diáspora y cultura vasca
31/05/2005
PUBLICIDAD
Jose Luis Lizundia. Lehengo eta behin esan dezadan, Juanito euskalgintzaren Land Roverra izan dela. Duela berrogei bat urte ezagutu nuen Juanito, oker ez banago, Bittor Kapanagaren bidez. Hasieratik izan genuen enpatia. Berarekin egindako solasaldi luze, baina ez aspergarrietan probetxuzkoetan baizik jakin nuen soldaduska garaian garatu zuen liburuak irakurtzeko zaletasunak zabaldu zuela haren izaera kulturara eta gure mintzaira nazionalera. Mendizaletasunari ere onomastika alorrean etekinak ateratzen jakin zuen, zehatzago esan, oronimian ikerketa ugari eginez. Txomin Uriarte eta Paco Iriondoren eskariari so eginez, Euskal Herriko Mendi Katalogoa goitik behera arakatu eta normalizatu zuen Onomastika batzorde akademikoak. Zer esanik ez, Juanito izan zen batzordekideon artean emaitzarik oparoena eman zuena, zeren eta mendizaletasunari ere euskaltzaletasun eta hizkuntzaren normalizazioa aplikatzen bai baitzekien. Norbaitek, noizbait, Juanitoren kultur kosmogonia osoa aztertu beharko luke, eta ez litzateke lan makala aterako!
Todo-terreno honen alderdi asko ezagutu ditut. Batzuek, nik baino hobeto azalduko zituzten edo dituzte horiek. Oraingo honetan, bat azaldu behar dut, ordea: Euskaltzaindian egindako lan bikaina. Euskera agerkaria hartzea da biderik aproposena horretarako, bertan aurki bai baitaitezke haren artikuluak, Idazkaritzako batzar-agiriak, proposamenak, Idazkaritza garaiko, Jagon sailburu garaiko eta Gipuzkoako ordezkari izan zen urteetako materialak eta beste. Haietan agertuko dira hamaika egitasmo, batzuek aurrera eraman ahal izan zituenak edo bidean gelditu zirenak, eta ez bere erruz, noski. Aurrera eramandako batzuk aipatuko ditut.
Gerediaga Elkarteko idazkari nintzela, 1969ko programazioa egikeran, euskal idazleen biltzarra antolatzeko eskatu zidan, udarako. Garai hartan ez zen posible, gaur egun bezala, idazleen elkarte bat legeztatzea eta, bestalde, ez zuen egoki ikusten Euskaltzaindiak horrelako bilkura edo jardunaldi batzuk eratzea, udazkenean, Arantzazun, euskara batuari buruz Biltzar bat programatua baitzuen Akademiak berak. Gerediaga Elkartearen Zuzendaritzan onartu genuen eskaria eta Ermuan, ekainaren hondarrean egitea erabaki zen. Hiri horretako Eskola Profesionalean egin ziren jardunaldiok, bertako ordezkari zen Agustin Aranberria izan zelarik lanik gehien egin zuena. Gerra ostean ez ziren Hegoaldean hainbeste idazle eta euskaltzale bildu, hasi Gabriel Arestirekin eta Pierre Lafitterekin buka, eta tartean erbesteraturik zeuden Txillardegi eta bestek bere txosten edo iradokizunak igorri zituztelarik. Euskara batuaren historian, Arantzazuko Biltzarra girotzeko eta prestatzeko ezinbestekoa suertatu zen Ermua. Juanitoren iniziatibaren ondorioa hau ere.
Arantzazuko Biltzar famatuaren arima ere Juanito izan zen. Bera zen, Euskaltzaindiaren idazkari legez, antolakizun burua. Han egon ginen, Hospederiatik kanpora, Sindikan, Iñaki Beobide eta biok, Juanitoren esanetara.
Arantzazukotik bi hilabete eskasera, Irigoien orduko idazkariordeak dimititu eta Salamancako Unibertsitatera estudiatzera joan zen. Hara non datorkidan Juanito, ezer abisatu gabe, Garaiko udaletxera, proposamen hau egitera: «Euskaltzaindiak idazkariorde barri bat hartu behar jok eta aurkeztu hadi, heu izango haiz nire kandidatua». Arrazoi ugari eman zizkidan. Bi euskaltzain urgazle aurkeztu ginen, Gabriel Aresti eta biok, biok Merkataritza ikasketadunak eta, Gabrielek gutun baten bidez uko egin zuenez gero, nire alde jarriaz, Baionako Euskal Museoan non Euskaltzaindiak Urrezko Ezteiak ospatzen baitzituen idazkariorde izendatua izan nintzen 1969ko urtarrilean. Juanito izan zen eragile eta beragatik hartu nuen euskalgintzako lehen erakundearekiko kudeaketa.
Aditz batuaren deklinabide, erakusle, onomastika eta beste araugintzaren lanen buru Villasante bazen ere, gidari linguistikoa Mitxelena idazkari zenetik Juanito zen hirukote akademikoaren triangeluaren beste ertza. Arantzazutik hamar urtera, hurrengo Biltzarra Bergaran, Luis Eleizalderen mendeurrenkari, eratu zenean, Juanito izan zen antolakizun buru, ni idazkari. Ez dago esan beharrik, 1978ko biltzar hark gure hizkuntzaren estandarizazio garapenean berebiziko garrantzia izan zuela.
1979an, Eusko Kontseilu Orokorrean, alegia, erakunde preautonomikoan hartu zuen karguagatik, idazkaritza akademikoa utzi beharrean aurkitu bazen ere, Euskaltzaindiko lanetara itzuli zen urte eta erdi barru. Euskaltzainburu izan ezik, ia kargu guztiak izan ditu: diruzain, Jagon sailburu, Gipuzkoako ordezkari eta buruorde. 1989an, buruorde izendatu zuen Euskaltzaindiak eta hilabete gutxira, Euskal Autonomi Erkidegoko Ararteko izendatu zutenez, utzi egin zuen. Sei urtez, ez legezko inkonpatibilatearen neurriz soilik, baita bere etikagatik ere, ez zuen Euskaltzaindiaren erabaki, martxa eta lanetan parterik hartu. Mendeurren edo ospakizunen bat edo bestera bakarrik agertu zen. Hori bai, aholkua eskatuz gero, beti emateko prest.
1995ean, Arartekotza utzi ondoren, berriz hasi zen Euskaltzaindian parte hartzen, baina kargurik gabe. Onomastikakoa izan da partaidetzarik oparoena azken urteotan eta horren lekuko naiz, batzordea sortu zenetik, 1972tik, lehen hogeita bost urtetan batzorde idazkari izan nintzelako. Azken zazpi urteotan, beste bi batzordetan ere parte hartu du, Azkue Bibliotekakoan eta Argitalpenetakoan. Onomasticon Vasconiae bilduman Eibar eta Elgetako toponomastika / Toponomástica de Eibar y Elgeta liburuaren egile izan da eta Eibarko hiri toponimiaren bultzatzaile. Argitalpen batzordekide gisa Euskera. Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala 1920-1979 urteen arteko aurkidibea / indice / index. Bilbo 1980 liburuaren egile. Orobat, bera izan da Euskaltzaindiaren argitalpenen lehen Katalogoaren egilea, eta katalogo horretan begirada bat ematea aski da, bera zein libururen eragile izan den ohartzeko. Garrantzitsuenak aipatzeko: gerra aurreko Euskera agerkariaren berrargitalpena, orobat R. M. Azkueren Diccionario Vasco-español-francés, Euskalerriaren Yakintza, Iker bildumaren hasiera, Euskararen Liburu Zuria, Jagon bildumaren sorrerako Iparragirre eta 1982ko bertsolari txapelketa.
Bertsolari txapelketaren liburua dela eta, gogoan dut, Jagon sailburu izan zen urteetan, Euskaltzaindiaren babespean egin ziren bertsolari txapelketa nagusien antolakizun buru bera zela. Jakin nahiko nuke gaurko zenbat bertsolari eta bertsozalek dakiten hori. Ezin, ordea, zerrendatu sailburutza izan zuen urteetan zenbat egitasmo aurkeztu zituen, asko eta asko aurrera eraman gabe gelditu zirenak baliabiderik eta babesik ez zegoelako. Zenbatek ote du gogoan Juanito izan genuela Alfabetatze-Euskalduntze Batzordeen buru, Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren babespeko urte luzeetan, eta beraz, baita gaurko AEK elkartearena ere? Berak sinatu zuen 1981eko ekainaren 12an, Euskaltzaindiak Gasteizen duen Ordezkaritzan, AEK-ko arduradunekin «transferentzia» akordioa, AEK elkarte bereizi bezala legeztatzen zuena.
Jagon Sailaren baitan sortu zen 1977an, Oinarrizko Euskararen batzordea, zeinetan Aita Imanol Berriatuak lan izugarria egin baitzuen. Hebraierazko ulpan delakoaren esperientziaz baliatu zen eta euskaltegi hitz baliokidea sortu eta euskalduntze bide bat urratu zuen. Egitasmoa onartu egin zuen Juanitok, Iberdueroren babesa lortu eta euskal espedizio bat joan zen Israelera. Ongi oroituko da bidaia horretaz oraingo Gipuzkoako Diputatu Nagusia.
Amaitzeko, hauxe esango nuke: XX. mendearen bigarren erdian, euskal kulturgintzan eragilerik izan bada, zalantzarik gabe lehen eragilea, eragilerik sutsuena Juan San Martin izan zela. Euskal Herriak eta Gipuzkoak zor diote Probintziako seme argi honi aitormen hori.
(Jose Luis Lizundiaren baimenez)
Lotura gehigarriak
Juan San Martin Eibarko seme kuttun
Eibarko Ego Ibarra-ren web gunean
PUBLICIDAD
PUBLICIDAD
PUBLICIDAD
PUBLICIDAD
PUBLICIDAD
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus