euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Ongi etorri 'Asteon' (eta 'Xirika'). Txema Ramirez de la Piscina irakasleak Euskal Herrian euskara hutsean sortu diren bi emaitza berriren jaiotza agurtzen du, Asteon telebista-astekaria eta Xirika, gazteek gazteentzat eginikoa (Gara egunkarian)

09/02/2004

PUBLICIDAD

Txema Ramirez de la Piscina - Kazetaritza irakaslea EHUn

Otsailaren 27a data aipagarria izango da euskarazko kazetaritzaren historian: 'Asteon' astekariaren lehen zenbakia kaleratuko da. Ordutik aurrera ostiralero jasoko dugu astekari hori doan etxeko postontzian. Telebistaren alorrari begira euskal hiztunok izango dugun lehen aldizkari espezializatua da.

Sinbolikoki bada ere, 'Asteon'ek muga dezente hautsiko ditu. Alde batetik, euskarazko produktu batek inoiz izan duen hedapen eta zabalkunderik handiena izango du: 75.000 aleko tirada hasieran (urte amaieran 100.000ra iristeko itxaropenez). Bestetik, mugaz bi aldeetako telebista-kateen programazioa ­herri-telebistak barne­ landuko du.

'Asteon' elkarlanaren emaitza da. Enpresa argitaratzailea Herri Komunikabideak Kooperatiba Elkartea da. Berton bazkide nagusiak dira Topagunea ­Euskara Elkarteen Federazioa­ eta beste sei herri aldizkari. Fisikoki 'Asteon'eko erredakzioa Abadiñon izango da, Topaguneak duen egoitzan. Jasone Mendizabal zuzendari kudeatzaile eta Jasone Osoro erredaktore-buruaren gidaritzapean lantalde zabal bat arituko da aldizkaria egiten. Hamar pertsona guztira, kazetari, maketagile, zuzentzaile eta publizita- te-saltzaileen artean.

Guztira 48 orri kolorez izango dira hiru ardatz nagusitan banatuta: Magazina (aurkezle, aktore eta bestelako protagonistei eskainita); Iritzia (zinema, telesail eta bestelako generoei buruzko hainbat kolaboratzaileren artikuluekin) eta Parrilla (programazioa egunez egun).

Astekari horren bitartez, iragarleek kontsumo gaitasun handiko eta oraindik esplotatu gabeko merkatu berri batean murgiltzeko aukera izango dute. Publizitatea bera izango da diru iturri nagusia (%50-55 erdiestea aurreikusten dute). Gainerakoa diru laguntza publikoen bidez jasotzeko itxaropena dute.

Zabalkundeari dagokionean, pare bat hitz: bazter batzuetan tokiko astekariarekin batera zabalduko da eta beste eskualde batzuetan banaketa sare propioaren bidez.

Euskarazko kazetaritza zorioneko dago, epe labur batean pare bat produktu berri kalean izan(go) dituelako: aipatzen ari garen 'Asteon' egitasmoaz gainera, plazaratu berri baita 'Xirika', gazteen kazeta. Zorterik onena biei.

Joera berriak. 'Asteon' eta 'Xirika' bezalako egitasmoak ez dira txiripaz sortu. Herritarrak gero eta zorrotzagoak bihurtu gara, gero eta produktu espezializatuagoak nahi ditugu. Astialdiaren kultura zabaltzearekin batera, biderkatu dira sektore edota esparru zehatz batzuei begira plazaratzen diren egitasmoak. Batzuek asmatuko dute; beste askok ez, seguru asko.

Inor gutxik publikoki aitortu nahi ez badu ere, gaur egun prentsa idatzia krisian dago: Europako Batasuneko kazeten hedapenak sei milioi aletan egin du behera azken zazpi urteotan. Urtealdi berean Europan 25 kazeta desagertu dira (arrazoi ekonomikoak tarteko). 'The New York Times' AEBetako biblia omen den horrek 45.000 irakurle galdu ditu hiri horretan azken bost urteotan. Aspaldidanik ez bezala, prentsaren hiru zutabe nagusi diren hedapena, publizitatea eta iragarki ttipiak kolokan daude. Aldi berean, gainera.
<
Zer gertatzen ari da? Adituek hiru faktore aipatu dituzte: eskaintzaren hazkundea (kioskoetan titulu berri ugari ditugu astero, batik bat espezializatuak), interneten konkurrentzia (dagoeneko Europako kontsumo mediatikoaren %10 sarearen bidez egiten da) eta doako prentsaren gorakada. Datu soil bat plazaratzearren: EGM erakundeak emandako azken datuen arabera, Espainiako Estatuan hirugarren eta laugarren kazetarik irakurrienak doan banatzen diren '20 minutos' eta 'Metro' izenekoak dira (1,4 eta 1,3 milioi irakurle, hurrenez hurren), 'El Mundo', 'As' eta 'Abc' egunkarien gainetik.

Alde horretatik, 'Asteon' bezalako astekariak txartel ugari ditu arrakasta lortzeko: inork orain arte landu ez duen birjina-eremua jorratuko du, produktu espezializatua da eta doan eskaintzen da. Orain, kudeaketa txukuna eta lan profesionala bermatu behar ditu.

Euskarazko kazetagintza asko hazten ari da. Duela hogeita hamar bat urte, frankismoaren amaieran, dozena erdi kazetari euskaldun baino ez ziren Euskal Herrian. Euskaraz jarduten zuten profesionalek aukera gutxi zeuzkaten: 'Zeruko Argia', 'Anaitasuna', 'Goiz Argi', Herri Irratiak eta ezer gutxi gehiago.

Gaur egun, ordea, euskarazko kazetaritza Euskal Herri osoan presentzia duen errealitatea da: 500 profesional inguru eta 250etik gora hedabide horren lekuko dira. Hori guztia 621.818 euskaldun dituen herri batean. Errealitate hori makina bat pertsona, elkarte, gizarte mugimendu eta erakunderen ahalegin eta elkarlanaren ondorioa izan da.


(artikulu hau 2004-02-09an eman du argitara Gara egunkariak)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia