euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Oiartzungo Udalak Rafael Pikabearen biografia aztertzeko beka deitu du, 12 mila eurokoa, epea martxoaren 31 duela

09/03/2006

Oiartzungo Udaleko zigilua armarriarekin
Oiartzungo Udaleko zigilua armarriarekin

PUBLICIDAD

Oiartzungo Udalak “Rafael Pikabea Legiaren biografia ikertzeko 'Manuel Lekuona' beka” emateko deialdia zabaldu du, Oiartzunen 1867an jaio eta Parisen 1946an hil zen euskal industriari, kazetari eta politikariaren nondik norakoak ikertzearren. Eskaerak martxoaren 31ko eguerdi aurretik beharko dira aurkeztu, besteak beste ikerkuntza proiektuaren txosten-laburpena atxikiz. Lanak euskaraz idatzita beharko dute izan eta irabazleak 12 mila euroko laguntza eskuratuko du. Oinarrien datu eta jakingarri xeheagoak, datozen lerroetan.
Oiartzungo Udalak kultura arloan duen helburuetako bat gure herriko Historiari eta ezaugarri sozio-kulturalei buruzko azterketak bultzatzea izanik, “Rafael Pikabea Legiaren biografia ikertzeko beka” emateko deialdia egitea erabaki du. Deialdi honetarako oinarriak hauexek izango dira:

1.- XEDEAK
Deialdiaren helburua zera da, Rafael Pikabea Legia pertsonaiaren biografiari buruzko azterketa bultzatzea. Rafael Pikabea (Oiartzun 1867-Paris 1946), besteak beste, industriari, kazetari eta politikari garrantzitsua izan zen.

2.- HAUTAGAIAK
Laguntza hauetarako aurkeztu ahal izango dira, Oiartzungo historian zeresan berezia izan duen Rafael Pikabea Legia industriari, kazetari eta politikariaren biografia eta profila ezagutzeko edota gai horri buruzko iturri historikoak berreskuratzeko lagungarri gerta litezkeen jatorrizko eta argitaratu gabeko ikerkuntza proiektu guztiak. Proiektu hauek 2006 urtean zehar garatuak izan beharko dute.

3.- DOKUMENTAZIOA ETA AURKEZPENERAKO EPEA
Eskaerak Oiartzungo Kultura Sailan aurkeztu beharko dira 2006ko martxoaren 31ko 13 orduak baino lehen eta horrekin batera ondoren aipatzen den dokumentazioa ekarri beharko dute:

- Ikerkuntza proiektuaren Txosten-Laburpena (gehienez 20 orri) eta bertan azaldu beharko dituzte proiektuaren oinarrizko nondik-norakoak, metodologia, aztergaiak, erabiliko dituzten iturburuak eta lana zein hizkuntzatan idatziko duten.

- Ikasketa-titulazioa eta erantsi ditzakeen ikasketako edo ikerkuntzako merezimenduak.

- Eskatzailearen lan egoera ziurtatzen duen agiria.

4.- EPAIMAHAIA
Epaimahai Kalifikatzailea, Historia eta Kultura arloekin lotura duten eta Oiartzungo Udalak izendatutako pertsonek osatuko dute. Epaimahai honek ahalmena izango du, aurkeztutako ikerketa proiektuaren ulermenerako beharrezkotzat ematen duen informazio osagarria eskatzeko, eta behar izanez gero, egileek Epaimahaiaren aurrean beren Txosten-Laburpena aurkeztu eta azaldu dezaten eskatzeko.

Epaimahai Kalifikatzaileak funtsean eta batipat baloratuko ditu proiektuak izan dezakeen interesa, zuzentasun zientifikoa eta deialdiaren helburuekiko lotura. Hau guztia kontutan izanik bere epaia emango du, eskaerak aurkezteko azken egunetik hogei eguneko epearen barruan. Epai hau jakinaraziko zaie interesatuei.

Epaimahai Kalifikatzaileak ahalmena izango du oinarri hauek ulertzeko eta deialdia garatzerakoan aurreko klausuletan zehazki aurrikusi gabeko arazorik sortuz gero, hauek erabakitzeko.

5.- BEKADUNAREN BETEBEHARRAK
Onuradunek, Beka hori onartzen dutela adierazi beharko dute idatziz, horren berri ematen zaienetik gehienez hamabost eguneko epearen barruan.

Lanak behin betikoz amaitutakoan, euskaraz idatzita -paperean eta euskarri informatikoan- Oiartzungo Udaleko Kultura Zerbitzuan aurkeztuko dira, 2007ko otsailaren 28ko 13 orduak baino lehen.

Paperezko formatuan DIN A4 orritan eman beharko da ikerlana, 2 tartez inprimatuta gutxienez 150 eta gehienez 250 orriko kopuruan.

Lanarekin batera aurkeztu beharko ditu, horren laburpena eta edukiaren berri ematen duten eta dokumentuen datu basean sartzeko baliagarri diren deskribatzaileak. Laburpen eta deskribatzaile horiek hiru hizkuntzetan -euskaraz, gazteleraz eta EAEko hizkuntza ofizialetako batean- idatzita egon beharko dute.

Arrazoi garrantzitsuren batengatik egileetakoren batek bere ikerkuntzan funtsezko aldaketak egin beharko balitu edo finkatutako epearen barruan lanak amaitzerik ez duela aurrikusiko balu, aldez aurretik Kultura Zerbitzuari adierazi beharko lioke, behar bezala arrazoitutako eskaera baten bidez. Honelakorik gertatuz gero, berriro Epaimahai Kalifikatzailea deituko litzateke eta honek, egoeraren arabera, onartu edo baztertuko lituzke aldaketa eta luzapen horiek, beti ere lanak entregatzeko epe berria ezarriz.

6.- ZUZKIDURA
Emango den Beka 12.000 eurokoa izango da.

7.- ORDAINKETAK
Laguntza eman aurretik, dagozkion izapide administratiboak gauzatu beharko dira, eta ondoren zehazten den moduan ordainduko da:

- Kopuru osoaren %40a, onartzen den une berean, aurreordainketa moduan.

- Kopuru osoaren %40a, beka ematen zaionetik lana aurkeztu bitarteko epearen erdian, horretarako egindako lanaren eta egingo duenaren azalpen-txostena aurkeztu beharko duelarik.

- Gainontzeko %20a, bekak dirauen epearen amaieran, emaitzak aurkeztuta.

8.- LANEN JABETZA
Oiartzungo Udalak ahalmena izango du lanak bakarka edo elkarrekin eta Elkarte Autonomoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan argitaratzeko.

Lanaren jabetza Udalarena izango da, lana aurkeztu eta 2 urteko epea izango duelarik Oiartzungo Udalak lana argitaratzeko, epe horretan argitaratuko ez balu egilearengana itzuliko da jabetza.

Ikerlanaren ale originala beti Oiartzungo Udal Artxiboan gordeko da, informazio historikorako dokumentu moduan eta behar diren kontsultak egiteko.

9.- GORA-BEHERAK
Aurreko klausula horietakoren bat beteko ez balitz, Beka indarrik gabe geratuko litzateke eta onuradunek jasotako dirua itzuli egin beharko lukete. Deialdi honetan parte hartzen duenak, oinarri hauek onartzen dituela ulertzen da.


ENLACES RELACIONADOS

'Introducción a la prensa guipuzcoana: desde sus orígenes hasta 1936'
Arantza Arzamendik egina, Rafael Pikabea aipatuz

Oiartzungo Udalaren web gunea
www.oiartzun.org

Oiartzuar emankorrak, Udalaren webean
Rafael Pikabea falta, beka honen emaitzen zain


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia