euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Ohorea, bakardadea ahazteko. Heldu den asteburuko Omenaldia, urte zailak gogoratzeko eta artatzeko aukera

27/09/2007

Dio Txoperena zena, artzain goizuetarra. Bere kasua bakarra da, diru polita egin eta famatua bilakatu baitzen AEBetan publizitatearen munduan (argazkia EuskalKultura.com)
Dio Txoperena zena, artzain goizuetarra. Bere kasua bakarra da, diru polita egin eta famatua bilakatu baitzen AEBetan publizitatearen munduan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLICIDAD

Euskal Herriko enbaxadore hoberenak izan dira. Hala diote Artzain Mundua elkarteko kideek. Ameriketan ibili diren euskal artzainak omenduak izanen dira heldu den asteburuan, Baigorrin, Alduden (Baxenabarre), eta Gernikan. Zeremonia, diploma, oroitarri eta guzti. Euskal artzainak aipatuta, gizon zuzenak, leialak eta langileak direla erraten da anitzetan. «Euskal gizarteak luzaz ahantzi ditu euskal artzainak». Ttale Urret artzaina da bera ere, eta omenaldiaren antolatzaile bat. Euskal artzainek denbora eman dute Amerikako mendietan nola bizi izan diren aitortzeko. Mila, edo bi mila buruko artalde bat zaindu behar. Hartzak, koioteak ardiak harrapatu nahian. Hotza, gosea. «Eta bakardadea. Nik uste hori izan den artzainen etsairik handiena».
Artzainen emigrazioa Euskal Herriko historiaren parte garrantzitsua da. 1920ko hamarkadan hasi ziren lehenak Amerikara joaten. Gehienek Argentinako bidea hartu zuten, eta Estatu Batuetan pausatu ziren besteak. Baina historia gehienik markatu duen emigrazioa 50eko hamarkadakoa izan da. Euskal Herriko eskualde batzuetan, etxeak bat-batean hustu zirelako, haurrek, hazi orduko, Amerikara joateko asmoa zutelako.

«Aldudeko etxe batean, zazpi haurride joan ziren garaian», ohartarazi du Urretek. «Bizkaia eta Baxenabarreko probintziak izan dira hunkituenak». Ez da, beraz, harritzekoa Alduden eta Gernikan egiten baldin bazaie omenaldia. Mila artzainetarik, erdiak bizkaitarrak ziren. Ipar Euskal Herrian 200 bat kontatu dituzte, eta besteak nafarrak.

'Ohore Zuri, Euskal Artzaina' oroitarri eta kantua

Omenaldiaren karietara, bi oroitarri, bat Aldudeko, bestea Gernikako, eraikiarazi dizkiete Susperregi aita-semei, eta Daniel Xalbadorrek kantu bat idatzi du. Lepokoak eta diplomak banatuak izanen dira, Ohore zuri Euskal Artzaina leloarekin.

Badirudi ohorea bakardadearen ahazteko erremedio bakarra dela. Edo sufritu duten artzainen mintzarazteko aukera dela. «Amerikatik itzultzean, ez dute erran zenbat sufritu duten. Euskal gizarte osoa beren zepoan sarrarazi dute, eta denek ahantzi ditugu euskal artzainak», ohartarazi du Urretek. Eta ez du aspaldi hitz egiten hasiak direla artzain horiek. Gaby Etxebarneren liburuak Paroles de Bergers, artzainen hitzak, anitz gauza adierazi ditu.

«Baina ni segur naiz oraindik anitz gauza badituztela guri kontatzeko», erran du Urretek. «Euskal artzainak ikuspegi hobea merezi du, Euskal Herriko historiaren parte garrantzitsua da». Lotsa gainditzeko unea etorri da, hainbeste urte pasatu dira eta. 1930ean, Gregoire Iturriak hitz hauek zizelkatu zituen Kaliforniako zuhaitz batean: «Tranpa gorria, hunarat etorria, untsa urrikitia, fitesko hustu behar tokia».

(2007-09-26an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia