euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Irria, umorea eta marrazkia nagusi izango dira Izuran, Marrazkirri erakusketari esker; 30 bat marrazkilari berri eta ezagun elkartuko dira bertan, martxoaren 20a arte (Gara-n)

16/02/2005

PUBLICIDAD

[«Ukan ala izan (ametsa)» gai nagusiaren inguruan Marrazkirri erakusketa berriz ere zabalduko dute otsailaren 18an, gaualdi berezi baten bidez, Izurako Haize Berri kultur etxean. Ekimenaren izenburuak adierazten duen bezala, marrazkia eta irria elkartzea du helburu. Edozeinek parte hartzeko eskubidea du, eta, orotara, hogeita hamar bat marrazki bildu dituzte aurten. Izuran aurkeztu ondoren, guztiak Bilboko Kafe Antzokian izango dira ikusgai]

Izura, Nafarroa Beherea. Urtarrileko inauterien espiritu umoretsuari jarraipena eman nahian, Izurako Haize Berri kultur etxeak, urtero, irria eta marrazkia uztartzen dituen ekimena antolatzen du.

XVI. edizioa dute aurten, eta 30 bat lagunek parte hartuko dute ondoko ostiralean hasi eta hilabete bat iraunen duen Marrazkirri erakusketan. Asisko Urmeneta ekimenaren antolatzaileetariko bat da eta erakusketa «zabala» eta «interaktiboa» dela nabarmendu zuen. «Hirugarren ediziotik dut Marrazkirri erakusketaren berri, eta betidanik ekimen interesgarria dela iruditu zait ez baituzu artista izan behar bertan parte hartu ahal izateko», azaldu zuen.

Marrazkirri erakusketaren inguruko dinamika asko apaldu zen, eta Asisko Urmenetaren, Marko Armspack marrazkilariaren eta Haize Berriko kideen inplikazioari esker, indartuz joan da erakusketa azken hiru urteotan. «Aurten, gainera, lekuko gazte gehiago bertaratu da, eta, bestetik, urteetan parte hartzeari utzi ziotenak berriz ere etorri dira», gehitu zuen Asiskok.

Hori dela-eta, marrazkilari berriak eta heldu edo ezagunak elkartuko dira bilgune horretan. Egin ohi duten bezala, aurten ere, antolatzaileek inposaturiko “ukan ala izan (ametsak)” gai nagusia errespetatu behar izan dute marrazkilariek erakusketan parte hartu ahal izateko. «Oso gai zabala denez gero, estilo ugariko lanak bidali dizkigute», azaldu zuten Haize Berri kultur etxeko ordezkariek.

Ate-irekitze gaualdia

Erakusketa, beraz, otsailaren 18an irekiko dute. Martxoaren 20a arte, arratsaldero zabalik izanen da. Ondotik, 30 bat marrazkilariren obrak Bilboko Kafe Antzokian ikusgai jarraiko dituzte martxoa eta apirila tartean. Bilboko auditoriumarekin abiatu elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen Asiskok.

«Garai batean, marrazkiak Iruñera eramatea erabaki genuen, hark erakusketaren mezua zabaltzeko balio zuela iruditzen zitzaigulako. Aurten, Kafe Antzokiarekin elkarlanean aritzea lortu dugu», adierazi du. Marrazkia «nazioarteko hizkuntza» dela adierazi nahian, Battit izeneko Korsikako marrazkilaria gonbidatu dute aurtengo edizioan parte hartzeko. «Marrazkia oso tresna egokia izaten da elkarrekin komunikatzeko», argitu zuen Asiskok.

Umorea eta irria goraipatzen dituen Marrazkirri erakusketa zabaltzeko gaualdi berezia antolatuko dute Haize Berri kultur etxeko arduradunek. Ondoko ostiralean arratseko zortzietan izanen da hitzordua.

«Irri sasoiaren irekitzean, ameslari eroek bakarrik parte hartzen ahalko dute aurten», nabarmendu zuten umorez antolatzaileek, eta gaua «nahasteko» Pantzo Irigarai eta Beñat Bidegain lagun izanen dituztela jakinarazi zuten.

Alde horretatik, gaualdia baliatuko dute Patxi Gallegok helduentzat idatzi berri duen “Pololoak” komikia aurkezteko. Eta Asisko Urmeneta eta Marko Armspach komiki-egileak bertan izango dira bertaratuko diren jendeen erretratuak paperean egiteko. Horiekin batera, gainera, Mañukorta eta Ezponda bertsolaria eta musikaria gaualdia animatzen arituko dira. Eta, bukatzeko, Edorta Agirre kronikagile eta sukaldaria izango da bertan, bildutakoei afaria prestatzeko.

Komikiaren inguruko topaketak

Marrazkirri erakusketan ez ezik komikiaren presentzia urtean barrena bermatzea pentsatu dute Haize Berri kultur etxeko arduradunek. Alde horretatik, aurten erakusketa hasi aurretik, Marko eta Asisko marrazkilariak Donaixtiko kolegioan izan dira komikiari buruzko hitzaldi bat emateko. «Komikiaren historia aipatzeaz gainera, benetako topaketa bat egitea lortu dugu Donaixtin. Donapaleun ere egitekotan gara, eta, beharbada, urtean luzatuko dugu», erran zuen Asiskok.

(2005-02-16an Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia