euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Jakin aldizkariak sarean jarri ditu 50 urtetan emandako ale guztiak: euskal gizartearen erradiografia kulturala

21/06/2006

Jakinen artxibategi digitalean aldizkariaren zenbaki guztiak kontsultatu daitezke
Jakinen artxibategi digitalean aldizkariaren zenbaki guztiak kontsultatu daitezke

PUBLICIDAD

1956ean sortua, Jakin aldizkariak euskal gizartearen aktualitateari lotuta eman ditu 50 urte hauek, hizkuntzalaritzan, erlijioan, historian, arkeologian, literaturan, filosofian eta beste hainbat arlotan Euskal Herrian izandako garapen eta berriak irakurleengana eramanez. Orain, mende erdi hori ospatu ez ezik Jakinek gaur egungo medioetara egokitzeko erronka ere hartu du, eta internet erabili du bere irakurleei urte hauetan emandako artikulu guztiak helarazteko. Atzo Donostian aurkeztu zuten Jakinen artxibategi digitalak 202 ale jasotzen ditu eta 2.400 artikulu irakurri daitezke bertan.
Jakin aldizkariak sarean jarri ditu 50 urtetako ibilbidean emandako fruituak, munduko irakurle guztiei azken mende erdian euskal kulturaren munduan erreferente izan den aldizkariaren ale guztiak kontsultatzeko aukera emanez. Joan Mari Torrealdai, Jakineko zuzendariak, eta Joxe Joan Gonzalez de Txabarri Gipuzkoako Aldun Nagusiak atzo aurkeztu zuten Donostian artxibategi digital berria. Aldizkariaren ale guztiak sareratzea ez da prozesu erraza izan, dokumentu ugari digitalizatu behar izan baitute. Jakinek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa jaso du digitalizazio prozesua burutzeko.

'Artxibategian 50 urte hauetan aldizkariak emandako 202 aleak jaso ditugu, guztira 30.000 orrialde eta 2.400 artikulu', azaldu dio euskalkultura.com-i Xabier Eizagirrek, Jakinen erredakzio buruak. Digitalizazio prozesuak bi hilabete hartu ditu eta Plazagunea enpresak eta Jakinek burutu dute. Artxibategira Jakinen aldizkariaren webgunetik hel daiteke, bertan 1956-2005 bitartean argitaraturako aleak kontsulta daitezkeelarik. Zenbaki horietako edukiak lau modu desberdinetan sailkatuta daude: urte, autore, gai eta artikuluen arabera. Eduki horietara bilatzaile baten bidez ere irits daiteke irakurlea, tresna horren bidez urte, autore, gai eta artikulu bilaketak egin edo kontzeptu edo terminoak ere bila ditzakeelarik erabiltzaileak.

Euskal gizartearen bilakaeraren lekuko

Jakin aldizkaria euskal kulturaren argitalpen errefentzialetako bat izan da urtetan, Euskal Herriko gizartearen bilakaeraren lekuko izan delarik. Jakin Francoren diktadura garaian jaio zen, euskal kultura ahulduta zegoen garaian eta paper garrantzitsua bete zuen. Gaur egun medio gehiago eta kultur eskaintza zabalagoa dago, baina Jakinek euskal kulturaren pentsamendu eta hausnarketa arloan argitalpen garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen du.

50 urte bete eta beste horrenbeste egiteko prest, artxibategi digitalaren sorrera gaur egungo medio eta teknologiara egokitzeko ahalegina izan da. Horrez gain, aldizkariaren proiektu berrien artean harpidetze kopurua handitzearen erronka ere badago. Aldizkariak harpidetu berriak egiteko kanpaina jarriko du abian, bai Euskal Herrian eta baita Diasporan ere. Harpidetzearen prezioa 45 eurotakoa da estatu espaniarrean eta 48 eurotakoa kanpoan.


Lotura interesgarriak

Jakin artxibategi digitala
www.jakingunea.com/50urte

Jakin Aldizkaria
www.jakingunea.com

'Tradizioa alde batera utzi zuen aldizkaria'
www.berria.info


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia