euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Kalifornia eta Ameriketako euskaldunek San Franciscon euskaldungoaren alde lan egin bost lagun ohoratu zituzten

18/11/2006

Aña (Etchehandy) Iriartborde, Johnny Kurutxet eta Franxua Bidaurreta, omenaldiaren une batean, joan den larunbatean (argazkia EuskalKultura.com)
Aña (Etchehandy) Iriartborde, Johnny Kurutxet eta Franxua Bidaurreta, omenaldiaren une batean, joan den larunbatean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLICIDAD

Goxo da beti lagun artean ibiltzea eta halakoxea izan zen joan den larunbatean San Franciscoko Basque Cultural Center-en bizi izan zen giro eta anbianza: Society of Basque Studies in America (SBSA) batasunak deiturik, ehunda laurogei bat lagunek bertako ekitaldi aretoa bete zuten, bost lagun ohoratzeko, bihotzez ohoratu ere, haiek ere anitz urtez bihotzez eginiko lana eta amodioa baitzen bertan goraipatu nahi zena, lagunek lagunei eskaini gau-pasa abegikor batean. Omenduak, Franxua Bidaurreta, Johnny Kurutxet, Frederic Fuldain, Aña Iriartborde eta Jakes Unhassobiscay. Horietarik Frederic eta Jakes, zenduak maleruski. Bizirik --arras bizirik-- eta hunkiturik, Aña, Johnny eta Franxua. Zorionak, merezitako zorionak, zuoi, eta segi hola-hola oraino urte askotan.
Lagun arteko gauzak beti dira politak eta hala izan zen joan den larunbatean South San Franciscoko Euskal Etxean bizi izan zen istorioa. New Yorketik hegazkinez heldu zen Emilia Doyaga, SBSAko lehendakariordea, eta Euskal Herritik Jose Ramon Cengotitabengoa, lehendakaria. Eurak eta San Franciscoko SFBC eta SFBCC euskal etxeetako buruzagiak izan ziren omenaldi-ekitaldiko buru. Euskal Herritik omenaldirako propio etorritako beste pertsona bat ere bazen, eta gainerakoak gehientsuenak San Francisco beretik eta Kaliforniako herrietatik, baina baita Nevadatik --Renoko Unibertsitateko jende multzoa bazen--, Wyomingetik eta Washington estatutik ere.

XXVI zenbakia zeraman Hall of Fame edo Omenaldia egiten zen eta, ohi bezala, Emilia Doyagak hartu zuen lehenik hitza, bera izan baitzen ekitaldiko aukezle nagusia. Hitz batzuk eskaini zituen baita ere San Francisco bertako lehendakariak, Xabier Berruetak; hitz goxoak eta ongi esanak, bera, San Franciscon sortua eta hazia izanik, adibide eta etsenplu izan baititu bere bizian bost pertsonok. Izan ere, miresmena eta laguntasuna, hurbiltasuna eta kariñoa izan ziren nagusi, arratsaldeko seietan elgarretaratze-koktel batekin hasirik abantxu gaueko hamabi t'erdiak arte luzatu zen afari eta ohoratze-ekitaldian.

Euskal Etxeko areto nagusia betea

[South San Franciscoko Euskal Etxearen, 'Basque Cultural Center' delakoaren areto nagusia jendez bete zen XXVI 'Hall of Fame' edo Omenaldia egiteko (argazkia EuskalKultura.com)]

Saria hartu aitzin, omendu bakoitza ongi ezagutzen zuen pertsona hautu batek eskaintzen zuen haren soslaia edo profila, eta zeuzkan mereximenduak esplikatu. Honela, Franxua Bidaurretarena, bere alaba Oliviak egin zuen; Johnny Kurutxet-ena, Jean-Leon Oçafrain-ek; Frederic Fuldain-ena, bere iloba Isabelle Duhaldek; Aña Iriartborde-rena, haren seme Robert Iriartbordek; eta Jakes Unhassobiscay-rena, Pierro Etcharren-ek.

Aurkezpen edo soslaiaren aurretik, argazki eta irudiez osaturiko ikus-entzuteko batek pertsonaia bakoitzaren berri grafikoa eman zuen. Azken lan hau, izugarri ongi prestatua eta egokitua, Philippe Acheritogaray-k egin zuen. Omendu bat baino gehiago estonatu zen bere sorterriko eta sortetxeko argazkia bertan ikusi zuelarik, hunkitzea gauak berezko ezaugarri izan baitzuen.

Franxua esnazuarra, Johnny SFco-ko ezterenzubiarra

Ohoratuei buruz, zer esan. Franxua Bidaurreta baxenabartarra (Esnazu, 1942) hogeita bat urtetan etorri zen Estatu Batuetara. Euskal Herrian pilota, klika eta antzerkia zaletasun bazeuzkan, Ameriketara etorririk, ahal izan zuelarik, horietan beretan hasi zen. Lan handia eginikoa, aitzindari izan zen eta Basque Cultural Center bera egiten eragile eta sostengatzaile azkarra.

[Emilia Doyaga New Yorken jaiotako euskaldunak, SBSAko lehendakariorde denak gidatu zuen zeremonia. Haren ezkerrean, Xabier Berrueta sanfranciscotarra eta San Franciscoko Euskal Etxeko lehendakaria ikus daiteke, eskua luzatuta, eta ezkerrean, ezkutatuta, Jose Ramon Cengotitabengoa SBSAko lehendakaria eta omenduetako batzuk (argazkia EuskalKultura.com)]

Euskarak eta euskal kulturak arrenguraturik, beti arizan da euskaltzale, izan klikako makilari, Euskal Etxeko menbru edo presidente, esku pilota arduradun klubean eta NABOn, Pilota Federazioko eragile eta presidente, SFBCCeko kide, zuzendari edo presidente, edota BEOko (Basque Cultural Organization) kide edo presidente, baina gehienbat guzti horietan langile eta bultzatzaile azkar. Emazte Ester (Antxustegi) Bidaurreta idahotarra ere, 1981ean harekin ezkondua, bertan zen, baita ere bere bi seme-alabak, Olivia eta Nick, azken hau dantzari jardun zela.

Jonny Kurutxet-i dagokionez (San Francisco, 1942), San Franciscon jaio baina sei hilabete zituela bere familia Ezterenzubira (Nafarroa Beherea) itzuli zen. Hemeretzi urtetan itzuli zen Kaliforniara, eta bertan ari da geroztik. Klikako partaide, Zazpiak Bat taldeko dantzari izana, antzerki jokolari, SFBCCeko eragile, sostengatzaile eta presidente ohi, SFBCeko gauza bera, Elgarrekin euskal koraleko partaide eta, partikularzki San Franciscoko bertsolari. Bertsolari gisa, National Endowment for the Arts National Heritage Fellowship saria hartutakoa da Washington DC-n. Gizon langilea eta euskaltzale nekaezina.

Bidarraiko Frederic, Eiheralarreko Aña

Frederic Fuldain (1929-2006) bidarraitarra aurten zendua da San Franciscon. Aita Bizkaiko euskalduna eta ama Buenos Airesen sortu euskalduna, beste askok bezala bera ere Ameriketara jin zen, lehenik Bakersfield-era eta ondoren San Francisco aldera. San Franciscoko Zazpiak Bat dantza taldea eta lehenengo mus txapelketa antolatu zituen, baita pilota txapelketak ere. Zura ederki lantzen zuen eta artisau lan ederrak egin ohi zituen, euskal moldekoak. Horien artean hain segur preziatuena Euskal Etxearentzat egin zuen kebide edo tximini-sutondoa, Euskal Herriko zazpi probintzien armarriekin egurrean xarmantki eginak. 30 urtez San Franciscoko Euskal Etxeko ohorezko presidente izan zen.

Aña Etchehandy Iriartborde (Eiheralarre, 1935) emazte goxo langile eta isila izan da San Franciscoko euskal komunitatean. Beti lanean, Eiheralarreko Kondixenian guraso eta aitzinakoengandik ikasi zituen etsenplua gogoan, arrabots handirik gabe on egiten, familia hazten, fedeari, euskarari eta euskal kulturari atxikia. Behar izan den tokian han arizan eta egon da, 2005eko maiatzean hil zitzaion senar Ganix lagun ordainezin.

[Aña (Etchehandy) Iriartborde eiheralartarra, Johnny Kurutxet San Franciscon sortu ezterenzubiarra eta Franxua Bidaurreta esnazuarra, zutik, heien ohoretan dantzatzen ari ziren agurraren unean (argazkia EuskalKultura.com)]

Tradizioei atxikia, mentalitate irekia eta geroa beti buruan izan duen pertsona, bere familia eta komunitate osoarendako. Euskal Herrian lehenik eta 1966tik aitzina Kalifornian, artxibari lana egin du, etxean bildu eta gorde baititu argazkiak, egunkari-mozketak, paperak, aldizkariak, programak eta abarrak, emeki-emeki euskal komunitatearen historia dokumentatzen joanez. Ildo horretan, argazki, 8mm-ko film eta bideo egile. Ganix senarrarekin batera hoteleroa izan da, Des Alpes ostatuan, Ganix lehenago Hotel de Españan ere aritua zelarik. Andere eskuzabala eta euskaltzale fin eta tinkia, egun ere komunitatearen zutabe isil baina irmo segitzen duena.

Jakes Unhassobiscay mehaindarra

Jakes Unhassobiscay (1938-2002) San Franciscoko euskal komunitateko beste zutabe bat izan da, ezinbestekoa bertako egungo Euskal Etxe dotorea eraikitzeko proiektua gauza zedin. Pertsona oso aktiboa eta urrun begiratzen zekiena, ber denboran diferente pentsatzen zuten pertsonak biltzeko gaitasuna zeukan, indarrak metatu, bildu eta lanean paratzeko gaitasuna.

San Franciscoko euskal komunitateko erakunde guztietan utzi zuen ekarria. Presidente, zuzendari eta NABO ordezkari SFBC eta SFBCCendako, NABOko presidente eta buruzagi, AEBetako Pilota Federazioko presidente, zuzendari eta sortzaile, euskal antzerki jokolari, klikako partaide, Zazpiak Bat dantzarietako kide, Elgarrekin euskal koraleko menbro... Zorigaiztoko istripu batek eraman zuen Euskal Herrian, 64 urte zituela 2002an.

Zazpiak Bat euskal dantzarien ohorezko agurra

Omenduei ohore egiteko, haiei plakak banatu ostean San Franciscoko Euskal Etxe bereko Zazpiak Bat dantzariek agurra eskaini zieten, eta ondoren dantza emanaldi bat. Valerie Etcharren-en zuzendaritzapean aritu ziren Mark Sorhouet, Nick Bidaurreta, Jerome Goyhenetche, Shane Torpey, Brittany Chamalbide, Anne-Marie Chiramberro, Nathalie Sorhouet, Danielle Espinal, Gabi Iturburua eta Nathalie Iturburua. Txistulariak, berriz, Christian Iribarren, Valerie Arrechea, Mark Sorhouet eta Caroline Chiramberro izan ziren.

[San Franciscoko 'Zazpiak Bat' euskal dantza taldeko kideek ere euren ekarpena egin nahi izan zioten Omenaldiari; agurra dantzatu ondoren, euskal dantza emanaldia burutu zuten, bertako lau txistularien musikapean (argazkia EuskalKultura.com)]

Gaueko hondarreko zatian, bertsolariak arizan ziren: Martin Goikoetxea, Wyoming-eko Rock Springs-etik etorria; Jesus Goñi, Nevadako Renotik etorria; eta Graxan Alfaro eta Johnny Kurutxet bera, San Francisco bertakoak. Haiekin ibili zen, jai-jartzaile fin, Franxua Bidaurreta.

[Gauari behar bezalako bukaera egokia ezartzeko, bertsolariak jardun ziren, Franxua Bidaurrera omendua jai-jartzaile; ezkerrtik eskuinera, Franxua Bidaurreta, Johnny Kurutxet, Jesus Goñi, Gexan Alfaro eta Martin Goikoetxea (argazkia EuskalKultura.com)]

Irri eta esku-zarta politak entzun ziren, oraindik ere posible baita San Franciscon euskarazko ekitaldiak egin eta jendeak segitzea. Gau gogoangarria izan zen, hunkigarria eta, Euskal Herritik milaka kilometro edo miliara egina izanagatik, Euskal Herriaren bihotzean egina.


LOTURA GEHIGARRIAK

Society of Basques Studies in America
www.basque.ws

San Francisco Basque Club (SFBC)
www.basqueclub.com

San Francisco Basque Cultural Center (SFBCC)
www.basqueculturalcenter.com

San Francisco Basque Educational Organization (BEO)
www.basqueed.org

'El Hall of Fame premia a destacados euskaltzales de San Francisco'
2006ko azaroaren 11ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia