euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Mugaz gaindiko harremanak hobetu nahi ditu Lamassour eurodiputatuak; txosten bat landu du, Frantziak galdeginik, orain arte egindakoa, mugak eta aukerak aztertuz (Berrian)

16/06/2005

PUBLICIDAD

Eneko Bidegain/Baiona. «Maite dut, maite nau, gurasoak ados daude, baina nola egin behar da?». Hori da «mugaz gaindiko» harremanen arazoa, Alain Lamassoure eurodiputatuaren ustez (UMP). Frantziako eta Ipar Euskal Herriko kolektibitateek mugaz gaindi dituzten harremanak ikertu ditu, Frantziako Gobernuak eskatu dion txostenean. Euskal Herrian oraino bada zer egin, Lamassouren ustez. Harremanak sakondu nahi ditu, eta horretarako erabaki politikoak behar direla dio.

Erabakia bi aldeetatik hartu behar da. Lekuko kolektibitateek gidaritza batzorde bat sor dezaten proposatu du. «Sail horretako eragile guztiek parte hartu behar dute batzorde horretan». Estatuaren baimena ere behar dela gehitu du. Frantzia arras zentralizatua dela, eta beraz Frantziako Gobernuaren inplikazioa beharrezkoa dela dio. Haatik, Ipar Euskal Herriak beranta hartu duela azaldu du Lamassourek. Frantziako Gobernuaren interes faltagatik ez zen antolatu Baionako eta Donostiako ospitaleen arteko kooperaziorik.

Alta, elkarlanerako aukerak ez ziren eskas. «Baionako ospitaleak nahiko ohe bazuen haurra ukaitekotan ziren amak hartzeko». Baimenik ez zegoelako, Gipuzkoako amak ez zituzten hartu, eta Donibane Lohizuneko ama etxea itxi zuten.

Lamassourek posta zerbitzuan ere ikusten du kooperazioaren gabezia. Hendaiatik Irunera igorri gutuna Paristik eta Madrildik pasatzen da, Irunera iritsi aitzin. Halaber, telefono konpainien fakturazioa aldatu nahi du alde horretan. Lapurditik Gipuzkoara deitzeko nazioarteko tarifa ezartzea ez zaio normal iruditzen.

«Mugaz gaindiko» tren eta tranbia zerbitzua ere zutik ezarri nahi du.Baina horretarako egitura juridikoan ados jartzea ere beharrezkotzat dauka. Ez zaio normal iruditzen mugaz gaindikoaren lidergoaren inguruan borrokarik izan dadin. «Egitura guztiek bakar batean lan egin dezagun, eta gero dosierren arabera hartuko dute lidergoa batzuek edo besteek».

Europako Batasunak 2.000 milioi euro emanen ditu ondoko fasean «mugaz gaindiko» proiektuak laguntzeko. Aukera hori pasatzen ez uztea gomendatu du Lamassourek.

(2005-06-16an Berria-n argitara emana)


BAIONAKO AMA ETXEAK ERAIKIN BERRIAK UKANEN DITU HELDU DEN ASTETIK

Aitor Renteria/Baiona. Baionako erietxeko handitze lanen ondorioz Ama Etxea irekiko dute heldu den asteartean. Emaztea-Ama-Haur Gunea deritzon eremu berriak amatasunari gela gehiago eskainiko dizkio, haurrentzako gainerateko zerbitzuekin loturan. Orotara 45 ohe ukanen ditu. Hala ere, lanen azken atala 2006ko lehen hiruhilekoan bururatuko dute. 2004an 1.691 haur sortu ziren bertan, 771 haurdunaldi eten ziren eta 3,77 egunekoa izan zen batez besteko egonaldia.

(2005-06-16an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia