euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Olatz Arrieta, EiTBko korrespontsala New Yorken: 'Kazetariek euren lana egiteko gero eta debeku gehiago dauzkate, agenda politiko eta ekonomikoak direla-eta'

21/04/2004

Olatz Arrieta New Yorkeko Christie's enkante-etxean, atzean AEBetako txanponik garestiena duela
Olatz Arrieta New Yorkeko Christie's enkante-etxean, atzean AEBetako txanponik garestiena duela

PUBLICIDAD

New Yorken bizi den Olatz Arrieta kazetari eta ETB-Euskadi Irratiko korrespontsalari egin elkarrizketa interesgarria bildu zuen apirileko bere lehenengo zenbakira bizkaiera hutsezko Bizkaie aldizkariak. Langile porrokatua eta kazetari bikaina da astigarragatarra. Lan erritmo bizi-bizia darama Etxeorratzen Hirian, albiste-iturri eta erdigune garrantzitsua den hiri batean aritzeaz gain, Euskal Herritik New Yorkera dagoen sei orduko denbora aldeari egin behar baitio aurre (EHko albistegi orduak betez, baina AEBetako ekitaldiak zintzo estaliz), lan bikoitza --telebistarako zein irratirako-- eginez, gainera. Bere bizimodu eta lekukotasun euskal & amerikarrez galdetu dio Saioa Torre Gereketak.
[Elkarrizketa, jatorriz argitaratu bezala ekarri dugu hona, bizkaieraz beraz. Gainerako euskalkietakoek erraz ulertzeko gisakoa dela pentsatu dugu, eta bere horretan utzi, guztion aberasgarri delakoan]

Saioa Torre Gereketa. Nazinoarteko informazinoak pisu berezia hartu dauan sasoian etxetik urrun kazetari legez behar egitea ez da gauza makala izango. Ganera, informazinoa zabaltzeaz arduratzen diran profesionalen kontra egon diran erasoak gogoan hartuta gatx egin behar da mikrofonoa eta kamarea hartuta albistea dagoan lekura bertara hurreratu eta berbetan hastea. Halan da be, kazetari askok erabagi dau etxetik urrun lan egitea, eta euron artean Olatz Arrieta, Euskal Telebistako kazetaria topau dogu. New York-en dabil korresponsal lanetan, eta gehienetan telebistan ikusten dogun arren, talde bereko irratietan be egiten dauz ekarpenak.

Denporan atzera egiten badogu seguruenik 2001eko irailaren 11ra ailegauko gara lehenengo lehenengo. Holan ba, kronologia apur bat egitekotan edo, egun haretatik hona informazinoak euki dauan tratamentuaren ganean eta oraintsu Madrilen pasautakoaren ganean be egingo dogu berba Olatz Arrietagaz, beste gai askoren artean.

Erredakzinoan egiten dan Kazetaritzea pasibotzat ikusten dabe askok. Zuk, berbarako, gure mugetatik kanpo urten eta albisteak lekutik bertatik kontetea erabagi zendun. Noiz eta zelan sortu zan New York-era korresponsal beharretan joateko proiektua?

Ez nintzan New Yorkera joan korresponsal izateko asmoagaz. ETB-n Iurretan lanean nengoala New Yorken nazinoarteko politikan masterra egitea erabagi neban eta hara joan nintzan 97an. Ikasten ari nintzala Euskadi Irratia eta Radio Euskadirako lan egin neban Estadu Batuetako korresponsal moduan. Ikasketak akabau eta gero lehengo Sobiet Batasunean egoerea politikoa artzertzen dauan erakunde batean lan egin neban. Hortik Internet enpresa batera joan nintzan kazetari moduan lanean, teknologia barriak eta Estadu Batuetako aktualidade poltikoa eta ekonomikoa jorratu nebazan. 2000. urtean hasi nintzan ETBrako korresponsal beharretan. Nazinoarteko informazinoa oso gustokoa izan dot beti eta New Yorkekoa nire bigarren korresponsalia dala esango neuke. Aurretik Moskun bi urte emon nebazan eta han nengoala Euskadi Irratiaren barriemoilea izan nintzan eta Euskaldunon Egunkariarako be kolaborazinoak egin nebazan.

Zelakoa da Olatz Arrietaren beharreko egun bat? Ze ordutan altzau, informazinoa topau eta batu, konexinoan zelan eta noiz...?

Albiste oso potolorik ez dagoanean, goizeko zazpiretan altzetan naz eta ordenagailu aurrean jaten dot armozua eguneko albisteak eta egun horretarako iragarrita dagozan gertaera eta prentsaurrekoak irakurriz. Gero egunkariak irakurten ditut, albisteak momentuan segiduten ditut telebistaz eta albiste agentzien bitartez. Albistea egiteko deia goizerdian jasoten dot eta hortik aurrera segundu bat be galdu barik ibilten naz, informazinoa batzen, idazten, ‘Statemen’ edo kamara-aurrekoa egiten eta albistea bialtzeko satelite gunera joaten. Trafikoa izugarria da New Yorken eta denboraz ibili behar da albistea satelitean denporaz bialtzeko. Satelitea bialtzen akabau eta gero, eguerdiko ordubiak bueltan bazkaldu eta erreportaiak edo hurrengo egunerako albisteak preparetan egoten naz bostak edo seirak arte. Gauean, hamaikak bueltan, ohera joan baino lehenago, Euskadi Irratirako hurrengo egunerako kronikea grabetan dot. Albiste handiak dagozanean, barriz, goizeko bostetan altzatzen naz, eguna oso luzea izaten da eta askotan ezin izaten naz hamabiak arte oheratu.

Beharraren faltarik ez daukazula argi dago, baina, zer egiten dozu egun edo tarte libreetan?

Tarte libreetan, aldizkariak eta egunkariak irakurten ditut eta albisteak hurretik segiduten ditut, asko gustetan jat aktualitatea eta. Liburuak irakurtea be oso gustoko dot, fikzinoa gehien bat, baina baita historia eta nazinoarteko politikea be. Ganera, oso zine-zalea naz eta askotan joaten naz zinera. New Yorkeko kaleetan be pasietan dot asteburuetan, eta senarragaz eta lagunekaz afaltzera joaten naz. Beste herrialde batzuk ezagutzea be gustetan jat baina oporrak daukadazanean etxera joaten nazenez, New Yorken nagoanetik ez naz Estadu Batuetatik kanpo egon.

New York uri handia dala dudarik ez dago, eta handietan handiena be badala esan geinke. Halan da be, jentea non, euskaldunak han. Bi Euskal Etxe dagoz bertan. Badekozu euretara joateko ohiturarik?

Bai. Brooklyn auzoan dagoan Euskal Etxean afariak, liburu-aurkezpenak eta holako ekitaldiak antolatzen dabezanean joaten naz. Ganera, ederto jaten da euskal sukaldari batek preparetan dauan jatekoa, afari bereziak dagozanean batez be. Euskal Etxean New Yorken urte asko daroezan euskaldunak dagoz eta baita hilabete gitxi batzuk pasetan etorri diranak be; beraz, giroa oso interesgarria da, kontu zaharrak eta barriak entzuten diralako. Euskeraz parra-parra hitz egiten gustora egoten naz. New Yorken urte askotan bizi diran euskaldun gehienak bizkaitarrak dira, beraz, bizkaerea entzuten dot gehien.

Diasporan euskaldun asko bizi da. Badaukazu hartu-emonik zure legez etxetik kanpo bizi diranakaz?

Idahon eta San Frantzisko aldean New Yorken baino euskaldun gehiago dago. Lanera joaten nazanean ikusten ditut han bizi diran euskal-amerikarrak eta batzuekaz posta elektroniko bidez kontaktuan egoten naz. New Yorkeko euskaldunak, barriz, Euskal Etxera joaten nazanean ikusten ditut. Egia esan, hemen bizi diran euskaldun eta euskal jatorriko batzuek lan asko egiten dabe euskal kulturea mantendu eta zabaltzeko.

Ameriketako kulturea, gureagaz konparauta, desbardina da. Jateko ohiturez ganera, badagoz beste hainbat alde be. Zertara kostau jatzun gehien ohitzea?

Estadubatuarrak oso indibidualistak dira, euren familietatik urrun bizi dira alde batetik bestera asko mobiduten diralako eta lagunakaz daukiezan hartu-emonak ez dira Europako moduko sakonak. Hau guztia kontuan hartuta, asko kostau jat hemengo hartu-emon “hotzetara” ohitzea. Hemen ez dago horko jentearen hurrekotasuna eta berotasuna. Persona bat ikutzea, edo mosu bi emotea ez da oso normala hemen. Ganerako kontuetan, baina, oso ondo moldatzen naz, ia zazpi urte pasau dira hona etorri nintzanetik eta. New Yorkeko biztanleen % 40 Estadu Batuetatik kanpo jaiotakoak dira eta hemen atzerritarra izatea oso normala da. New Yorken mundu osoko eta kultura askotako jentea ikusten da eta ni ez naz sekula kanpokoa sentidu. New York uri berezia da eta oso desbardina Estadu Batuetako beste leku batzukaz konparauta.

Teknologia barrien sasoian etxekoakaz komunikazino zuzena eukitea gero eta errazagoa dan arren, Internetek eta telefonoak oraindino ez dabez personen beharrizan afektibo guztiak osotzen, berbarako, ama baten laztana edo herriko tabernetako giroa. Zer da faltan gehien botaten dozuna?

Familia eta lagunen faltea da gehien igarten dodana. Urtean bitan joaten naz etxera eta New Yorkera bueltau behar dodanean, agur esateko ordua gogorra egiten jat oraindino. Dana dala, Kennedy aireportura ailegau eta segiduan gustura sentitzen naz, New York be nire etxea dalako.

Abrosiduteko astirik be ez daukazula argi dago, nazinoarteko informazinoa pil-pilean dabilen momentuan batez be. Zelan ikusten dira berbarako Irakeko suntsipen handiko armen (arma ezaren) kontua eta Madrilgo martiaren 11ko atentaduak New York-etik?

Nahiz eta armarik ez topau, estadubatuar gehienek dinoe Irakeko inbasinoa erabagi ona izan zala, Sadam Hussein diktadorea zalako. Dana dala, geroz eta gehiago dira inbasinoa hanka-sartze handia izan zala dinoenak. Hemen bizi garan kazetari atzerritar gehienok inbasinoa baino lehenago bagenkian ez zala armarik agertuko eta Iraken sartzeko Etxe Zuriaren arrazoiak bestelakoak zirala. Madrilgo atentaduak punta-puntako notizia izan ziran hemen hainbat egunez eta estadubatuar askok itaundu eustan ia Madrilen familia edo lagunik neukan eta ia ondo egozan. New Yorken uritar askori Madrileko atentaduak Irailaren 11 ekarri eutsien gogora eta Madrilen bizi eben bildurra, mina eta gorrotoa ondo aitzen eben.

Eraso asko egon dira kazetarien kontra azken boladan. Zer eretxi dozu horren ganean?

Kazetaritzaren boladarik ilunenetarikoan gagozala esango neuke. Konfliktoetan kazetari ugari hil da, Iraken berbarako. New Yorken gagozan korresponsalen artean bi kazetari galdu doguz urtebeteko epean: Julio Anguita Iraken eta orain dala aste gitxi Ricardo Ortega Haitin. Biak ezagutzen nebazan eta gogorra izan da. Bestalde, arazorik ez dagoan lekuetan kazetariek eurean beharra egiteko geroz eta debeku gehiago daukiez, antza komunikabideek daukiezan agenda politiko eta ekonomikoak dirala eta.

Irailaren 11ko atentaduen barri zeuk emon zendun ETB ikusten egoazan guztientzat. Ze gomuta daukazu momentu hareetakoak?

Onak eta txarrak. Onak kazetari moduan asko ikasi nebalako Irailaren 11ko atentaduen ondorioz eta holako ezbehar baten aurrean herritarrek bat egin eta zelan alkarri lagundu eutsien ikustea benetan polita izan zalako. Eta gomuta txarrak be badaukadaz, egun haretan sentidu neban ezinegona berbarako, hainbat orduz lagunak ondo egozan jakiteko modurik ez nebalako euki. Ganera, atentaduen ondorioz munduan gauzak okerrerako bidea hartuko ebela sentidu neban egun haretan eta horrek tristura handia emon eustan eta emoten deust.

Nazinoarteko informatzailea izateaz gan euskalduna be bazara. Zelan ikusten da bertoko gatazkea Ameriketako lurretatik? Ze informazino mueta heltzen jako amerikar populazinoari?

Madrilgo atentaduen ondorioz, horko gatazkearen ganean informazino asko emon dabe Estadu Batuetan, sekula baino gehiago. Bertoko komunikabideek orduak emon dabez ETAren historia eta Euskal Herria zer diran azaltzen. Hemen jaso daben informazinoa asko igarri dot nik be. Kalera alkarrizketaren bat egitera joaten nazanean eta "Basque TV" koa nazala esaten dodanean, "ah! Euskalduna, ze interesgarria" esaten deustie, eta lehen ez zan holakorik pasetan. Madrilgo atentaduak egin arte horko informazino gitxi emoten eben hemengo komunikabideek. Nazinoarteko informazino gitxi emoten da Estadu Batuetan, Irak eta Hurreko Ekialdean pasetan danak beteten dabez nazinoarteari eskaintzen deutsiezan minutu apurrak eta ez da munduko beste leku batzutan jazoten danerako tarterik egoten. Esan dodan moduan, hori aldatu egin zan Madrilgo atentaduakaz baina goiz da esateko jarraipenik izango dauan edo ez.

Manipulazinoaz sano egin da berba, batez be azken hile honetan. AEBak horretan maisu dirala esaten dabe askok. Zer uste dozu zuk horretaz?

Manipulazioa herrialde guztietan emoten da, batzuetan bestetan baino gehiago. Hemen ez dot uste hor baino manipulazino gehiago dagoanik. Hemen gobernuak ez dauz komunikabide batzuk kontroletan hor pasetan dan moduan baina hemen interes ekonomikoak dagoz komunikabideen atzean. Estadu Batuek asmau eben telebista eta horretan maisu dira dudarik barik. Ikus-entzuteko gehienak nahiko antzekoak dira nahiz eta esku pribaduetan egon. Halan da be, eretxi desbardinetako komunikabide asko dagoz, eta nahiz eta txikiak izan, hor dagoz. Estadu Batuetako komunikabideek zabor ugari emoten dabe baina kalidadezko kazetaritzea be badago, berbarako New York Times edo ikus-entzuleen diruagaz finanzietan diran PBS eta NPR .

Momentu eta errealidade tristeak albo batera itxita, atzerriko ibilbide profesionalean pasarte barregarriren bat eukiko dozu, seguru.

Ba, Irailaren 11ko atentatuak zirala eta ETBrako zuzeneko bat egiten nengoala, satelitera seinalea igoteko kamioi handi horreetan egun guztian sartuta egoten dan ingeniari bat etorri jatan korrika. Estadubatuarra zan. Esan eustan lau egunez egoala nire zuzenekoak entzuten baina ezin ebala asmau zein hizkuntzatan egiten neban berba eta zuzenan niri galdetzera etorri zan, nahiz eta kamiotik ez urtetako agindua euki. Euskeraz egiten nebala berba esan neutsonean, harrituta geratu zan, euskerea zer zan baekien baina ez eban uste New Yorken entzuteko aukerea izango ebanik eta. Gizona trankilago eta pozik bueltau zan kamioira, hainbat egunez euki eban dudea argitu eta gero. Ni, barriz, barreka hasi nintzan, surrealistea iruditu jatan han, dorre bikien aurrean, keagaz ingurauta holako galdereagaz nonor nigana hurreratzea. Kalean alkarrizketak egiten ditudanean, edadeko persona batek baten baino gehiatotan galdetu deust zein egunkaritan atarako dan euren komentarioa, nahiz ta kamara eta mikrofonoa aurrean euki egunkari baterako dala uste dabe eta.

Etxera noiz?

New Yorken segiduteko asmoa daukat oraingoz. Oso gustora bizi naz hemen, New York adikzinoa sortzen dauan uria da eta. Lan aldetik be adiktiboa da. Estadu Batuetako historian momentu oso interesgarrien ganean albisteak emotea tokau jat eta horrek poz handia emoten deust. Ganera, nazinoarteko aktualidadearen gunea da New York, Nazio Batuen egoitza hemen dagoalako.

[Olatz Arrieta Donostian jaio zan orain dala 32 urte, baina familia Astigarragakoa dauka. 1994an akabau eban Kazetaritzea Euskal Herriko Unibersidadean. Hiru urte geroago Nazinoarteko Politikan masterra egin eban New York University-n. Lehenago telebista lanetan ibilia zan, Zarauzko telebistan hain zuzen be. ETBn bekadun be egon zan eta orain be bertan dabil, New Yorkeko korreponsal lanetan. Zazpi urte daroaz New Yorken eta inglesez gan errusieraz be egiten dau berba]

(2004ko Apirilaren leheneko Bizkai-ek argitaratua)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia