euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Manex Goienetxe hil da mendiko istripu batean. Historialaria herenegun mendira atera eta atzo aurkitu zuten hilik. Antso Handiaren inguruan lanak egiten ari zen, aurten Nafarroako erregeren milurtekoa delako (Garan)

04/05/2004

PUBLICIDAD

Manex Goienetxe historialari eta euskaltzale ezaguna hilda aurkitu zuten atzo, Biarnoko Larruns mendian. Berarekin batean, Marie Pargaderen gorpua ere aurkitu zuten. Biak mendian elkarrekin ibiltzen ziren. Herenegun gertatu bide zitzaien heriotza, elur-jauzi batek harrapatuta. Atzo bilaketa lanak abiatu eta goizeko hamaiketan aurkitu zituzten biak. Manex Goienetxe Ezterenzubin jaio zen 1942an, eta Euskal Herriko historiari buruzko lan erraldoia egina zuen, «Histoire general du Pays Basque» izenekoa. Irakasle izan da urte askoan.

Manex Goienetxek asko maite zuen mendia. Eskalatzen ere aspaldidanik ibiltzen zen eta ariketa horretan ari zela eraman zuen heriotzak herenegun, Biarnoko Larruns mendian. Atzo aurkitu zuten hilik haren bila abiatu zirenek. Ondoan Marie Pargade zuen, hori ere hilik. Hazparnen bizi zen zuberotar emakume horrekin maiz ibiltzen omen zen mendian, eta Marieren alabak eman zuen abisu igande gauean ama etxera itzuli ez zela ikusita.

Manex Goienetxek urteak egin zituen Bretainian ordena erlijioso batean lanean. Fraidetza utzi zuen arren, irakasle jarraitu zuen bizitza guztian, orain urtebete Seaskak Baionan duen Bernar Etxepare lizeoan erretreta hartu zuen arte. Geroztik, inoiz baino gehiago joaten zen mendira.

EHASeko alderdi abertzalearen sortzaileetako batek, Jean-Louis Davantek, atzo gogoratu zigunez, 1981ean hasi ziren elkarrekin alderdi horretan lanean, eta sei urte egin zituzten batera, 87ean EHAS ofizialki desegin zen arte.

«Beti izan ditut harremanak Manexekin, eta azken urte honetan oraindik harreman estuagoa nuen Antso Handiaren inguruan ni pastorala eta bera beste zenbait lan prestatzen ari ginelako. Oso pertsona langilea zen eta serioa. Antso Handiari buruz, esaterako, gauza asko esaten da, baina dokumentatu gabe askotan, eta Manexek dokumentuetan oinarritzen zituen iritziak», esan zuen.

Seaskarekin izan zuen harremanaz gainera, oso ardura zuzenak izan zituen Udako Euskal Unibertsitatearekin ere. 1973tik 1976ra erakunde horretako zuzendari izan zen. Euskaltzain urgazlea ere bazen.

Aurki kalean izango da bere azken lana Manex Goienetxek amaitu berria zuen, beste egile batzuekin batera, Antso III.ari buruzko liburua. Nabarraldek aurki argitaratu behar du lan hori, eta «Manexek jasoko duen lehen omenaldietariko bat izanen da», adierazi zuten atzo (Nabarraldetik). «Bere hutsunea nabaria izango da hainbat esparrutan», gehitu zuten.

Euskal Herria bere osotasunean

Josu Chueca historialariak pertsonalki ezagutzen zuen Manex Goienetxe, Eusko Ikaskuntzako bileretan elkarrekin egokitzen zirelako, eta haren lan guztiak ere oso gertutik ezagutzen ditu. «Nik gauza bat nabarmendu nahi nuke Manex Goienetxeren lanean, Euskal Herria bere osotasunean hartzen zuela eta osotasun hori jorratzen zuen historia egiten zuenean», esan zuen Josu Chuecak.

"Histoire general du Pays Basque" izan da bere lan ezagunena. «Oso historia-lan ona eta osatua da eta bakar-bakarrik ari zen egiten. Badira, noski, beste lan batzuk, baina lan-taldetan ari dira egiten. Gehienok bakoitza bere zokoan gabiltza eta bakoitzak bere lekuko ikuspegia ematen du. Baina bera gauza zen Euskal Herria, Iparraldea zein Hegoaldea, osorik hartu eta ikuspegi horrekin lan egiteko», jarraitu zuen.

Chuecaren ustez, Goienetxeren lanik garrantzitsuena, hala ere, ez da hori. «Ezagunena da dibulgazioko lana delako, nahiz eta maila zientifiko handikoa den. Baditu, ordea, lan garrantzitsuagoak. Nik bere doktore tesia nabarmenduko nuke, "Les basques et leur histoires: mythes et réalités" du izenburua». Oso lan ona da.

(2004-05-04an Gara egunkarian)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia