euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Lehengo lepotik?

20/09/2006

PUBLICIDAD

Berri ontzat jotzen du artikulugileak iragarri berria den 'Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea'ren sorrera eta ekimena, Euskal Herriko hainbat bazterretan euskarazko toki telebista kate euskaldunak sortzeko asmoz jaioa den izaera eta ezaugarri desberdineko taldeen indar metaketa. Corporacion Multimedia del Norte (Diario de Noticias-Deia), EKHE (Gara-Le Journal), EKT (Berria eta Hitza) eta Euskaltel-ek, bakoitza %20aren partaidetzaz, eta Elkar-ek (%10) osatzen dute taldea. Gogoeta ere egiten du ordea, kritikoa egungo egoera batzuekiko, ekimen berriak eskainiko lukeen aukera berria aipatuz.
Xabi Larrañaga
Zutabegilea

Hamaika Telebista Hedatzeko Taldea sortu da eta irakurri dudanez euskarazko telebista lokalak bultzatu nahi ditu. Horretarako Eusko Jaurlaritzak zabalduko dituen telebista digitaleko lehiaketetan aurkezteko asmoa du Hamaikak. Borroka administratiboan zorterik onena opa diot, alde batetik egunkari hau [Deiaz ari da] talde horretako partaide delako eta, bestetik, tokian tokiko kateok hizkuntzarentzat mesedegarri izan daitezkeelako.

Dena dela, lizentzia, baimen, eskubide edo dena delakoa lortu baino lehen, zilegi bekit balizko kate horiei buruz gogoeta plazaratzea. Ezagun da zenbait euskaldunek aspaldi desertatu dugula gurea omen zen telebistatik. Pailazozale, kirolzale, dantzazale edo bertsozale ez garenok bi lan izan ditugu urteotan: erdaldunei euskararen mundua ETB1ek erakusten duena baino askoz gehiago dela azaltzea eta geure buruari euskal martziano malapartatuak ez garela sinistaraztea. Hori guztia maiz esan eta salatu dute beste batzuek, baina gaurkoan urrunago gura dut nik: gurea omen zen telebista eta oro har euskal hedabide gehienen eredu ideologikoak bilakatu nau ni --gaitu gu?-- desertore.

Hona hemen, nire ustez, bekatuak: internazionalismo akritiko eta merkea --gora Hugo Chavez, Fidel Castro, Hasan Nasrala eta Mahmud Ahmadinejad!--, sektarismo patriotiko bezain itsua --PP, UPN eta PSOE, gurean ia atzerritarrak--, sinplismo mugagabea --yankiak txarrak, arabeak onak--, zilborraren jainkotzea eta, enfin, last but not least, terrorismoaren edo, barka, 'gatazkaren' aurrean epelkeria, koldarkeria, zurikeria eta gezur galanten bilduma. Salbuespenak, jakina, izan badira, eta horiexek nahiko nituzke nik etortzeko dauden kateotan nagusi. Telebistan euskarak egon behar baitu, baina baita gutxieneko moralak eta egia mingarriak ere. Bestela, Durangora berriz: zentsura hizpide eta Jose Luis Lopez de la Calle aipatu bez.

(2006-09-20ean Deia-n argitara emaniko artikulua)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia