euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Josean Artze, olerkari eta txalapartaria: 'Gaur egun ez dago txalapartaren tradiziorik eta transmisiorik'

26/07/2005

Josean Artze olerkari eta txalaparta maisu  usurbildarra (Gara argazkia)
Josean Artze olerkari eta txalaparta maisu usurbildarra (Gara argazkia)

PUBLICIDAD

Josean Artze olerkari eta txalapartaria Errobiko jaialdia Itsasun duela hamar urte hasi zenetik urtero hitzordu horretan egon da. Aurten, transmisioa jaialdiaren gaia nagusia denez, txalaparta nola ikasi zuen eta zer bilakaera izan duen azaltzeko aukera izan du. Horretarako, Aitor Alkorta izan zuen lagun. Txalapartari buruz lantzen ari den liburuaz ere hitz egin zuen Artzek, Gara egunkariarekin izaniko solasaldian agerian uzten denez.
Txalapartak duen bilakaera eta bere jatorria azaldu zituen joan den ostegunean Josean Artzek. Ttakun txalapartaren oinarrizko erritmoa zela gogoratu, eta euskal kulturan dauden beste hainbat arlo bezala zalditik datorrela adierazi zuen. Horrenbestez, erritmo nagusi horretatik baztertzen dena ez zela txalaparta arrazoitu zuen.

­-Transmisioa da aurtengo jaialdiko gai nagusia. Nola lotu zinen musika tresna horrekin?

Txalaparta guri heldu zitzaigun Lasarteko Zuhatznabar anaien bidez. Mendeetan barrena txalaparta mantendu zuten, gurasoengandik ikasita. Txalaparta ezagutu genuenean anaia eta biok haiengana joan ginen, ikasi nahi genuen. Askari oparo bat egin genuen, eta hau esan ziguten: 'Txalaparta jotzeko gauza bat egin behar da, lehenbizi ondo jan eta hobekiago edan'. Hasi ginen ikasten, eta gero gure aldetik jarraitu genuen. Zaharrengandik txalaparta lanerako erritmo gisa erabiltzen ikasi zutela esan ziguten, eta ez musika tresna gisa.

-­Horrek erran nahi du lanerako baliatzen zela?

Herriko beste tradizioak ikusita, horrelako tradizio musikalek sorrera sakratua izaten dutela agertzen da. Gero jaietan baliatzen da, eta hor erabiltzen den erritmoa lanerako egokia izatea ere ondo dago. Baina, haien eginkizuna hasieran askoz garrantzitsuagoa zen. Bestalde, txalapartak zaldiaren lauhazka esan nahi du. Txalaparta dantzetan eta harpeetako paretetan ikusten badugu zaldiak garai batean garrantzi handia izan duela ageri da. Beraz, zaldi mitikoarekin zerikusia izango zuen.

-­Txalapartak bilakaera handia izan du azken urteotan. Gaur egun transmisioak ez du zentzu bera?

Zahar haiek transmititzen zuten ikasi zutena. Oinarrizko erritmoa 'ttakun, ttakun' zen. Eta ttakun horri erantzun gisa herrenak ematen zitzaizkion. Hori zen transmititzen zena, gero bakoitzak bere bizitasuna ematen zion. Orain, bakoitzak nahi duena jotzen du. Beste mundu batean sartzen gara. Txalapartaren oinarrizko zentzua ttakun horretan dago. Hori baztertzen badugu jada ez da txalaparta, perkusiozko beste edozein tresna da. Hor tradiziorik eta transmisiorik ez dago.

-­Ez duzu ikusten hori bilakaera gisa?

Bilakaera izateko oinarrizko erritmo horren bilakaera beharko luke izan. Beste eremu batera pasatzen bazara, beste mundu erritmiko batean sartzen zara. Zaharrek orain dela 30.000 urteko zaldiak bezain fidelki transmititu digute. Garai hartako eta oraingo zaldiak ttakun berarekin ibiltzen zirela erakutsi digute.

-­Liburu bat lantzen ari zarete txalapartari buruzkoa. Zer da bere xedea?

Alde batetik, zaharrek zer esaten zuten, zer erakutsi diguten grabatu dugu. Baina, txalaparta noizkoa den geratzen zen airean. Gure beste arlo kultural batzuk ikusita, margoena, dantzarena eta irrintzina, txalaparta kokatu nahi izan dugu horiek sortu ziren garai horietan. Zaldi horrekin zerikusia izanen zuela, hori esan beharra dago, nahiz eta horri buruzko dokumenturik ez egon. Gure kultura ikusita, eta beste herrietan izan duen garapenean oinarrituta, horri buruzko zerbait egiten ari gara.

­-Noiz kaleratuko duzue?

Duela bi urte bukatua egon behar zuen eta oraindik ere geratzen da zerbait. Liburuarekin batera disko bat kaleratuko da, eta zaharren grabaketak, gu ikasten hasi ginenekoak eta herrialde ezberdinetan eman diren txalaparta saioak sartuko ditugu.

(Gara-n 2005-07-22an argitara emaniko elkarrizketa)


LOTURA GEHIGARRIAK

Txalaparta, Juanmari Beltran-ek Euskonews-en aurkeztua
Txalapartaren hiru bertsio nagusiak

Txalaparta (frantsesez, euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz)
txalaparta.free.fr webgunean

Herri Musikaren Txokoa
www.herrimusika.org


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia