euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Luis Maria Barrendeguy Rosarioko 'Zazpirak Bat' EEko presidenteak Gipuzkoako Foru Aldundia bisitatu zuen atzo

27/09/2006

Foru Aldundiko atzoko bileraren argazkia. Ezkerrean liburuari so Luis Maria Barrendeguy, eskuinean Fernando Tapia Foru Diputatua duela
Foru Aldundiko atzoko bileraren argazkia. Ezkerrean liburuari so Luis Maria Barrendeguy, eskuinean Fernando Tapia Foru Diputatua duela

PUBLICIDAD

Rosarioko 'Zazpirak Bat' Euskal Etxeko presidentea, Luis Maria Barrendeguy, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian hartu zuen atzo Fernando Tapia foru erakunde gipuzkoarreko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Diputatuak. Bisita honekin, euskal argentinar buruzagiak, joan den udan Foru Aldundiko ordezkaritza batek Gipuzkoatik Rosariora eginiko bidaia itzuli eta eskertu nahi izan du, foru laguntza gipuzkoarra medio antolatu ahal izan baitzen joan den ekainean 'Euskadi-Argentina Kultura eta Kirol Topaketen' lehenengo edizioa. Izan ere, datorren urtean elgarretaratze horren bigarren edizio baten egitea izan zen bildutakoek aipagai hartu zuten gaietako bat. Eta, nonbait, jarrera ona omen dago bi aldeetan langintza horri ekiteko.
Euskal emigrazioaren ohiko jomuga Amerika izanik eta Argentinan gaur egun 90 bat euskal etxe daudenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak bertako euskaldunekin harremanak estutu eta elkarlanerako bide berri bat irekitzea helburu zuen ekitaldia antolatu zuen joan den ekainean, I. Argentina-Euskadi Kultura eta Kirol Topaketak izeneko elgarretaratzea bultzatuz. Ekitaldi horretan parte hartzeko Argentinako Rosario hirira euskal delegazio bat hurreratu zen ekainean, Fernando Tapia, Foru Aldundiko Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Diputatua buru, tartean Aldundiko Euskara eta Kirol Zuzendaria, sei atleta beterano, lau pilotari, Mikel Markez eta Jexuxmai Lopetegi kantariak, Pako Aristi idazlea eta Antton Mendizabal eskultorea. Hainbat ekitaldik osatu zuten Rosarioko Topaketa, besteak beste, kontaktu eta bilerek bertako agintariekin, hitzaldi, bilkura, kantaldi, eta erakusketa batek eta zenbait kirol eta kultur jardunek.

Ekimen haren helburuak lorturik eta bi aldeon iritziz elkarrekiko harremana eta elkar-eragitea oso aberasgarri izan zelako, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko presidentea buru duen delegazio batek bisita itzuli nahi izan dio Foru Aldundiari. Atzo, Fernando Tapia Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Foru Diputatuarekin bildu ziren eta esperientzia aberasgarri horri jarraipena nola eman aztertu zuten. Lagunarte giroko bilerak agerian utzi zuen egon ere jarrera ona dagoela aurtengo esperientziaren ondotik topaketa horren bigarren edizioa antolatzeko datorren urteari begira.


Lotura interesgarriak

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea
www.zazpirakbat.com

Primer Encuentro Deportivo y Cultural Vasco Argentino, en Rosario
EuskalKultura.com-en 2006ko ekainaren 30ean argitara emana


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia