euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Musikari ziburutarraren 70. urteurrenean: «Maurice Ravelen musikan euskal dantzaren erritmoak nabari dira»

11/09/2007

Etienne Rousseau-Plotto eta Andoni Agirre, idazlea eta pianista, hurrenez hurren (Gara argazkia)
Etienne Rousseau-Plotto eta Andoni Agirre, idazlea eta pianista, hurrenez hurren (Gara argazkia)

PUBLICIDAD

Etienne Rousseau-Plotto historialari eta musikari baionarra da. «Stravinsky Biarritzen» ondoren, «Ravel, euskal jatorriak» liburua argitaratu zuen 2004an. Andoni Agirre 23 urteko pianista baionar gaztea da. Lucien Alfonso biolin-jotzailearekin, Ravelen gutun eta konposizioetan oinarritutako kontzertua sortu du. Musikari ziburutarra zendu zela 70 urte bete diren urte honetan, hainbat omenaldi biltzen ari da han-hemenka Ravel, baita 'Musika euskal kostaldean' jaialdiarena ere. Eneritz Zabaletak egin die gaiaz elkarrizketa Garan Etienne Rousseau-Plotto eta Andoni Agirreri.
Eneritz Zabaleta/Baiona, Lapurdi. Ziburu, Biarritz eta Baiona tartean iragaten ari den «Musika euskal kostaldean» jaialdiak Ravel omentzen du aurten. Ziburun sortutako konpositorea orain 70 urte zendu zen. Luzaz aipatu gabe egon ondoren, azken urteetan Ravelen euskal nortasuna, eta haren musikan izandako eragina puri-purian dago.

-Ravel Ziburun jaio izan arren, Parisen bizi izan zen. Zein harreman ukan zuen Euskal Herriarekin?

-Etienne Rousseau Plotto: Sortu eta hiru hilabetera joan zen Parisera. Iritsi zaizkigun dokumentuek ez dute Ravelen bidaiarik Euskal Herrira aipatzen 1901a arte. Baina, haur garaiko gutunetan, Ziburuko familiarekin harremana zuela agertzen da. Hala ere, argi da Ravel paristarra zela erabat. Parisen bizi izan zen beti.

-Andoni Agirre: Haren ama euskalduna zen. Frantsesa nekez hitz egiten zuen ere.

-E.R.P.: Euskal nortasuna aldarrikatzen zuen anitz Ravelek. Haren hitzetan ikusten da Euskal Herria idealizatua zuela. Ikuspegi erromantiko bat zeukan bere jaioterriarekiko.

-Ravelek hainbat herritako musika folkloreak landu zituen. Euskal folkloreari buruz horrelako lanik egin al zuen?

-E.R.P.: Bitxia irudi badaiteke ere, ez zuen ia batere landu euskal folklorea. Munduko hamaika folklore landu zituen. Horregatik ezaguna izan zen ere, baina euskal folklorea ez zuen aztertu. Nire ustez, diskrezio edo lotsagatik izan zitekeen.

-A.A.: Oso pertsona internazionalista zen Ravel, musika guztiei irekia zegoena. Erran ohi zuen Txinan txino sentitzen zela, Espainian espainol... Inspirazio iturri anitz izan zituen. Erraterako, Andaluziako melodiak nabari daitezke haren musikan. AEBetan egindako bidaia baten ondotik jazzaren sorrerak harengan izandako eragina nabari da. Jazzari buruz anitz idatzi zuen, eta aitzindaria izan zen garaian musika horrekiko.

-1911n Euskal Herrira bidaia egin zuen Ravelek. Zein eragin izan zuen bidaia horrek beregain?

-E.R.P.: Garrantzi handia izan zuen. Bidaia horretan, Ravel bere jatorriari gibelera jarri zitzaion. Bidaia luzea egin zuen. Donibane Lohizunen egon zen, bertan familia zeukalako. Gero, Nafarroara joan zen. Lesakan hartutako argazki batzuetan ere agertzen da. Lesakatik Orreaga aldera joan zen, eta dirudienez Donibane Garazitik pasatu zen. Bidaia horretatik iritsi zaizkigu gutun batzuk. Bertan euskal dantzarekin, eta batez ere fandagoarekin liluratuta agertzen zen Ravel.

-Eta haren musikan eraginik izan al zuen dantzarekiko lilura horrek?

-A.A.: Fandango erritmoak argi nabari dira lan batzuetan. Adibidez «Biolin, biolontxelo eta pianoarentzako trioa» lanean lehen notetatik txistua entzuten da. Dantzaren erritmoa argi nabaritzen da. Txistua «Boleroa»n ere argi entzuten da.

-E.R.P.: Hor paradoxa argia dago. Inoiz ez zuen berean aztertu euskal musika Ravelek. Fandangoari buruz ez zuen ezer idatzi, gutun batzuetan harekin liluratuta gelditu zela agertzen bada ere. Baina haren musikan, dantzaren, zortziko erritmoaren eragina nabari dira. Adibidez, «Bacchanal» obra zortziko bat da. Melodia batzuk ere lantzen hasi zen Ravel.

-Zein, erraterako?

-E.R.P. «Sonatina» Xiberoako kantu baten melodia bat berriz hartuz osatu zuen. «Soineko zuriz aingeru iduriz» kantuaren melodia «Sonatina»ren oinarria da.

-Maurice Ravelek «Zazpiak bat» izeneko obra idazteko asmoa izan zuen ere. Zein ezaugarri zituen lan horrek?

-E.R.P.: 1911ko bidaia horrek sekulako lilura sortu zion Euskal Herriarekiko. Garai horretan, prestatzen ari zen lan bati buruz mintzatzen hasi zen Ravel. «Zazpiak bat» deituko zuela zioen ere. Pianorako rapsodia bat egin nahi zuen, baina azkeneaan proiektua bertan behera utzi zuen. Hala ere, konposizio batzuk «Kontzertua Sol»ean obran berreskuratu zituen. Bertan, oso euskaldunak diren erritmo batzuk daude.

-A.A.: Horrek, hala ere, galdera bat dakar. Euskal musika zer den ba al dakigu? Iritsi zaizkigun testigantzetan oinarri komun batzuk agertu daitezke: kantua, zortziko erritmoa, bost denborak... Baina, egia erran, instrumentuei buruz ezer gutxi dakigu. Erraterako, zein musika jotzen zen Euskal Herrian Erdi Aroan? Gaurko euskal musika entzutean, doinu zeltiarrak, iberikoak edota italiarrak entzuten ditut. Baina euskal melodiarik ba al da? Horrek hausnarketa egitera eraman beharko gintuzke euskal musikaren definizioari buruz.

-Galdera itzuliz, zer da Maurice Ravelen musika?

-A.A.: Ravel, Ravel da. Hori da maisuen meritua. Lehen notetatik berezko ukitua nabaritzen diozu. Hainbat inspirazio iturri ukan zituen, etengabe estilo desberdinetan bidaiatu zuen. Iturri horiek bereganatu, eta Ravel estiloan bereganatu zituen. Eriek segituan sentitzen dute Ravelen musika, bere nortasuna. Oso musika garbia da, teknikoki biziki zaila jotzeko. Eskola frantziarraren eragina nabari zaio bere teknikan. Inpresionismoa, erromantismoa... eraikuntza konplexu bat da Ravelen musika. Hainbat ukitu ditu Ravelen musikak, baina aldi berean segituan sentitzen da bere musikaren izaera «ravelikoa», nolabait erraterako. Niretzako, bide batez, musika oso modernoa da Ravelena, aitzindaria. Jazzaren etorrera aurreikusi zuen. Musika modernoa denek baino lehen aurreikusi zuen. Bere musikan ez dago ezer zaharturik. Ravel jotzen duzunean, bizitza sentitzen diozu. Musika bizia da. Bizi den musika.

(2007-09-10ean Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia