Pertsona ezaguna izan da Pedro Juan Etxamendi (1914-2002) Kalifornia euskaldunean. Baxenabartarra (Ondarrolako arnegitarra) jaiotzez, trebetasun eta abildade bereziak zeuzkan musikarako. Lehenik Euskal Herrian eta, 1950tik aurrera, AEBetan, euskaldun askori ekarri zioten alegrantzia eta bizi-poza berak andana bat elkarretaratze, festa eta bilkuretara bildutako musika eta giroak. Herrikoi bihurtutako aireen egile, txistulari, soinujole eta bertsogile ere izan zen. Etxamendik sortutako hainbat bertso eta aireen bilduma kaleratu du orain Auspoak, Renoko Unibertsitateko Joxe Mallea-Olaetxek prestatua musikariaren seme-alaba kaliforniar euskaradunek utzitako euren aitaren artxiboa oinarri.
Joseba Etxarri/Donostia. Bi urte eta erdi pasatuxe joan dira Pedro Juan Etxamendi 2002ko urrian Kalifornian hil zenetik, eta airean zebilen bere herentzia eta emaitzak, airetik desagertu gabe, paperera ere egin du jauzia, 'California'ko bertsolari eta musikari' izeneko liburua plazaratu berri baitu Auspoa Liburutegiak, musikari eta bertsogile euskal amerikar honen lan idatzietako gehienak liburu gisa bilduz. Nevada-Renoko Unibertsitatean (UNR) diharduen Joxe Mallea-Olaetxe irakasleak hartu du argitaratzearen ardura, sarrera batez hornituz eta Etxamendiren seme-alabek Estatu Batuetako Martxel Tillous apez ibilitaren eskuetan utzitako euren aitaren bertso-idatzi eta paper artxiboa baliatuz.
Nork ez zuen Pedro Juan ezagutzen Chino eta Hego Kaliforniako euskaldunen artean? Berak jo eta idatzi aire eta musikek Euskal Herriko eta Kaliforniako bazterrak alaitu eta euskaldundu zituzten. Garazi aldean nork ez ditu oroituko harek akordeonan --eta gaztetan tronpetaz ere-- jotzen zituen fandangoak-eta, besteak beste Piarrestegi-ren orkestrarekin? Eta Kalifornian, zenbat eta zenbat euskal bestek ez ote diote berari zor musika euskaldunaren bozkario eta alaitasuna? Musika idazle eta jole izan zen Pedro Juan, eta oso gogoko zeukan bertsuak idaztea ere.
"Euskaldun sistema guztiak ene gustukoak izan dira, zenbait bertsu eta aire nihaurek konposatu ditut, nahiz eta jendeak ez dakien eneak direnik; badut eginik holako anitz, enetzat balio haundirik ez dutenak, baina bizkitartean jendeak kantatu eta dantzatzen ditu", aitortu zigun duela urte batzuk, eta hala zabaldu genuen Euskadi Irratiko uhinetan. Honelakoxea baitzen Pedro Juan: lan isila baina kontribuzio ederra izan zen berea. Horregatik behar bada, NABOk eta Ipar Ameriketako euskaldunek omenaldi berezia egin zioten San Franciscon 1994an, 'Lehenengo Akordeolarien Biltzarra'ren baitan.
Pedro Juan, Mathilda Kurutxet-ekin 1944an Euskal Herrian ezkondu eta 1950ean heldu zen Estatu Batuetara bizia ateratzera, Montanako Miles City-ra lehenik, eta ondoren Kaliforniako Chino aldera. Bere letxerian egin zuen lan, osagarriak utzi zion arte, Pomonan eta Barstow-en, eta bertan hazi zuen familia. Musikazale handia, erretiratu zelarik ere musika lanetan segitu zuen. 1970eko hamarkadan txistua jotzen ikasi eta akordeon eta txistu irakasle ere izan zen, besteak beste NABOko udalekuko haurrekin. Nevada-Renoko Unibertsitateko euskal musika liburu baten proiektuan lan egin zuen eta anitz urtez izkiriatu ditu Chinoko piknikeko mezan irakurri eta kantatu diren bertsuak.
Estimatuko du Pedro-Juanek, nonahi dagoela, bere izenpean atera duten liburua, are gehiago ondare euskaldun eta euskal-amerikarrarekiko bere hondar-ale hau idatzian betiko gordetzea Mathieu, Anne-Odile eta Mike seme-alaben, Martxel Tillous euskal apezaren eta Nevadako Unibertsitateko Mallea-Olaetxe irakaslearen sinergian oinarritua dela jakitean.
LIBURUA
-Izenburua: California'ko bertsolari eta musikari
-Egilea: Pedro Juan Etxamendy (sic)
-Paratzailea: Joxe Mallea-Olaetxe
-Argitaldaria: Auspoa Liburutegia, Gipuzkoako Foru Aldundia
-Orrialdeak: 295
-ISBN: 84-7907-446-9
Esteka osagarriak
Liburua internetez erosteko bide bat
www.megadenda.com
A Basque Historian's Dilemma
An article by Joxe-Mallea-Olaetxe
Joxe Mallea-Olaetxe bertso-jartzaile Nevadan
Bertsolaritzaren segida