euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Laminiturrik euskararen bidea osatu du. Logroñoko euskal elkarte honek «Euskararen bidea» liburua aurkeztu zuen atzo (Gara-n)

29/07/2004

PUBLICIDAD

[Logroñoko Laminiturri kultur elkarteak lan berria aurkeztu zuen atzo Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Aurkezpenean izan ziren, besteak beste, Jose Luis Lizundia euskaltzaina, Jose Ignacio Gorostidi argitalpenaren zuzendaria, eta egileak diren Joseba Lugaresaresti eta Honorio Cadarso]

Bilbo. «Euskararen Bidea» obrak Euskal Herria eta Errioxa batzen dituen bideak azaldu ditu euskararen ikuspegitik, eta hiru helburu nagusi ditu: euskararen ezagutza eta errespetua sustatzea; Euskal Herriko eta Errioxako lurren arteko harremanak sendotzea, eta, azkenik, bidea pasatzen den tokiak ezagutaraztea. Lizundiaren esanetan, «Logroñoko Laminiturri elkarteak argitaratutako liburua askok ez dakitenaren lekuko da: mendebaldeko Euskal Herriaren eta Errioxaren arteko harremana, alegia». Izan ere, bi tokien arteko harremana garrantzitsua izan zen bai ekonomia arloan, bai hizkuntza edota kultura arloan.

Ibilbidea zortzi etapatan aurkeztu da: Bermeotik Donemiliaga Kukulara. Era berean, herri horiekin zerikusia eta euskal kulturan leku berezia duten pertsonen aipamenak egin dira; besteak beste, Aita Luis Villasante, Bitoriano Gandiaga eta Joseba Sarrionandia azaltzen dira.

Hala ere, egileek ez dela ohiko gida bat nabarmendu zuten. «Zerbait desberdina egin nahi genuen eta, ondorioz, topikoak ekidin nahi izan ditugu. Inguruari eman nahi izan diogu garrantzia: kilkerren soinuari, usainei, eta abarri», azaldu zuen Joseba Lugaresarestik. Hortaz, Gorostidi zuzendariaren esanetan, «bidea ibiltzeko zerbait baino gehiago bihurtu da, eta kulturaz beteriko bidea bilakatu» Etorkizunean beste kultur elkarteek ibilbide berriak sortzea espero duela nabarmendu zuen.

Aurkezleek bat egin zuten euskarak Errioxan onespena behar duela aitortzean, eta Donemiliagan jarritako plakekin gertatutakoa gogoratu zuten. «Batzuen ustez, leku hartan ez litzateke euskarari egindako omenaldiaren arrastorik izan behar», salatu zuen Cadarsok, eta errioxarren sentimendu kontrajarriez hitz egin zuen: «errioxar mota bi daude, beren historia arbuiatzen dutenak eta euskara hurbileko zerbait sentitzen dutenak».

Errioxan, gaztelaniaren jaiotza goraipatzeko joera omen dago, eta euskara ahaztekoa. Beraz, liburuaren egileek arazoa konpondu nahi izan dute, bertako historia osotasunean ezagutaraziz.

(2004-07-29an Garan argitara emanikoa)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia