euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Jose Maria Jimeno Jurioren ikerlanen dohaintza egin dio Euskaltzaindiari Artaxoako ikertzaile nafarraren familiak

18/06/2005

Dohaintzaren paperen sinaduraren unea; Elena Aranguren sinatzen, ondoan seme Roldan, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Andres Iñigo euskaltzaina dituela
Dohaintzaren paperen sinaduraren unea; Elena Aranguren sinatzen, ondoan seme Roldan, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Andres Iñigo euskaltzaina dituela

PUBLICIDAD

Jose Maria Jimeno Jurioren ikerketa-lanen emaitzak Euskaltzaindiari helarazi dizkio haren familiak, atzo eguerdian Iruñean izandako ekitaldian. Dohaintzari esker, Euskaltzaindiak ikertzaile artaxoarrak bildutako toponimia-fitxategiak eta Euskararen Historiaren gaineko lana eskuratuko ditu. Akademiaren asmoa da fitxategi horiek sailkatu eta digitalizatzea, bere Euskal Corpus Onomastikoan sartu ahal izateko. Digitalizatutakoaren kopia bat Jose Maria Jimeno Jurio zenaren familiakoei emango zaie. Ekitaldian Elena Aranguren eta Roldan Jimeno ikertzaile eta ohorezko euskaltzainaren alarguna eta semea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Andres Iñigo Onomastika batzordeko burua egon ziren.
Bi atal nagusitan banatzen da atzo sinatutako dohaintza. Batetik --eta hau da atalik handiena-- toponimia lanak dira: Nafarroako zenbait hiri eta ibarri eskainitako lau kutxa, beste bederatzi zendeei eta zenbait herriri buruzkoak. Horiekin batera, Nafarroako toponimia nagusiari eta toponimia bereziari buruzko kutxa bana eta Orbaibarri eskainitako karpeta bat ere badira.

Bestetik, Nafarroan Euskararen historiari buruzko kutxa bat. Jakina da gai honetaz ere ikerketa ugari egin eta argitaratu zituela. Horietan ezagunena Navarra, historia del euskera liburua.

Jimeno Jurio, ikerlari

Jose Mari Jimeno Jurio, 1927ko maiatzaren 17an Artaxoako nekazari familia batean sortu eta 2002ko urriaren 3an zendu zen, Iruñean. Euskal Herriko historiak ezagutu duen XX. mendeko ikertzaile emankorrenetakoa izan da Jimeno Jurio [“ikerlari naizela esatea gustatzen zait, hori baita egin dudan lana. Bizitza erdia eman dut udaletako eta elizetako artxiboetan, materiala biltzen. Benetan atsegin dut ikertzaile lana” esana zuen historialari eta euskaltzale, nafarrak]. Euskaltzaindiko ohorezko euskaltzaina, 1991z geroztik, Akademiako Onomastika batzordeko aholkularia izan zen, hil arte.

Maisu-ikasketak burutu zituen eta, titulua eskuratu ondoren, 1947az geroztik, maisu lanetan aritu zen, Nafarroako Noain eta Lerga herrietan. Iruñeko Seminarioan sartu eta apaiztu ondoren, hainbat herritan jardun zuen apaiz: Zangozan, Bearinen, Altsasun, Asiainen. Altsasun Irakaskuntza Ertain eta Lanbide Institutuan irakasle izan zen, bai eta Ikasketa zuzendari ere. Garai horretan tokiko historia, arte eta etnografia lantzen hasi zen.

Iruñerriko toponomia

1970ean apaiz izateari utzi zion. Iruñeko San Pedro auzoko liburutegiko zuzendaria izan zen 1985 arte. Orduan abiatu zuen Iruñerriko toponimia biltzeko proiektua. Lan horien emaitzak Euskaltzaindiko Onomasticon Vasconiae sailean argitaratu dira emeki-emeki. Sei liburukitan argitaratu da toponimia guztia (1986-1994).

1991tik aitzina, nafar toponimiaren bilketa zuzendu zuen (Nafarroako Gobernua-Trabajos Catastrales S.A.), eta lan osoa berrogeita hemeretzi liburukitan argitaratua dago.

Etnografia, toponimia, hizkuntzalaritza, hizkuntzaren soziolinguistika, historia... Asko eta asko dira Jimeno Juriok jorratu zituen alorrak. Euskararen historia ere ikertu zuen. Zenbait liburu eta artikulutan agertu da ikerketa horien fruitua.

Bere lan balios eta isilak, esker ona bildu zuen

Artikulu ugari argitaratu zituen hainbat aldizkaritan. 1977an, Navarra jamás dijo no al Estatuto Vasco izeneko liburua kaleratu zuen.

Bizitzan zehar, hainbat erakunderen eta kultura arloko elkarteren esker ona eta omenaldiak jaso zituen. Besteak beste 1995ean, Nafarroako hainbat elkartek --AEK, IKA, Geronimo de Ustaritz Institutua, Gizarte Ikasketetarako Talde Eragilea (IPES), Iparla Elkartea, Axular Elkartea, Beterri Elkartea, Tuterako Merinalde eta Estellerria Ikasketa Zentroak, Altaffaylla Kultur Elkartea, Txalaparta argitaletxea, Muga, Ortzadar Elkartea, Duguna Elkartea, Iruñeko Gaiteroak, Nafarroako Kultura Saila, Iruñeko, Tafallako eta Artaxoako udalak, Euskalerria Irratia...-- egin zioten omenaldia, edota Manuel Lekuona saria (Eusko Ikaskuntzak emanda, 1998an) baita “Manuel Irujo” saria (Lizarrako Irujo Etxea Elkarteak emana, 2001ean).


Lotura gehigarriak

Euskaltzaindiaren webgunea
www.euskaltzaindia.net

Jose Maria Jimeno Jurioren biografia, gaztelaniaz
Basqueworld.net proiektuan

Bere lan guztien argitalpena, errealitate
'Las Obras completas de Jimeno Jurío, en 54 tomos, en octubre'


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia