euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Oier Araolaza, dantzaria: «Ihesean korrika doan elefante talde baten modukoa da euskal dantza tradizionala»

27/07/2007

Oier Araolaza soka-dantzan joan den ekainean (argazkia Kezka Dantza Taldea)
Oier Araolaza soka-dantzan joan den ekainean (argazkia Kezka Dantza Taldea)

PUBLICIDAD

Pertsona ezaguna da Oier Araolaza eibartarra euskal dantza munduan. Kazetaritza eta Gizarte eta Kultura Antropologia ikasketak egindakoa, Dantzing blog pertsonalarekin batera dantzan.com webguneko kudeatzailea eta azken honi lotutako posta zerrendako animatzailea ere bada. Eibarko Kezka Dantza Taldeko dantzari, Elgoibarko Haritz eta Donostiako Argia dantzari taldeetan ere ari da. Elkarrizketa Berriako Aritz Ibañezek egin eta joan den asteburuan eman zuen argitara euskal egunkariak.
Uda izaten da dantza tradizionala jorratzen duten dantzariendako urteko tarterik korapilatsuena. Emanaldiak han eta hemen. Horien artean lekua eginda hartu gaitu Oier Araolazak. Eibartarra da. Mendiaren magalean eraikitako herria izanda, eskailera mekanikoak gero eta gehiago dira herrian. Tokatu izan zaio horiei aurreskua dantzatzea.

-Aurreskua dantzatuz eskailera mekanikoak inauguratzeaz gogaituta omen zaude.

Egoera absurdoa da benetan! Serio-demonio jartzen zara dantza egiteko, baina burua altxatu eta eskailera mekaniko bati dantza egitera zoazela ikusten duzunean, akabo... Minutu batean miloi bat aldiz pentsatzen duzu: «Ze ergelkeria mota da hau? Zertan ari naiz?». Aurreskua egin beharraren beharraz, erabat debaluatu eta desitxuratu dugu.

-Aurreko batean, Iruñeko Alde Zaharrean paseoan, 4 ezkontza ikusi nituen, eta denetan dantzariak zeuden.

Hain polita geratzen da... Ezkontzetan argazkilariak agintzen du. Ezkontza osoa koreografia bat da, eta koreografo zuzendaria argazkilaria da. Tokatu zait ezkonberriak elizatik ateratzen ikustea, eta argazkilariak berriz elizara itzularaztea, nahi zuen argazkia egin ez zuelako. Argazkilariek eta ezkongaiek erabaki dute argazkietan oso polita geratzen dela dantzaren kontu hori; beraz, hori ere egin beharra dago. Eta erne, orain arte danbolinarekin batera altxatu dugu oina, baina laster argazkilariak aginduko digu hori ere.

-Batzuek diote horrelakoak direla dantza taldeek irauteko modu ia bakarra, ez dagoela laguntzarik.

Egia da laguntza gutxi dagoela dantzarako. Bestalde, proiektu interesgarriak bakanak dira, eta dantzariak merkeak, merkeegiak gara; beraz, gutxi beharko litzateke dantzaren basamortu hau iraultzeko.

-Zer moduzko osasuna du euskal dantzak?

Ihesean korrika doan elefante talde baten modukoa. Itsu-itsuan dabil aurrera egiteko bide bila, norantz doan pentsatzeko astirik hartu gabe eta bidean harrapatzen duen guztia hankaz gora irauliz. Osasuna? Bikaina, baina zertarako? Oraindik ere puztuegi ote dabilen susmoa daukat. Ez dantzak ez tradizioak ez dute interesik pizten egungo gazterian; beraz, oraindik ez dut oso ondo ulertzen zertan dabilen horrenbeste gazte euskal dantzan.

-Duela urte batzuk dantza taldeek izan zuten boomaren ostean, ez al dira beste formazio batzuk protagonismoa hartzen ari?

Protagonismo mediatikoa bai. Tamaina txikiko formazio erdi-profesionalez ariko zara. Merkatuaren legea da hori, talde handiak eta ibilbide profesionalak ez dira ekonomikoki bideragarriak. Dena den, dantza taldeen dinamika ez da horretan askorik aldatu; azkenean, merkatutik erabat kanpo daude...

-Dantza tradizionalaren munduan aritzen zara zu. «Tradizioa iraganeko zerbait da. Dantzariak ez zarete batere modernoak» dioenari zer erantzunen zenioke?

Neurri batean arrazoia duela. Dantzariak ez gara modernoak. Modernitatea historia da. Postmodernitatean, ordea, oso eroso gaude. Denontzako tokia aurkitu dugu zaku horretan. Baina tradizioaren mekanismoak inoiz baino indartsuagoa daude. Heavy metala pasa den mendeko tradizio bat da, baina gaur egun ere bizirik dago. Baita punka ere. Udako jaietan berriz ere ikusiko ditugu. Praka koadrodunak, militar botak eta kalparra buruan! Punkaren tradizioa bizirik dago, 40 urteren ostean! Baina punk gazte horiek gaur egun bizi dira, eta XXI. mendean bizi dute pasa den mendekoa den tradizio punka, guk dantza tradizionala bezala. Jendea kexu da txosnetako musikaz, baina hori ere tradiziozko musika da: La Polla, Cicatriz.. Belaunaldi berriak iristen dira, eta tradizioari eusten diote.

-Lehengo erromeriak al dira gaur egungo diskotekak?

Lehen ere plazetako erromeriekin batera ganbera eta areto dotoreetan beste estilo bateko dantzaldiak izaten ziren. Egungo diskotekek dantzaren erabateko demokratizazioa ekarri dute. Musikak erritmo bakarra du, txun-pa-txun-pa, iluntasuna erabatekoa da, eta musikaren bolumenak elkarrizketa saio guztiak eteten ditu: edan eta dantza egitea baino ez dago.

-Udan gaude. ETBn Faltzesko bigantxak eta euskal dantzak ikusteaz aspertuko gara berriz.

Gezurra da ETBk euskal dantza gehiegi ematen duenik. Dantza emanaldiak hautatzeko orduan kale egiten dute, ez dituzte programa landu eta egokien bidez aurkezten. Uste dut dantzari buruzko programa oso interesgarriak egin litezkeela telebistarako.

-Dantza guztien artean bakar bat aukeratu behar bazenu?

Fox-trota. Ainhoarekin pega-pega eginda dantzatzeko. Oso gaizki dantzatzen dut, baina izugarri gustatzen zait. Musikalki erregularra da, eta oinekin musikari ihes egin eta etengabe erritmoa hausten saiatzen zara, baina inoiz erabat galdu gabe. Jazz hutsa da, eta bikotekidearekin foxa dantzatzeko sinkronia lortuz gero, klimaxa da. Gainera oso intimoa da, barne gozameneko dantza da, ez inoren aurrean nabarmentzeko, eta ez du erakustaldi eta nabarmenkeriarik tangoak edo aurreskuak bezala. Ez zenuen ba aurreskua esango nuenik esperoko...

(2007-07-21ean Berrian argitara emana)


Lotura interesgarriak

Dantzing, Oier Araolazaren bloga
http://eibar.org/blogak/oier

Dantzan webgunea
www.dantzan.com


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia