euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Nafarroako Gobernuan UPN eta CDN ez datoz bat ikastolen laguntzei buruz: Eremu erdalduneko ikastolei diru laguntzak kentzea nahi du UPNk; CDNk negoziatzen segitzea (Berria-n)

02/09/2005

PUBLICIDAD

Amaia Alvarez/Iruñea-Pamplona. UPN eta CDN alderdiek jarrera kontrakoak dituzte Nafarroako ikastolen finantzaketaren alorrean. Alderdi biek egindako akordioen arabera, herenegun amaitu zen Nafarroako eremu erdalduneko ikastolen egoera legeztatzeko epea: Tuterakoa, Lodosakoa, Vianakoa, Irunberrikoa eta Berakoa (azken herri hori eremu euskaldunean dago, baina oraindik ez du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako zikloa legeztatzea lortu). Bost ikastola horiek 540 ikasle dituzte.

Hala ere, legez ikastolek diru laguntzak jasotzeko aukera dute oraindik ere, aurtengo urterako erabakitako aurrekontuetan horrela erabaki baitzen. Beraz, legearen arabera, ikastolek oraindik ere badute denbora legezkotasuna negoziatzen jarraitzeko. CDN alderdia negoziatzen jarraitzearen alde azaldu zen astelehenean egindako bileran; UPNk, aldiz, ikastolei diru laguntza bereziak kentzeko bideak jorratu nahi ditu. UPNren jarreraren arabera, ikastolek diru gutxiago jasoko dute. Nafarroako Gobernuko koalizioaren akordioaren arabera, bost ikastolek aurreko hilaren 31rako bete behar zituzten legeztatzeko baldintzak.

25 urtez finantzaketa berarekin

Bost ikastola horiek diru laguntza berezi bat dute duela 25 urtetik. Diru laguntza ezberdinak dituzte, euren egoera ere berezia delako. Ikastola txikiak dira, Erriberan daude gehienak, eta beste eskolen baliabide ekonomikorik ez dute. Ikastolak legeztatuz gero, euren finantzaketa kontzertu ekonomikoen barne sartuko lukete. Ikastolak legeztatuz gero, diru laguntzak murriztu edo galdu egingo lirateke.

Nafarroako Gobernuak eskatzen dituen baldintzak betetzea ez da batere erraza: instalazio jakin batzuk eduki behar dira eta 18 ikasle, gutxienez, ikasturte bakoitzean.

NIE Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari Pello Mariñelarenak ikastola horien bideragarritasuna negoziatzen jarraituko dutela adierazi du. NIEk ikastola horiek kontzertatuak izateko bost urteko epea eskatzen du. Hala, epe horretan gurasoek inbertitutako dirua berreskuratzeko aukera izango dutela esan du Mariñelarenak. Gurasoek egindako inbertsioa sei milioi euro baino gehiagokoa izan da. Mariñelarenak gogorarazi du kopuru hori Administrazioak aurreztutako dirua dela. «Negoziazioak egiterakoan ez dute alde hori ahaztu behar: guk egindako inbertsioa dela eta, Nafarroako Gobernuak milioiak aurreztu dituela». Azpimarratu du urteak daramatzatela lanean legeak eskatzen dituen baldintzak betetzeko. NIEk behin baino gehiagotan aurkeztu ditu ikastolen bideragarritasun planak, baina oraingoz ez dira aurrera atera. «Oraindik ez dute ezer onartu, baliteke orain dagoen finantzaketa eredua urtebete luzatzea, eta bitartean negoziatzen jarraitzea», dio Mariñelarenak. «Ikustear dago».

Bestalde, Berako ikastolaren kasua ezberdina dela esan beharra dago. Berako Labiaga ikastola eremu euskaldunean dago, baina Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzak legez kanpo jarraitzen du oraindik ere. Kirol eremurik ez daukalako utzi zuten legez kanpo. «Ikastola legeztatzeko helburuarekin, Berako Udalari herriko kirol eremua eskatu genion eta baiezkoa eman zigun», azaldu du Pello Mariñelarenak. Horretan oinarrituta, Berako ikastola legeztatzeko eskatu du.

(2005-09-02an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia