euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Iparramerikako indiarren ahotsak, euskaraz jasoak. Joxe Luis Aramendik Dee Brownen 'Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen' liburua itzuli du (Gara egunkarian)

27/02/2004

PUBLICIDAD

Txalapartak 'Ostiela!' aldizkariaren laguntzaz argitaratu berri du 70eko hamarkadan salduenetakoa izan zen 'Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen' liburua, Dee Brown idazlearen lan ezagunena. Itzulpenaren eta euskarazko edizioaren arduraduna Joxe Luis Aramendi izan da, eta Jon Arano, Mikel Aramendi, Jon Urrujulegi eta Andoni Eskisabel kazetari eta idazleen laguntza jaso du.

Dee Brownek hainbat tributako Iparramerikako indiarren ahotsak jaso zituen liburu horretan; Ameriketako biztanleek gizon zuriaren eskuetan jasan zuten tratuaren azalpen adierazgarriak. Euskarazko bertsioan Joxe Luis Aramendik egilearen hitzaurrea jaso du ­espainolezko bi edizioetan ez zen gorde­ eta bertan, egileak hainbat aurrekari azaltzen ditu, Kolon Ameriketara iristearekin batera hasi ziren 'aurrekari beldurgarriak', atzo Jon Aranok eta Joxe Luis Aramendik aurkezpenean esan zutenez. Herrien txikizioa, indiarren jazarpena, hilketak, iruzurra, horiek eta gehiago.

Dena den, 'Ehortzi ezazue ene bihotza Wounded Kneen' lanaren benetako edukia XIX. mende bukaerako hiru hamarkadek osatzen dute; 1860tik 1890era bitartean gizon zuriak indiarren aurka egindako gerrak, alegia. Banakuntza Gerra amaituta, mendebaldeko lur eremuetara zabaltzeko bidean gizon zuriak indiarrekin topo egin zuen, eta 'indiar zibilizazioa suntsitu zuten', laburbildu zuen Aramendik. Liburuko pasarte asko 'gogorrak' dira, bere esanetan. Indiarrei sortu zizkieten gosea, sufrimendua, sarraskiak, tribuen atzerriratzea eta, orokorrean, erreserba politika ageri dira liburuan.

Dee Brownek milaka lekukotasun jaso zituen 1970ean argitaratu zuen lan horretan eta, horiekin batera, tribu indiarren aniztasuna, biziera, kokalekua, bizibidea, ikuspegi kosmiko-erlijiosoa eta ohiturak ikus daitezke. Orain, 34 urte geroago, indiarrei buruzko lan esanguratsu hori euskaraz irakurtzeko aukera dago, Joxe Luis Aramendiren eskutik.

(Berri hau 2004-02-27an eman da argitara Gara egunkarian)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia