euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Jean Haritxelharrek gaur arratsaldez pasatuko dio Andres Urrutiari Euskaltzaindiko gidaritzaren lekukoa

27/01/2005

Jean Haritxelhar euskaltzainburua
Jean Haritxelhar euskaltzainburua

PUBLICIDAD

Hamasei urtez Euskaltzaindiko buru izan ondoren, Jean Haritxelhar baigorriarrak gaur esango dio agur lehendakaritzari, Andres Urrutia bilbotarrak gaur hartuko baitu haren lekua ofizialki. Bilboko egoitzan egingo duten ekitaldiak oroitzapen bat baino gehiago ekarriko dio Haritxelharri; izan ere, lorpen asko izan ditu hamasei urteotan. «Euskaltzaindia kate handi bat da eta gu, horretan zati txiki bat» aitortu dio baxenabartarrak Ainize Butron-i, Gara egunkariaren gaurko aleak biltzen duen elkarrizketan.
Gaur eginen dute ofizialki Jean Haritxelharren eta Andres Urrutiaren arteko kargu aldaketa Euskaltzaindian. Hamasei urtez euskal hizkuntzaren akademiaren buruzagitzan aritu ondoren, 81 urterekin, Haritxelhar berriz ere euskaltzain xume izatera pasatuko da. Orain arte egin duen bezala, Literatura Batzordean lan egiten jarraituko du eta inoiz haren laguntza behar bada, aholkuak emateko prest dagoela esan du. Karguari agur esango dio, eta hizkuntzaren sailean etorkizunerako baikor agertu da Haritxelhar elkarrizketa zabal honetan.

-- Hamasei urtez izan zara lehendakaria; zein aurrerapen izan da Euskaltzaindian urte horietan guztietan?

Nik aita Villasanteren segida baizik ez dut hartu. 1968tik Euskaltzaindiaren helburua osoki finkatua da, euskara batuari buruz baita. Horretan Euskaltzaindia sartu da lan sakonetan; hori da, orotariko euskal hiztegia. XVI. liburukia kaleratuko da, eta ez da gutxi hori; hizkuntz idatzirako altxor ikaragarria da. Hartzen badut ahozko hizkuntza, hor dugu ere Atlasa. Eta laster, Atlasaren lehenbiziko liburukia aterako da. Orduan, jendeek ikusiko dute zer diferentzia dagoen oraingo Atlasaren eta Bonapartek egin zuenaren artean. Bi mundu oso ezberdin dira. Horrek Euskaltzaindia modernitatean sartu dela ere adierazten du. Bestalde, gramatikan ere zazpi liburuki atera dira, sail horretan ere urrats handia egina izan da. Horiek guztiak behar den bezala aitzinatuak dira. Uste dut hemendik hamar urte barrura gauzak aldatuko direla eta gure euskara batua behar den bezala finkatua izango dela. Horiekin batera, beste hainbat ekintza ere bideratzen ditugu; kongresuak, esate baterako.

-- Eta zuri, pertsonalki, zer ekarri dizu kargu horrek?

Niretzat segida bat hartzea izan da. Euskaltzaindia kate handi batekin konparatzen dut eta gu horretan zati txiki bat baizik ez gara. Euskaltzaindiak iraunen du luzaz, eta gu ez gara iraunkorrak. Ni beste baten ondotik etorri naiz, eta nire ondotik gazte bat dator. Jadanik hasiak diren lanak jarraitu behar ditu. Horrekin erran nahi dut Euskaltzaindian ez dela bakarrik burua, buruaren ondoan bada zuzendaritza, eta denak bertatik pasatzen dira. Kolektibo bat da, eta gauzak behar diren bezala aztertzen dira eta eskaintzen zaie ere euskaltzain guztiei. Euskarari buruz lanean ari den egitura da.

-- Hamar urte barru euskara batua guztiz finkatua egongo dela aipatu duzu. Zer pasatuko da hori gertatzean?

Zer da euskara batua? Euskalkien gainetik, eta ez aurka, den hizkuntza. Euskaldun guztiak biltzen dituen hizkuntza. Eta, nabarmendu nahi nuke, beti horrela egiten baitut, ez dela hizkuntza bakarra. Hizkuntza komuna da. Ez da euroa bezala, hau da, moneta bakarra. Euskara batuak ez ditu besteak desegiten.

-- Azken azterketek diote euskararen erabilera txikitzen ari dela eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egoera larria dela. Zer diozu zuk?

Ez dakit larritasun hori egiazkoa den. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan beharbada bai, baina Hegoaldean ez. 100.000 lagun gehiago euskaldundu dira; gero eta gehiago euskalduntzen ari dira, eta D eredua nagusitzen ari da. Orain uste dut Gipuzkoan A eredua desagertzen ari dela. Horretan, geroa Hegoaldean dagoela uste dut. Iparraldean, beherakada izan da baina hori bukatua dela uste dut. Ordokia iragan da, eta erran dezaket hasi dela pixka bat maldan gora. %23 edo %24 dira euskaraz ikasten dutenak; hori ez da sekula ikusi. Egia da laborarien etxe-baserrietan galtzen ari dela, hizkuntza transmisioa ez baita egiten, baina beste alderdi bat ere bada: sekula baino gehiago entzuten eta agertzen da euskara. Eskolako mintzaira bilakatu da, ez bakarrik haurretan, baita unibertsitatean ere. Nik uste dut euskara ez dela gehiago laborari edo sehien hizkuntza, baina diplomak dituzten jendeen hizkuntza da. Ez da xumeen hizkuntza, hala izan baita garai batean, baina beste maila batera pasatu da.

-- Baina, bizirik jarraitzeko, herritarrek mintzatu behar dute; ez al da hala?

Nire zahartasun honetan, erronka gazteetan dagoela ikusten dut. Adibide bat emanen dut: orain dela 50 urte neska gehienek euskara uzten zuten frantsesa behar baitzuten hirira joateko. Orain, gero eta neska gehiago euskaraz ari direla ikusten dut, eta beraiek dira biharko amak. Euskaraz ari badira, transmisioa eginen dute.

-- Euskaltzaindian emakume kopurua handitzea aipatu al duzue azken urtean?

Uste dut Euskaltzaindia pixka bat aldatuko dela aurten. Beti egin duen bezala, Euskaltzaindiak barne jardunaldietan ditu gauzak sakontzen eta erabakitzen. Jardunaldi horiek 2005. urtean izango zirela adierazi nuen. Uste dut euskaltzain kopurua 24etarik 30era pasatuko dela, eta hor emakumeak sartuko dira.


'EUSKARAREN EREMUAN ARI DIREN AGINTARI GUZTIAK BILDUKO DITU GAURKO EKITALDIAK'

-- Gaur, zure eta Andres Urrutiaren, zure ondotik euskaltzainburu izendatu dutenaren, arteko kargu-aldatzea ofizialki eginen da. Euskal Herriko eta Akitaniako ordezkari politikoak izango dira ekitaldian.

Ohitura berria da. Duela hamasei urte, euskaltzainburu izendatu nindutelarik egin zuten lehen aldiz. Aita Villasanteren eta nire arteko kargu-aldaketa garaiko Ardantza lehendakariaren eta diputatuen aurrean izan zen. Oroitzen naiz, biziki ongi, Federiko Krutwigek, ekitaldia burutu zelarik, erran zidala: «Errazu, hori ez da sekula egin!». Eta nik erran nion: «So egizu, Federiko, lehen ez zen egiten ahal frankismo garaia baitzen». Orain, aldiz, bada Eusko Jaurlaritza, eta Euskal Gobernua ere bada. Ohitura berri bat sortu da; hamasei urte iragan dira, eta gauza bera eginen da. Ibarretxe lehendakaria, hiru diputatu nagusiak, Nafarroako Gobernua, Akitania eta Kontseilu Orokorra gomitatu ditugu. Nahi genuke kargu-aldaketan hor izan daitezen euskararen eremuan dauden agintari guztiak.

-- Hamasei urteotan Euskal Herrian dauden hiru administrazioen aitortza lortu duzula esan genezake, beraz?

Bai. Hain zuzen ere, François Bayrou Kontseilu Nagusiko lehendakari izendatu zutelarik, zuzendaritza bildu nuen Baionan Bayrouri hitzordu bat galdeginik, eta joan ginen ikustera. Euskaltzaindia zer zen esplikatu nion eta, berehala, diru laguntza gehiago ukanen genuela hitz eman zidan, eta egin zuen. Aurrekontua 1.000 liberetarik (152 euro) 10.000ra (1.524 euro) pasatu zen. Oroitzen naiz ere, egun batez, Euskaltzaindia Pauen Kontseilu Nagusiaren etxean bildu zela. Goizean gela batean bildu ginen eta Bayrouk agurra egin zigun. Arratsaldean, bilkura irekia izan zen eta hor, Bayrou, Ardantza, Nafarroko Gobernuko ordezkari bat eta hiru diputatu nagusiak izan ziren. Han osoki bilduak izanak gara. Uste dut sinbolikoa izan zela elkartze hori, eta nahi nuke sinbolikoa izan dadin ere gaur egingo den kargu-aldaketa.

-- Euskaltzainburu kargua luzaz bete duzu. Zein dira hamasei urte horietaz dituzun oroitzapen nabarmenenak?

Nik garai gozoak ezagutu ditut. Paueko bilkura hori horietariko bat izan zen. Oroitzen dudan bigarren gertakaria Euskaltzaindiak 75 urte ukan zituelarik da. Estatu espainoleko erregeak eta erreginak hartu gintuzten Madrilen. Oren erdi batez elkar mintzatu ginen. Horrelako oroitzapen batzuk ditut. Beste bi aipatuko nituzke. Esate baterako, Hezkuntza ministroa zelarik Esperantza Agirrek Madrilen hartu gintuen, eta gero, kargua utzi eta Senatuko lehendakaria zelarik, han izan nintzen. Aldi horretan, urrezko liburua euskaraz sinatu nuen. Horiek gertatu dira Euskaltzaindia denetan ibiltzen baita. Berdin zaio alkate bat Batasunekoa izan, PSOEkoa edo PPkoa. Horiek dira agintariak, gu joaten gara eta egiten dugu bisita. Euskaltzaindia politikaren gainetik da.

-- Euskaltzaindian porrotik izan al duzu?

Hasiak diren lan batzuk ez ditut bukatu. Euskaltzaindiak fundazio bat sortu behar zuela hasi ginen aipatzen; diru gehiago ukaiteko eta, bereziki, liburuak kaleratzeko, ez baititu beti agertzen ahal. Ez da bukatua oraindik, baina aurreratua da. Eusko Jaurlaritzak dirua emana du; hiru diputazioek ere eman dute, baina juridikoki ez da oraindik egina. Urte baten buruan eginen dela uste dut, baina nahi nuen hasi dudan, edo hobeto errana, zuzendaritzak hasitako lan hori bukatua izan zedin. Bestalde, harremanetan gaude Eusko Jaurlaritzarekin bai eta hiru diputazioekin, eta hitzarmen berri bat sinatzeko puntura iritsi gara. Guretzat oso interesgarria da bere gain hartzen baitute osoki aurrekontu arrunta. Egina da baina ez da oraindik sinatua.

Ipar Euskal Herriko lehen euskaltzainburua izan zara. Buruzagitzan besteren bat sartuko al da?

Euskaltzainburu-orde izatea proposatu zidatelarik, burua Hegoaldekoa izanik, ordeak Iparraldekoa izan behar zuela esan zidaten. Lafitte jin zitzaidan eta euskaltzainburu-orde izanen nintzela erran zidan. Orain, kargua utzi dudalarik, garai horretan esan zirenak oroitarazi ditut; beraz, Beñat Oiartzabal izendatu dute euskaltzainburu-orde izateko.

-- Zer eginen duzu orain?

Lehenik nire bulegoa bildu. Lafitten bila joaten nintzelarik irri egin nuen liburu guztiak metatuak zituelako, baina gauza bera egin dut nik. Hamasei urte horietan ez dut biltzeko astirik izan.


JEAN HARITXELHAR

-- Sortua: 1923an Baigorrin jaio zen eta 35 urte darama Angelun bizitzen

-- Ibilbidea: Sorbonnan ikasi zuen eta 1969an, Bordelen, euskara eta literatura eskolak euskaraz lehen aldiz eman zituen. Bestalde, Baigorriko auzapeza izateaz gain, Baionako euskal museoaren zuzendaria izan da

-- Literatura: Idazle eta linguista da, baina literatura du gehienbat gustuko

-- Etorkizuneko lana: Garai batean Bernart Etxepareren amodiozko olerkiei buruz hasitako lana burutu nahi luke

-- Euskaltzaindia: Orain arte egiten aritu den bezala, Euskaltzaindiaren Literatura Batzordean lan egingo du

(2005-01-27an Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia