euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Jose Mari Velez de Mendizabal, Eusko Ikaskuntzako gerentea: «EuskoSare lankidetzarako jarri dugu martxan, ez inor ordezkatzeko» (Gara-n)

21/09/2005

PUBLICIDAD

Eusko Ikaskuntzak www.euskosare.org webgunea martxan jarri berri du. Euskal Komunitate Globalaren barruan komunikazioa eta lankidetza areagotzea du xede. Jose Mari Velez de Mendizabalek esan digun bezala, euskal munduko pertsona eta erakundeentzat eta euskaldunen lagunentzat topagune birtual bat da.

­Nola sortu zen EuskoSare proiektuaren ideia?

Orain dela hiru bat urte ideia honi ekin genion. Eusko Ikaskuntzak bere sorreratik hemendik kanpoko euskaldunak kontuan eduki ditu. Orain arte izandako zailtasun eta eragozpen guztiak teknologia berriekin gaindi genitzakeela ikusi genuen. Hori dela-eta, bide berri bati ekin genion. 1996. urtetik Interneten egindako bideak Eusko Ikaskuntzak euskal elkarteen artean biderik sendoena zuela erakutsi digu. Gure eskaintza gaur arte ezinezkoa izan zaigun bide horri ekitea izan da. Sarean indarra dugula eta Eusko Ikaskuntza munduan zehar barreitatuta dagoen elkartea dela ikusi dugu proiektu erraldoi honi ekiteko orduan.

­Zertan datza proiektua?

EuskoSare lankidetzarako bokazioarekin martxan jarri dugu, eta ez inor ordezkatzeko. EuskoSare plataforma bat da, sarean egindako ahalegin guztiei beste leiho bat emateko. Orain arte ezer egin ez dutenei aukera bat eskaini nahi diegu, EuskoSaren elkar topa dezaten. Bai Euskal Herrian bai kanpoan milaka pertsona daude Interneten euskal gaiarekin lotuta. Hala ere, badira beste asko eta asko euskal errealitatea zer den ere ez dakitenak. EuskoSare euskaldunen eta horien lagunen arteko topagunea da.

­Zeintzuk dira EuskoSarek dituen helburu nagusiak?

Euskaldun guztiei zuzendutako zerbitzu bat da, horiek toki bat izan dezaten sarean. EuskoSare ez da sare birtual bat bakarrik, zenbait arlotan giza sare presentzial bat ere bada. Adibidez, tokiko zerbitzuak ditugun kolaboratzaileekin eskain ditzakegu. Jendea 25 estatutan barreiatuta dugu.

­Nori dago zuzendua egitasmo hau?

Euskaldunei eta euskaldunen errealitateari buruz interes minimo bat azaltzen duten guztiei. Munduan euskal jatorria izan dezaketenak 10-12 milioi pertsona inguru izan daitezke. Dena den, badago jende mordoa turismoaren, enpresen, zerbitzuen... gainean interesa izan dezaketenak. Haiei ere erantzuten saiatzen gara.

­Ziur aski, munduan zehar jende ugari bere sustraien bila arituko da.

Bai, hala da. Norberaren sustraiak bilatzea Eusko Ikaskuntzak urteetan bere kabuz eman duen zerbitzua da. Genealogia, heraldika... sartzen dira arlo horretan. Orain EuskoSaren zerbitzu bat martxan jarri dugu, eta horren bitartez hainbat eta hainbat pertsona beren jatorria jakiteko eskariak egiten ari dira. Arbasoen jatorria jakiteko zerbitzu hau doakoa da.

­Lehenengo egun hauetan zehar, zer nolako harrera izan du jendearen aldetik EuskoSare proiektuak?

Guk interesatuen arteko partaidetza nahi dugu, hau da, kooperazioa da bilatzen duguna. Eskaintzen dugun web orrialde horretan gehien nabarmendu behar dugun multzoa 'Komunitateak' izenekoa da. Norbaitek berari gustatzen zaion komunitate bat garatzeko interesa badu, hori egiteko aukera du. Adibidez, errekako arrantza gustuko baduzu, munduan zehar gai horren inguruan interesa duten guztiekin harremanetan jartzeko aukera izan dezakezu EuskoSareri esker. Orain arte, oso harrera ona izan dugu, aldez aurretik kanpaina handia egin baitugu. Estatu Batuetan eta Hegoamerikan publizitate ugari egin dugu.

(2005-09-21ean Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia