldeetara eginiko trukaketa izanik, Europako musikariek ere irlako perkusio instrumentuak jo zituzten, han izan ziren bi aldietan.

Konpartitzea eta kultura eta bizi kontzepzioa trukatzea izan dira egitasmoa aurrera eraman dutenak. Salgai dauden diskoak eta DVDak elkartrukatzearen abentura kontatzen dute. Trukaketan beti hartzen da zerbait, eta «Biharkok» Euskal Herriraino ekarria izan dena erakusten du. Izan ere, musikak irlako gizartean duen espazio izugarriak harrituta utzi zuen Indo musikaria; esaterako, kalean eta etxeetan eguneroko lanetan ibiltzen diren emakumeak kantuan entzuteak, edo irlak dituen paradoxek: biztanleriaren gehiengoak 25 urte baino gutxiago ditu, eta gizarte gazteak bere kultura hiltzen uzten du. Kultura txikituak etorkizun globalizatuari aurre egiten saiatzen diren garai honetan, euskarri horien bitartez, entzule eta ikus-entzuleei zer gozatu eta zer ikasi eskaintzen die, gaurko, eta «Biharko».


BIZIPENAK ZUZENEAN ENTZUTEKO AUKERA

Baiona, Lapurdi. Martxoaren 10ean, Baigorrin, Bixentenia gelan, «Biharko» gaualdi berezia antolatu dute Euskal Kultur Erakundeak eta bidaia egin duten musikari euskaldunek, Paxkal Indo eta Kristof Hiriartek, alegia. Sarrera 15 euroan izango da, txartela, diskoa eta DVDa barne. Etxean gozatzeko aukera izateaz gain, gauean berean filma emango dute, musikarien bizipen eta azalpenekin; eta, ondoren, debate bat sortuko dute. Gaualdi hori Kanbon ere antolatuko dute.

(2006-02-20an Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia