euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Izan ala ez euskaldun

23/09/2005

PUBLICIDAD

Uztaritzen (Lapurdi) egoitza duen Euskal Kultur Erakundeak lagundurik Euskal Herriko populazioari bere kultur jardunbide eta nortasun sentimentuei buruz galdetzen zien inkesta aurkeztu berriaz (ikus hemeroteka ) ari da Berria-ko orrialdeetatik Maixan Merkapide artikulu honetan. Zenbat ikerketa falta dira gure euskaldun izatearen gosea ulertu eta errespetarazteko, euskaltzale guztiak desesperatu aitzin?, galdetzen du Merkapidek.
Iragan astean atera inkestaren lehen emaitzen bidez, zerbait zehatzago jakinen dugu. Zenbakien beharra ez dugu zalantzan emanen behingoz. Emaitza zientifikoek dutelako sinesgarritasun handiena eta segurtamenaren oinarri. Hainbat ikerketa, analisi beharren iturria non da ote? Besteek gure berezitasuna ez ezagutzean, sortzen duten konplexuan? Auzoari edo familia kide bati erraten delarik bezala: zuk, ez duzu deus balio! Jokoan sar gaitezen pixka bat. Nahiz irrazionala den zenbakietan mugatzea nortasunaren egituraketa infinitua, nahiz zer nahi erraten ahal den zenbakiekin ere, emaitzek adierazpen interesgarriak agertzen dituzte kezka nagusi batzuei buruz: zer da euskaldun izatea, eta nahi duzu edo ez euskaldun izan/bilakatu?

Argi agertzen da, EAEn (% 50) eta Nafarroan (% 48) euskaldun izateko nahikeriak eta Euskal Herrian bizi eta lan egiteak elkarturik, herrian sortu eta euskaraz hitz egiteari (% 32 EAEn, % 30 Nafarroan) gainditzen dutela. Iparrean alderantzizkoa gertatzen delarik: lehen sailkapenean % 21 daude; bigarrenean, aldiz, % 51. Burzoratzea ongi bukatzeko emaitza nagusi eta kezkagarri bat gehituko dut: euskara ez ikasteko nahikeria nagusi da bereziki Iparrean (% 61) eta Nafarroan (% 56); EAEn ahulago (% 40). Hemen ikerketaren hutsune bat izan daiteke euskarari buruzko interes hutsaren neurketa, bat bestearen behar praktikoak baztertuz, beste hizkuntzei buruz galdeketa berdina ez izatea. Bi baldintza hartuz abiapuntu gisa: hizkuntza guztiak maila berean eman, lanbide eta gizarte sailean komunikatzeko tresna gisa, eta hizkuntz ikasketa eskaintza berdinak izan, bi edo hiruetatik bat bakarrik aukeratzeko bidea emanez.

Elementu nagusi bat ere bada zenbakietan agertzen ez dena: hizkuntza bakoitzari buruzko ingurumen psikologiko parekatua. Duela bi eguneko adibide bat aipatuko dut, ez iragan mendekoa, ez iragan hamarkadakoa. Aipatu izan da kulturaz arduratzeko sortu lan batzorde bat, Nafarroa Beherekoa, ondoko urteetako lurralde garapen kultural bat asmatzeko bilgune izateko. Dakigun bezala, kultura bere zentzu zabal eta arruntean hedatzen duten hemengo tresna nagusiak, hedabideak barne, frantsesez dira. Pipilean dagoen egituraren araudiak finkatzean, hau izan dadin desoreka kulturalaren txikitzeko tresna bat, euskal eta euskarazko kulturari ahalen %80k dedikatzeko proposamenak bloke bat sortu du.

Onartu ezina gelditzen da Euskal Herriaren erdian euskal kulturari leku nagusi konpentsatzaile bat ematea egitura publiko batean. Zenbat ikerketa falta dira gure euskaldun izatearen gosea ulertu eta errespetarazteko, euskaltzale guztiak desesperatu aitzin? Bakea galdegiten dutenek jakin behar lukete lehenbailehen bakearen pauso txiki eta funtsezkoak bermatzen edo herra eta injustizia sarguneak ezeztatzen.

(2005-09-22an Berria-n argitara eman zutabea)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia