euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzaren aldaketa murriztailea kalean salatzeko elkarretaratze zaratatsua eginen dute etzi nafar hiriburuko Udaletxe Plazan (Berria-n)

08/06/2005

PUBLICIDAD

Edurne Elizondo, Iruñea. Elkarretaratze zaratatsua antolatu dute hainbat taldek etziko, Iruñeko Udaleko euskararen ordenantzen aldaketak sortutako zalaparta handiaren harira. Oinarriak eta Administrazioan Euskaraz taldeak eta Iruñeko Udaleko Langile Batzordeko LAB, ELA eta ESK sindikatuak dira ekimenaren deitzaileak. 20:30ean izanen da elkarretaratzea, ostiralean, Nafarroako hiriburuko Udaletxeko Plazan.

Ekimen horren bidez, Iruñeko Udalean agintzen duten UPNk eta CDNk jada behin-behinekoz egindako euskararen ordenantzen hirugarren aldaketa salatu nahi dute talde horiek. Batetik, hizkuntza eskubideak urratzen dituelako, aurretik egindako aldaketen harira; eta, bestetik, ezerezean uzten duelako aurretik toponimiaren eta langileen hizkuntza soslaiaren arloko batzordeek udaletxean egindako lana.

Batzorde horiek egindako proposamenak bazter uztea bilatzen du ordenantzen aldaketak, hain zuzen ere, Iruñeko Udaleko Langile Batzordeko ELAko kide Mari Jose Garinen aburuz. «Batzorde horiek euren lana egin zuten; hor daude haiek egindako azterketak eta proposamenak». Lan horiek Iruñeko Udaleko agintariek ez dituztela baliatu nabarmendu du ELAko ordezkariak. «Hizpide politikoak nagusitu dira». Batzordean, berriz, «ordezkari politikoak, sozialak eta teknikoak baziren».

Ordenantzen aldaketak ondorio argia izanen du, Garinen ustez: «Herritarren eskubideak betetzeko aukera garaian garaiko udal agintarien esku geldituko da». Udaletxean euskaraz jakin beharko luketen langileak erabakitzeko aukera Plantilla Organikoaren esku geldituko denez, lanpostu horiek aukeratzeko «inolako hizpiderik ez» dela izanen salatu du ELAko kideak. «Hizpideak politikoak eta ideologikoak izanen dira».

«Egoera larria»

Administrazioan Euskaraz taldeak «egoeraren larritasunaz» ohartarazi du. Euskaldunen hizkuntza eskubideak defendatu beharra azpimarratu du. Hori izanen da, hain zuzen ere, ostiralean eginen duten elkarretaratzearen helburu nagusia. «Herritarrak artatu behar dituzten langileekin euskaraz aritu ahal izateko aukera gero eta murritzagoa da ordenantzen aldaketekin», erran du taldeko kide Clemente Celestinok.

20:30erako deitu dute etziko elkarretaratzea, udaletxeko plazan bertan. Elkarretaratze zaratatsua izanen da, herritarrek burrunbaren bidez azal dezaten euren iritzia. Oinarriak plataformako kide Mikel Aldasorok argi du afera horren inguruan duen iritzia zein den, eta gogor salatu du UPNk eta CDNk egindako ordenantzen aldaketa. Aldasorok, hain zuzen ere, CDNk betetzen duen rola nabarmendu du.

«UPNren euskararen kontrako politikaren pare jarri da CDN Iruñeko udaletxean, bai eta Nafarroako Gobernuan ere».Ordenantzak aldatu ordez, «bete egin behar» direla azpimarratu du Aldasorok. Iruñeko Udaleko Langile Batzordeko kideek, halaber, argi dute ordenantzak betetzen ez diren bitartean, egoera salatzeko helegiteak aurkeztuko direla.

(2005-06-08an Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia