euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Lizarraren izen ofiziala Estella-tik Estella-Lizarrara aldatzeko udal akordioak iskanbila eragin du zenbaitengan; UPNk 759 sinadura bildu ditu kontra, irregulartasunak tartean (Berria-n)

06/01/2006

PUBLICIDAD

Amaia Alvarez/Iruñea. Aurreko urrian baietsi zuten Lizarrako Udaleko (Nafarroa) osoko bilkuran Egako herriari izena aldatzea. Estella gaztelaniaz eta Lizarra euskaraz deitu beharrean, Estella-Lizarra izen ofiziala izateko ekimena aurrera atera zen. Nafarroako Gobernuari izen aldaketa eskatuko dio Lizarrako Udalak orain, eta, honek ezezkoa emanez gero, auzitara eramango dute eskaera.

Atzo bigarren bilkura egin zen herritarren erreklamazioak aztertzeko. Erabaki bera hartu zuten: 10 boto izendapen berriaren alde eta 7 aurka, hau da, PSN, EAJ, EA, IUN-NEB, CDN eta CUE (Lizarrako Hautagai Bateratuak) alde, eta UPN, berriz ere, aurka.

Adingabeen sinadurak

Bigarren bilkura horretan iskanbila sortu zen, UPNk sinadura zerrenda polemikoa aurkeztu baitzuen. 759 sinadura aurkeztu zituzten UPNko zinegotziek, horietatik 201 Lizarrako erroldan ez dauden pertsonenak eta 23 adingabeenak. Azken horiek sorrarazi zuten zalaparta gehien. Hainbat politikarik aretoa behar baino lehen utzi zuten.

EAJko zinegotzi Ricardo Gomez de Seguraren esanetan, guraso batzuek esan dute adingabeen sinadurak ikastetxe batean lortu zituztela. Hori gutxi balitz bezala, gazteen gurasoen baimenik gabe lortu direla sinadurak, eta, kasu askotan, gazteek zer sinatzen ari ziren oso ondo jakin gabe lortu dituztela.«Dena dela, gurasoek ez dute salaketarik jarri eta, beraz, batzuen hitza beste batzuen hitzaren aurkako kontua da», ohartarazi du Gomez de Segurak. «Nik ez dut esaten zerrenda legez kanpokoa denik, baina tristea da horrelako sinaduretara jo behar izatea».

UPNko zinegotziek zerrendak lekukotasunen balioa izateko bakarrik egin dutela argudiatu dute, eta ez legezko prozedura bat abiatzeko asmoarekin. UPNk atzoko bilkuran erabilitako argudiorik errepikatuena honakoa izan zen: «Edozein nafarrek du eskubidea gai horren inguruan sinadura bat emateko». UPNk dio sinadura bilketa herriaren iritzia erakusteko egin duela. Gomez de Segurak nabarmendu du, ordea, herri osoan «sobera onartuta» dagoela Lizarra izena Estella-ren ondoan agertzea.

Arazo zaharra iskanbilaren atzean

Izen aldaketaren atzean euskararekiko jarrera eta iritzi ezberdinak daude. Adibidez, Iruñea-Lizarra autobideko kartelak (eremu mistoa da) gaztelaniaz daude, Euskararen Legea betez. Lizarraren izena aldatuz gero, hau da, Nafarroako Gobernuak izen berria baietsiz gero, kartel guztiak aldatu beharko lirateke. Horrenbestez, seinaleetan Lizarra izen euskalduna ere agertuko litzateke legez.

Koldo Viñuales Irujo Etxeko ordezkari eta euskaltzaleak Nafarroako Gobernuaren sentikortasun falta nabarmendu du: «Nafarroako Gobernuak alde batera utzi nahi du gure izenik zaharrena, Lizarra, alegia, edozein panfletotan edota karteletan». «Zapalduta sentitzen gara Nafarroako Gobernuaren aldetik, ahal duen guztietan euskarari kalte egiten diolako: ofizialtasuna murriztuz, debekatuz, trabatuz...», gehitu du Viñualesek. Halere, Ricardo Gomez de Segura eta Koldo Viñuales pozik azaldu dira Udalaren erabakiarekin. «Euskal kultura bermatzeko erabaki baikorra hartu dugu osoko bilkuran, baina oraindik ahalegin asko egin behar ditugu izena behin betiko aldatzeko».

(2006-01-06an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia