euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Monique Laxalt, euskal-amerikarren lekukotasun berria. Robert Laxalt-en alabak 'Oroitzapen urdin iluna' eleberria aurkeztu zuen, Donostian (Gara-n)

27/10/2004

PUBLICIDAD

Euskal diasporari buruzko literatura inauguratu zuen aitak, Robert Laxaltek. Alabak, Monique Laxaltek, lekukotasun horretan sakondu zuen atzo Donostian aurkeztu zuen «Oroitzapen urdin iluna» eleberria idatzita. Euskal-amerikarrek duten bikoiztasun sentimenduaren adierazpen zela esan zuen aurkezpenean.

Donostia. Robert Laxalt, Estatu Batuetako euskal diasporari buruzko literaturaren aitzindari bilakatu zen “A Sweet Promised Land” liburua idatzita 1957an, edo geroago euskarara itzuli zuten “Dominique, artzain xuberotar bat Nevadan” argitaratu zuenean. Euskal artzainen irudia aldarrikatu zuen behizainak hain goretsiak diren herrialde horretan. Eleberrian, aitaren, Dominique Laxalten, biografia edo, hobeto esan, odisea erabili zuen oinarri. Geroztik euskal komunitateak ospe eta izen handiagoa izan omen du herrialde hartan. Euskaldunen ezagutza hurbilago horri esker sortu omen zuten, esaterako, Nevadako Unibertsitatean Euskal Ikerketei buruzko Programa. Ikusteko zegoen, ordea, euskal emigranteen hirugarren belaunaldiak jatorriari buruzko zer bizipen eta sentimendu zituen. Eta horretara dator atzo Roberten alabak, Moniquek, Donostian aurkeztu zuen eleberria. 1993an ingelesez argitaratu zuten eta orain, Haritz Monrealek euskaraturik, “Oroitzapen urdin iluna” izenburuarekin, Utriusque Vasconiae argitaletxeak kaleratu du.

Kutsu autobiografikoa

Ur Apalategik argitaldariak aurkezpenean esan zuenez, liburua bere eskuetara iritsi zenean, aldeko aurreiritzirik gabe ekin zion irakurtzeari. «Ez da nik egunero xerkatzen dudan estiloa, baina liburuan sartu ahala, harrapatu egin ninduen, ez delako idazketa-ariketa soila, eta gertakizunak baino gehiago barne sentimendu bat kontatzen duelako eta sentimendu horren bueltan dabilelako egilea denboran aurrera eta atzera eginez, familia gertakizun batzuen inguruan, fikziozko gertakizun batzuen bueltan, esan behar da, eleberria izaki. Eta sentimendu nagusi hori hirugarren belaunaldiko emigrante baten oroitzapenei buruzko ikuspegi gazi-gozoa. Uste dut, gainera, lan hau euskal letretara ekarriz, euskaratuz, gure erregistro literarioei puska berri bat erantsiko diegula, gurean oso gutxi lantzen den zerbait lantzen baitu: kutsu autobiografikoa duen kontakizuna», esan zuen Urek. Hori guztia «modu hunkigarri, sakon eta sotilean» egiten duela erantsi zuen. Liburuaren estiloa prosa lirikotzat jo zuen Apalategik.

Haritz Monreal itzultzaileak (Gregorio Monrealen semeak), filologoa izaki, tentaturik egon zela esan zuen eleberriaren disekzio moduko bat egiteko, baina liburuaren erraietan bete-betean sartu ordez, nahiago zuela eleberria itzultzera zerk bultzatu zuen kontatzea.

«Duela ia 20 urte Estatu Batuetan izan nintzen gurasoekin eta anaiarekin batean. Orduan ezagutu nituen laxaltarrak. Oso harrera ona egin ziguten. Orduan egin nuen itzultzaile moduan ere nire lehen saiotxoa, amari lagundu bainion Robert Laxalten “In a Hundred Graves” liburuaren pasarte bat itzultzen, Donostian arbasoen hizkuntzan irakurri nahi baitzuen Urrezko Danborra eman ziotenean», kontatu zuen. Filologia amaitu eta hasi omen zen Moniqueren eleberria itzultzen, ingelesez argitaratu berria zenean. Irakaskuntzan lana sortu eta utzi egin zuen egitekoa sei urtez, eta milurteko berriarekin ikusi omen zuen «erretiroa hartu arte, ingeleseko esan aditzaren taula behin eta berriz errepikatzea bizitza osoan tornuan diharduen beharginaren bertsio leundua» zela, eta itzuli zen itzulpenera.

«Nire sendian ere izan ditut urrutira joan behar izan dutenak. Ameriketan bertan bisita egin genion amamaren osaba bati. Orduan ia 100 urte bazituen. Euskara ahaztua. Bizitzako zati handi bat meategian ibilia zen. Idahon amaren osabarekin egon ginen. Euskaldunak mendebaldean bildurik daude, nahiz eta bizkaitarrak iparraldeko estatuetan eta Iparraldekoak, Moniqueren ahaideak, esaterako, hegoaldean ere badauden», esan zuen. Eleberri horretan gai nagusia, hain zuzen, emigranteen patua zela erantsi zuen itzultzaileak, Haritz Monrealek.


EUSKAL-AMERIKARREN BIKOIZTASUNA, ELEBERRIKO GAI

Joxean Agirre/Donostia. Euskal Herriak nortasuna gordetzearen alde egin duen borroka eta euskal-amerikarrak berea gordetzeko egiten ari direna ahalegin beraren bi aurpegi direla adierazi zuen Monique Laxaltek. Hala eta guztiz ere, diasporan bizi direnak bikoiztasun batean bizi direla erantsi zuen.

«Atzera begira jarri eta gurasoak bitxi samarrak ikusten ditut, bi urtez jatorrira itzuli baitziren, Ipar Euskal Herrira, guk ere euskal sustraiak ezagut genitzan. Bi urteko haustura bat izan genuen Amerikako bizimoduan, eta, horregatik beharbada, gu ere bikoitzak garela jakin genuen», esan zuen Moniquek.

Moniqueren familiak izena eta ospea lortu zuen Ameriketako Estatu Batuetan. Osaba bat, esate baterako, Nevadako senatari, gobernadore eta Errepublikar Alderdiko lehendakari izatera iritsi zen. «Familiak leku bat lortu du AEBetan, baina, aldi berean, beti jakin izan dugu bagenuela beste lur idealizatu bat. Bi lurralde horien artean bizi izan gara», adierazi zuen.

Monique Laxalt abokatua da Nevadan.

(2004-10-27an Gara egunkarian argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia