euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

'Kerryrekin Euskal Herriko giza eskubideen egoerari buruz hitz egin nahi dugu'. Cathleen Acheritogaray IBO erakunde euskal amerikarreko eledunak San Frantziskon eginiko adierazpenak (Berria egunkarian)

17/02/2004

PUBLICIDAD

Ainara Mendiola/San Frantzisko. Cathleen Atxeritogarai estatubatuarra da, eta bere senar Phillippe lapurtarra izan zen Euskal Herriarekin harremanetan jarri zuena. San Frantziskon bizi da eta IBO erakundeko prentsa arduraduna da. Euskal komunikabideen galderei erantzun zien bertako Euskal Etxean joan den larunbatean.

Zein iritzi duzu Kerryk egindako zuzenketari buruz?

Ez nago gustura eman duen erantzunarekin, ez baita Kerry bera izan zuzenketa egin duena. Kerryren kanpaina taldeak onartu du akatsa, baina ez da AEBetako sikh komunitateari eman dion erantzun bera. Badakit Kerry gizon ona dela eta giza eskubideen alde lan asko egin duela, baina oraindik jendaurrean onartu behar du esan zuena okerra zela.

Zehazki, zer esan zion sikh komunitateari?

Orrialde bateko erantzuna zen, eta Kerryren adierazpen zuzenak zituen. Guri bidalitakoa, berriz, bere prentsa bulegotik zetorren eta ez dut uste Kerryk horren berri zuenik. Hori da arrazoi nagusia beste erantzun bat eskatzeko.

Abiatu duzuen kanpainarekin aurrera jarraituko duzue, beraz, Kerryk berak zuzenketa egin arte?

Ahaleginduko gara, Kerryk berak auzi honen berri izan arte. Bere prentsa bulegotik Kerryren bulegora pasatzea nahi dut. Kerryk badaki AEBetako euskal komunitateak berarekin hitz egin nahi duela etorkizunean Euskal Herriko giza eskubideen egoerari buruz.

Zein da IBOk egiten duen lana?

Giza Eskubideen aldeko Nazioarteko Euskal Erakundearen helburu nagusia da komunikabideak eta iritzi publikoa, batez ere AEBetakoa, euskal auzien inguruan heztea. Euskal Herriari buruz iristen zaizkigun albisteak pixka bat desbideratuak dira eta Madrilgo Barne Ministeriotik datorrena baino iritzi gehiago daudela erakutsi nahi dugu guk.

Zein izango da zuen hurrengo urratsa?

Komunikabideei prentsa oharrak bidaltzeko kanpainarekin jarraituko dugu, giza eskubideen aldeko erakundeekin harremanetan jartzen... poliki-poliki kontaktu gehiago egiten ari gara. Hori da gure zeregin nagusia orain; hori eta Ana de Palaciok duela gutxi egin duen adierazpenari erantzutea.

Zenbat kide zaudete IBOn?

Txikiak gara orain. Zuzendaritzan Miren Artiach dago, Boisen, nire senar Phillippe, Alejandro Egialuz Chicagon, eta badauzkagu beste kide batzuk AEBetan zein Euskal Herrian ere.

(2004-02-17an Berria egunkariak argitara emana)


AZKARRAGA SAN FRANCISCON

Giza eskubideak aldarrikatuz amaitu du Azkarragak AEBetako bidaia; Ezker abertzalearekin lan egitearen alde azaldu da, 'aurretik indarkeria gaitzetsiz gero'

Ainara Mendiola/San Frantzisko. 'Giza eskubide guztien defentsa da eta izango da Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna, eta hori da estatutu politiko berrirako proposamenaren oinarria', adierazi zuen Joseba Azkarraga Justizia sailburuak larunbatean San Frantziskoko Euskal Etxean, Kalifornian. Giza eskubideen artean garrantzitsuena bizitza eskubidea dela nabarmendu zuen.

Azkarragak ohartarazi zuen 'zero tolerantzia' izango dutela bi arloetan: ETAren ekinbide armatuarekin eta preso politikoen eskubideak urratzearekin. 'ETA soberan dago eta traba egiten digu. Eta ETAk mina eta sufrimendua eragiten digun bitartean, zuzenbide estatuak ematen dituen tresna guztiak erabili beharko dituzte euskal erakundeek euskal herritarren eskubideak eta askatasunak babesteko'. Alabaina, indarkeriaren biktimak politikoki erabiltzea salatu zuen. 'Giza eskubideen defentsa atxilotuen eta presoen kasuan ere egin behar da', esan zuen bestetik. Presoen sakabanaketa salatu zuen eta hurbilketa eskatzen jarraituko zuela ziurtatu zuen.

Irlandarrak eta galestarrak

Euskal amerikarrekin batera, Irlandako eta Galesko herritarrak ere bazeuden Euskal Etxeko bilera aretoan hitzaldia entzuten. Galderen txanda iristean, irlandar batek Azkarragari eskatu zion argitzeko zein zen Ibarretxeren Planaren edo estatutu berrirako proposamenaren azken helburua; ea federalismoa zen, AEBetako eredua bezala. Justizia sailburuak erantzun zion 'estatuarekin elkarbizitza itun bat' zela, 'berdinen artekoa', nahiz eta EA independentziaren aldekoa den. Aurrera egiten jarraitzeko urrats gisa ikusten zuela gaineratu zuen. Galesko entzule batek esan zuen Euskal Herriak duen arazo bera dutela Eskoziak eta Galesek, eta Eusko Jaurlaritzak bi herrialde horiekin harremanik baduen galdetu zion. 'Harreman ona dugu estaturik gabeko herriekin', adierazi zuen Azkarragak, 'estatu handiekin, aldiz, ez dugu harremanik, Aznarrekin bat egiten dutelako'.

Boisen eta Renon bezala, San Frantziskon ere jakin-min handia piztu zuen Justizia sailburuaren hitzaldiak. Entzuleek ikuspegi kritikoa adierazi zuten Espainiako Gobernuari eta botere banaketari buruz, eta erasoen aurrean ezer gehiago egiterik ez ote zegoen galdetu zioten; adibidez, Egunkaria-ren itxieraren aurka, ezker abertzalea legez kanpo uztearen aurka eta estatutu berrirako eztabaida politikoa oztopatzearen aurka. Lehen kasuan, auzia epailearen esku dagoela eta Jaurlaritzak erabaki judizialak, bidegabeak izan arren, bete behar dituela esan zuen. Su-eten garai bat hasiz gero, legez kanporatzea bertan behera utzi beharko zutela iritzi zion eta eztabaida politikoa geldiaraztearen kasuan, Espainiako Gobernuaren trabei erantzuteko bide nagusia judiziala izango dela iragarri zuen. 'Zer egin egingo dugu? Hori da erantzungo ez dizudana', gaineratu zuen.

Indarkeriaren gaitzespena

Ezker abertzaleak gizartearen zati bat ordezkatzen duela eta zati hori kontuan hartuko den ere galdetu zioten Azkarragari. Ezker abertzaleak, lehenik, ekinbide armatua gaitzetsi beharko lukeela erantzun zuen: 'Zalantzarik gabe, guk ezker abertzalearekin lan egin nahiko genuke, baina guretzat ezinbesteko baldintza da indarkeriaren aurkako jarrera adieraztea'. Abraham Lincoln AEBetako presidente izandakoaren hitzak bere eginez, zera esan zuen Azkarragak konferentzian: 'Boto bat fusil baten bala baino indartsuagoa da'.

Preso politikoek euskal gatazkan zergatik duten hainbeste garrantzi galdetuta, Azkarragak erantzun zuen presoen giza eskubideak ere kontuan hartu behar direla. 'Presoak sakabanatuz, senideen eskubideak larri urratzen dira eta presoei zigor bikoitza ezartzen zaie'. Hala, Justizia Sailak presoen senideei laguntzen jarraitzeko asmoa zuela iragarri zuen. Azken bi asteetan, Kaliforniako, Idahoko eta Nevadako hainbat eragile politiko eta sozialekin bildu da Azkarraga. Berarekin batera, Inmaculada Miguel Justizia sailburuordeak eta Peio Irujo nazioarteko harremanetarako aholkulariak osatu dute euskal ordezkaritza Estatu Batuetan.

(2004-02-17an Berria egunkariak argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia