euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Juan Mari Lekuona euskaltzain eta poeta zendu da; haren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da Oiartzunen

06/12/2005

Juan Mari Lekuona, euskaltzain eta poeta oiartzuarra atzo zendu zen Donostia; Hileta elizkizunak gaur egingo zaizkio Oiartzun jaioterrian
Juan Mari Lekuona, euskaltzain eta poeta oiartzuarra atzo zendu zen Donostia; Hileta elizkizunak gaur egingo zaizkio Oiartzun jaioterrian

PUBLICIDAD

Donostian hil zen atzo, 78 urte zituela, Juan Mari Lekuona euskaltzaina. Oiartzungo San Esteban parrokian egingo dute gaur haren aldeko hileta elizkizuna. Juan Mari Lekuona Oiartzunen jaio zen 1927an eta teologia ikasketak egin zituen Erroman. Gaztetandik literatura eta bereziki poesiarekiko zaletasuna agertu zuen, Lauaxeta, Lizardi eta Arestiren eragina jasan zuelarik. 1987 euskaltzain oso izendatu zuten eta 1989tik aurtengo maiatza arte Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaria izan da.
Juan Mari Lekuona euskaltzaina Donostian hil zen atzo goizaldean, gaisotasun luze baten ondorioz. Bere jaioterrian, Oiartzunen, omenaldia egin zioten goizeko 11:00etatik aurrera San Esteban eliza ondoan dagoen San Juan Kultur Etxean hilkapera jarrita. Hileta elizkizuna gaur izango da, San Esteban elizan hain zuzen ere.

Juan Mari Lekuona Berasategi Oiartzunen jaio zen, 1927. urtean. Teologia ikasketak egin zituen eta meza berria Oiartzunen bertan egin zuen, 1953an. Urte horretan bertan Erromara joan zen Teologia Izpirituala ikastera eta han idatzi zuen bere euskarazko lehen poema, 'Mindura gaur' izenekoa.

Oso gaztetandik sentitu zuen Juan Mari Lekuonak literaturarekiko zaletasuna eta euskal kulturaren egoera zaila ikusita, euskaraz idaztea erabaki zuen. Lehendabiziko influentziak Orixe, Lauaxeta eta Lizardi izan zituen, bigarren fase batean Aresti deskubritu zuelarik: haren eraginez, batez ere, hasi zen poesia sozial eta existentziala egiten.

'Oianburu' izenordea erabili izan du Juan Mari Lekuonak bere lanak argitaratzeko. 'Egan', 'Olerti', 'Zeruko Argia', 'El Bidasoa' eta beste hainbat aldizkaritan argitara eman ditu bere lanak. Aita Barandiaranek eta Jorge Oteizak eragin handia izan dute Lekuonaren poesian. Bestetik, literaturaz gain, kantua eta bertsolaritza ere oso gustuko izan dira berarentzat.

Lekuona, 'kezkaren antropologoa'

1953an euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta 1987an, berriz, euskaltzain oso. Manuel Lekuona bere osabaren ordez hautatu izan zen Juan Mari eta Oiartzunen egin zuen bere sarrera hitzaldia, 1988ko uztailaren 30ean. 2002ko apirilean, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, oiartzuar poeta honen inguruko jardunaldiak egin ziren, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Jardunaldi hauen izenburua 'Juan Mari Lekuona, kezkaren antropologoa' izan zen.

Urte askotan zehar, 1989az geroztik, Juan Mari Lekuona Euskaltzaindiaren Donostiako ordezkaria izan da, 2005eko maiatzera arte. Euskaltzaindiako Literatura batzordeko burua izana da ere, 2005 arte; urte horretan bertan, batzorde horretako ohorezko buru izendatu zuten. Jagon Sailaren Sustapen batzordeko kide ere izana da. Bestetik, 1989tik 1996ra Akademiako buruordea izan zen.

Juan Mari Lekuonak birritan irabazi zuen Euskadi Literatur Saria (1979 eta 1990); 'Ilargiaren eskolan' eta 'Mimodramak eta ikonoak' poema liburuengatik. Argitaratutako lanen artean 'Mundura gaur' (1966), 'Muga Beroak' (1973), 'Salmoen olerki alderdia', (1974), 'Txirrita eta Basarri', (1975), 'Ilargiaren eskolan', (1979), 'Ahozko euskal literatura', (1982), 'Mimodramak eta ikonoak' (1990), 'Manuel Lekuona: Bio-bibliografia' (1995), 'Mistika liburuak' (1997), 'Ibilbidea/Itinerario' (1996) eta 'Ikaskuntzak eta euskal literaturaz' (1974-1996), aldizkarietan sakabanaturik zeuden hainbat artikuluren bilduma.


LEKUKOTASUNAK

Andres Urrutia:
'Euskarari poetikotasun berria eman zion'

“Astelehen goiz honetan jakin dut Juan Mari Lekuona hil dela. Berehala etorri zaizkit gogora hark ondutako lanak eta ahaleginak. Izan ere, Juan Mari Lekuona gerra osteko belaunaldi euskaltzalearen partaide da. Belaunaldi horrek bateratu egin behar izan zituen, urte latz eta gordinetan, euskaltzaletasun teorikoa eta praktikoa. Idazle eta olerkari ez ezik, unibertsitateko irakasle eta euskaltzain oso izan da Juan Mari Lekuona. Osaba Manuel Lekuonaren lorratzari jarraituz, Juan Marik asmatu zuen euskarari poetikotasun berria ematea, betidanik euskarak izan duen tradizio poetikoan oinarritua eta mamitua. Haratago ere joan da eta haren 'Ahozko Euskal Literatura' gida-liburu nagusi izan dugu askok. Zer esanik ez, haren jokabide instituzionala azpimarratzekoa da, batez ere Euskaltzaindian izan dituen ardura handiko zereginen ikuspegitik; hartara, buruorde (1989–1996) eta Gipuzkoako ordezkari (1989–2005) izan da, gaur egun Literatura Batzordearen ohorezko buru ere bazela”.

Ana Toledo:
'Portaera etikoak gobernatutako bizitza'

Beste guztiaren gainetik, portaera etikoak bideratu zuen Juan Mari Lekuonaren bizitza, Ana Toledo euskaltzain eta Gipuzkoako egungo ordezkariaren ustez: “Giza harremanetan eta bere obran, etika izan zen nagusia”.

Toledoren esanetan, Juan Mari Lekuonaren obran bereizi genezake Lekuona herri literaturaren aztertzaile eta Lekuona poeta. “Aztertzaileari --esan du Toledok--, Unibertsitateko geletara herri-literaturaren azterketa eramatea egokitu zitzaion. 1960an, Deustuko Unibertsitateak Euskal Filologian lizentziatura jarri zuen, eta hara joan zen irakastera. Azterketa horietan erakusten duen portaera etikoa zorroztasunaz beterik dago, zorroztasunarekin berarekin uztartu zuen”. Hala bada, portaera etiko horrek bultzaturik, zerbait berria esan behar zuenean soil-soilik hitz egiten zuen eta esaten zuen hori oso landuta zeukan.

Ana Toledoren esanetan, Juan Mari Lekuona etengabe ari izan zen adierazpen egokiaren bila, hitz zehatzen atzetik ibili zen beti, eta horrek utzi digu XX. mendeko poeta handi bat.

Jean Haritschelhar:
'Berea eman du, osoki'

“Eliz-gizona, olerkaria, euskaltzaina”. Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak ederki ezagutu du Juan Mari Lekuona, bai Euskaltzaindiko Literatura Batzordean elkarrekin aritu izan direlako --Lekuona batzordeburu izana da denbora luzez--, baita Haritschelhar euskaltzainburu izan den urteotan, Juan Mari Lekuona bere ondoan izan duelako ere, buruorde bezala. “Gizon umila zen --esaten du Haritschelharrek--, kontseilu onak ematen zekiena. Asko estimatzen nuen aholkulari gisa, berak esandakoak beti hartzen nituen kontuan”.

Euskaltzaindian, “berea eman du osoki”, Jean Haritschelharren esanetan. Olerkari bezala, abangoardiaren bidea aukeratu bazuen ere, euskal poeta klasikoak “biziki maite zituen. Zubia markatzen zuen Juan Mari Lekuonak: lehengo olerkariak arakatuz eta ikertuz alde batetik, eta aldi berean punta-puntako poemak idatziz”.

Jose Luis Lizundia:
'El gran relieve institucional académico de Lekuona'

“Por haberle tratado durante muchos años a Juan Mari Lekuona, además de reconocerle su gran valía como escritor, poeta y uno de los mejores conocedores de la literatura vasca, tanto oral como escrita, como profesor de la Universidad de Deusto, tengo que dejar constancia de otros aspectos no tan difundidos. Su callada labor como gobernante de Euskaltzaindia, ya que fue su vicepresidente desde 1989 hasta 1996. En más de una ocasión su opinión fue la más considerada, pues cuando hablaba, no se prodigaba como otros, siempre tenía la visión certera a favor de la independencia de la institución académica, frente a terceros, fuesen administraciones, asociaciones o grupos de presión. Recuerdo que en una situación difícil, hicimos “mitad de camino” en Itziar, siendo su parecer decisivo.

Como Delegado de Euskaltzaindia en Gipuzkoa durante un largo período, las citas en su despacho serán recordadas por muchos escritores e investigadores. Finalmente como presidente de una de las cinco comisiones permanentes de la Academia, la de Literatura llevó a cabo el proyecto de la terminología literaria en euskera, que próximamente saldrá a la luz y será el mejor broche de su quehacer académico”.


Lotura interesgarriak

Juan Mari Lekuona Literaturaren Zubitegian
Linkak eta bibliografia

Informazioa gazteleraz Euskal Herriko prentsan:

Fallece Juan Mari Lekuona, poeta y académico vasco
El Diario Vasco egunkarian

Fallece el euskaltzale y poeta Juan Mari Lekuona
Gara egunkarian

Fallece a los 78 años el poeta y euskaltzaina Juan Mari Lekuona
Diario de Navarra egunkarian


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia