euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

'Otehitzari biraka'

27/01/2005

Mireia Gabilondo, 'Otehitzari biraka'ren berri ematen duen afixa atzean duela (orrialdeko argazki sorta: euskalkultura.com)
Mireia Gabilondo, 'Otehitzari biraka'ren berri ematen duen afixa atzean duela (orrialdeko argazki sorta: euskalkultura.com)

PUBLICIDAD

Mireia Gabilondo jaio zenerako (Bergara, 1964) Jorge Oteizak argitaratuta zeukan 'Quousque Tandem' (1963). Berrogei urteren buruan Gabilondok heldu die obra hari eta eskultorearen gainerakoei eta sortu du 'Otehitzari biraka' ikuskizuna, non artistaren poetikotasuna dantzaren bidez mamitzen den. Oteizaren Eskolako kimu berria genuke, eskultorearen bilobena zatekeen belaunaldikoen eskutik, hark aldarrikatzen zuen transmisioaren fruitu ezinbestean oteizarra.
“Zerbait oteizianoa egin nahi nuke. Bere usaina edo bere arima daukan zerbait egin nahi nuke”. Horrela eman zigun primizia Mireia Gabilondok iazko ekainaren erdialdera. Oteizaren idatzietan murgilduta zebilen, txundituta erabat, eta argi zeukan poesiatik helduko ziola, “beste Oteiza bat, edo Oteiza bat gehiago” plazaratzeko. Altzuzako Museora joateko gonbitea: “Ez dago obra asko, baina arkitektura eta giro osoa...”. Oteizartuta zegoen zeharo.

Ordurako Jon Maya, Kukai taldeko koreografo eta dantzariarekin lanean hasia zen. Elkarrekin egindako “1937, gogoaren bidezidorretatik” ikuskizunarekin Donostia Antzerki Saria jaso berri zuten --2004ko martxoan-- eta sariaren diru kopurutik zati bat obra berri bat sortzeko zenez, proiektuak bazuen oinarrizko laguntza ere.

Mireia Gabilondo nondik abiatzen den eta nori zer zor dion aitortzen duen horietakoa da. “1937, gogoaren bidezidorretatik Juan Mari Beltranen Arditurri diskotik sortu zen. Harekin zerbait egin nahi nuen, ez nenkien zer. Dantza erabiliko genuela erabaki eta horrela ezagutu nuen Kukai taldea. Eta gero etorri zen gaia, gerrako umeena”. [Argazkian, Mireia, estreinu aurreko entsaioan]

Aipu baten txinparta

Oraingoan, aldiz, kontrakoa izan da prozesua. Lehendabizi gaia erabaki zuen, hain zuzen ere Joxerra Gartziaren aipu hauxe irakurrita: “Globalizazio hitza artean asmatzeko zegoela, inork baino lehenago aldarrikatu zuen Oteizak, geurea onartzea, geurean sakontzea”. Oteiza Kukaikoen dantzaren bitartez ikusten zuen. Musika, oraingoan, sortu egin behar. Bingen Mendizabali deitu zion Gabilondok, besteak beste zinemarako soinu bandak egiten eskarmentua duen konpositoreari. Rafa Rueda eta Mikel Urdangarinekin lan egin du hark, hiruen artean osatuz jatorrizko musika.

Ikuskizunean, Oteizaren itzala ezezik, presentzia ere oso indartsua da, eta hori han hemenka bilatu eta aukeratutako grabazioen bidez lortu du Gabilondok. Badaude elkarrizketa zatiak –-bakarrizketak, hobe esan-- eta baita irudi huts esanguratsuak ere, Oteizaren aldarteen erakusgarri; dena zuri-beltzera itzulita. “Hasieratik gogoa neukan bere irudia erabiltzeko. Eta dena batuta, hauxe atera da”.

['Otehitzarekin biraka'ren estreinaldia, Donostiako Antzoki Zaharrean]

Premièreak ezinbesteko duen urduritasun plusarekin botatzen du aurrekoa, baina tenplea galdu gabe. Azken ukitu eta orrazketak falta direla, baina estreinaldirako artean bi aste falta zirenez, dena puntuan jartzeko astia izango zuten itxaropenean.

Lehen pase pribatu horretako ikusleetako bat Jose Angel Irigaray zen. Mireiak, gonbitearekin, aitortzen zion artistari buruz eman dion lekukotasun hurbila. “Egia esan, laguntza osoa izan dut, asko eta askorengandik”. Kolaboratzaileen sorta begiratzea besterik ez dago: esaterako, Nestor Basterretxea, Mikel Laboa, Xabier Lete, Pello Zabala eta Irigaray bera poemak errezitatzen, gehienak Oteizarenak.

Nahigabe bat

Hain zuzen ere Oteizaren poema batekin hasten da ikuskizuna, Laboaren ahotsean. Horri laguntzeko, Iñaki Salvadorrek pianoan jota, “Negu hurbila” kantak Laboaren bertsioan duen sarrera bera. Mireia Gabilondoren fetitxeetako bat. Soinu horren gainean dantzatzen du Jon Mayak lehen aurreskua, Oteizaren sasoi betea adierazten duena. Gero etorriko dira beste bi aurreskuak, Itziar emaztea hil zitzaionekoa eta azken urteetakoa, bufanda gorria ezaugarri duen gizonarena. Izan ere, hiru aurresku horien bitartez bereizten dira Oteizaren bizitzako hiru aldi. [Argazkian, aurreko ikuskizuna, '1937...', Montevideoko El Galpón antzokian joan den azaroan eskainitako emanaldian]

Koreografiak, beti ere, Gipuzkoako dantza zaharrak ditu oinarri, baina keinuak eginez hara eta hona. Tango baten zantzua hemen, eskalapoi-dantza han, Ez Dok Amairuren “Gizona, lana, makina”ra garamatzan mutil-dantza… Kaxarranka antzeko batean dantzariak txapela behin eta berriz jantzi eta eranzten du, modu ezberdinetara ezarriz buruan. Zergatik? Mireiak ziplo erantzuna: “Quousque tandem-en hitz egiten du ba horri buruz nahikoa!”. Entzun eta gero, ebidentea. Dantzariek Oteizak behiala botatako erronkari erantzuten diote: arimarekin dantza egiteari.

Eszenografia Fernando Bernues lagunari eskatu dio Gabilondok. Klarionekin osatutako horma dago barrenean, beste elementu guztientzako oihal gisa; arbela, tarteka. Soiltasuna nagusi, dantzarien jantzietan bezalaxe: zuritik beltzerako gama eta maoizko oihalaren urdina, langile edo arrantzaleenak izan zitezkeen elastiko eta alkandorak nagusi. Sobrietate ikaragarria, hitzari, soinuari eta argi-itzaletan mugitzen diren gorputzen dantzari azpimarra jartzeko. Oteizaren kutsuko zerbait egin nahi zuen Mireia Gabilondok eta hala atera zaio. Nahigabe batekin geratu da: “Oteiza ez ezagutu izana. Pena ikaragarria daukat. Haren lagunei kontuak entzun eta enbidia izugarria ematen didate”. [Argazkian, Montevideoko emanaldiko beste momentu bat]

Ameriketako diasporan

Gurean oinarritutako unibertsaltasunari aldarri eginez heldu zion Gabilondok Oteizaren figurari, eta horrek lagunduko dio, ziur, ikuskizuna Euskal Herritik kanpora hedatzen. “1937, gogoaren bidezidorretatik” obrarekin bi jira egin dituzte Ameriketara. Azkenekoan, iragan azaro-abenduan, Ameriketako Estatu Batuetako bost hiri –-lau estatu-- pasatu dituzte: Rock Springs (Wyoming), Reno (Nevada), Chino eta San Frantzisko (Kalifornia) eta Seattle (Washington). Aurreko urtean, 2003ko urria-azaroan, Txile (Santiago), Uruguai (Montevideo) eta Argentina (Villa María) bisitatu zituzten. Euskal Etxeen bidez osatu zuten zirkuitua eta euskal diaspora izan dute anfitrioi, modu batera edo bestera, eta hartzaile. “Eta, badakizu, diasporaren kontua, jendea oso erraz sartzen zen ikuskizunean. Adibidez, norbaitek esan zigun bera zela irudietan azaltzen zen ume haietako bat… Santiagon, antzoki handi bat gainezka, jendeak gehiago nahi zuela, erabat hunkituta…”. Anekdotatik haratago doa, ordea, lotura. “Azken batean gerra unibertsala den neurrian, ume horiek berdin izan zitezkeen hemengoak edo beste nonbaitekoak. Mundu guztiko umeak berdinak dira gerra batean sartuta baldin badaude”.

[Ikusle eta entzesleak elkarri esku-zartaka, Montevideoko emanaldian]

Hori dioenak aitortzen du txikitan izugarrizko beldurra ziola “Gerrari, maiuskulaz idazten den Gerra horri. Eta azkenean maiuskulazko Gerra hori 1936koa da gure artean”. Beldurretik baino gehiago samurtasunetik heldu zion, ordea, gerrako umeen historiari Mireiak. “Sentipenetatik egina” zegoen “1937…”.

“Otehitzari biraka” neurtuagoa da sentipenen aldetik, izenburuak adierazten duen bezala hitza du ardatz, eta hor Oteizaren kamara aurreko esanek –-boutade eta guzti-- irrifarrera daramate tarteka ikuslea, Gabilondok erakusten duen konplizitatezko irrifarrera. “Zenbat disfrutatu dudan Oteizari irakurtzen!”. Oteizazaletuta bizi izan dute sormen prozesuan dantzari eta musikariek ere, eta badirudi entusiasmo hori zabaltzeko gai izango direla jendartean, baita artista sasoia joan eta gero bakarrik ezagutu zuten haiengan ere.


...ETA AHAZTU GABE

-- AURPEGIA. Mireia Gabilondoren aurpegia ETB-1eko telesailetan egin da ezaguna. “Martin”eko Maria da, irrati esataria; “Hertzainak”eko Sara izan zen, ikerketa burua eta aurretik “Jaun eta Jabe”ko lehendakariaren alaba, Jone

-- PERTSONAIAK. Beti nortasun handiko pertsonaiak jokatzen ditu, baina berak ere ez daki edo pertsonaiak diren halakoak edo berak ematen ote dien ukitua

-- TXIKITATIK. Txikitatik antzerkiko aktore gisa ikusten zuen bere burua. Antzertin ikasketak egin eta eman zuen profesionalizaziorako urratsa

-- GIDOIGILE/ZUZENDARI. Aktoretza utzi gabe, gidoigintzan eta zuzendaritzan ibili ohi da, ardura osoz nahiz alboko gisa. Adibidez “Florido Pensil” antzeslan arrakastatsuan Fernando Bernuesekin

-- TANTTAKA. Tanttaka antzerki ekoizpen etxeko kide da, eta horren babesean ekoitzi ditu “1937, gogoaren bidezidorretatik” eta “Otehitzari biraka”

-- KUKAI. Kukaiko dantzariak, Jon Mayaz gain, Vanesa Castaño, Eneko Gil, Ibon Huarte, Alain Maya, Urko Mitxelena eta Nerea Vesga dira

-- ESTREINALDIA. “Otehitzari biraka”ren estreinaldia, urtarrilaren 27an, Donostiako Antzoki Zaharrean


Lotura gehigarriak

Kukai dantza taldearen webgunea
www.kukai.info

Tanttaka teatroa
Aurkezpena, obrak eta sariak

Elkarrizketa Jorge Oteizari
JM Velez de Mendizabalek Euskonews-en argitara emana

“1937, gogoaren bidezidorretatik”
Antzezlanaren fitxa Euskaraz.net-en

“1937...”ren emanaldiak Kalifornian
San Frantziskoko Euskal Etxearen webgunean

Juan Mari Beltran
Datozen kontzertuak eta biografia


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia