euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Iparraldeko ikasleen %20k euskaraz edo elebitan ikasten du; 1. mailan 70 eskola dira elebidun; 2. mailan, 9 kolegio eta bi lizeo besterik ez; BABen ez dago lizeo elebidunik (Gara-n)

01/09/2005

PUBLICIDAD

Baiona, Lapurdi. Ikasturtea hasi den egunean euskarazko irakasleen falta nabaria da. Sindikatuek kezkatzeko arrazoi handiak ikusten dituzte. Eskola publiko elebiduneko Ikas-Bi guraso elkarteak ondorio positiboak atera zituen, ikasleen kopuruak gora egin baitu. Euskal Haziakek sartze korapilatsua aurreikusten du, eta Seaska da egoera hoberenean dena.

Frantses gobernuak gastu publikoak murriztu nahi dituen garai honetan, zuhurtzia ikusten dute hainbat sindikatuk, hezkuntza mailan eramaten ari den politikan. FSU sindikatuko Isabelle Sargeni-Chetauden ustez, galera handienak pairatzen dituztenak hizkuntza txikituetako ikasleak, ama eskolak eta landa inguruak dira.

Ikas-Biko presidente Mixel Estebanek 200 ikasle gehiagorekin euskarazko irakaskuntzan ikasturte hasiera ona dela esan zuen. Angeluko eta Biriatuko eskoletan ikasketak elebitan irekiko dira, eta beste hainbat puntutan aukera indartu egingo da. Puntu beltza publikoan bigarren mailako ikasketatan ikusten du Estebanek.

Aurten Sohütako eskola irekitzen bada, 70 eskola izanen dira, lehenengo mailako ikasketetan, elebitan. Aldiz, bigarren mailara pasatzean, bederatzi kolegio eta bi lizeo besterik ez daude. BAB eskualdean ez dago lizeorik: Baionan, Angelun eta Biarritzen kolegioak daude, baina elebitan lizeorik ez dago.

Sohütako ama eskolako gurasoek gaur eskola okupatzeko asmoa zutela esan zuten, beren eskaeraren gainean atentzioa erakartzeko. Herriko etxeak eta Hezkuntza Kontseiluak klase elebiduna sortzearekin ados izan badira ere, Hezkuntza Nazionalaren baimena beharrezkoa da falta den lanpostu erdia sortzeko.

Sohütako, eta, orokorrean, Zuberoako arazoa azaltzeko, Ikas-Biko Mixel Estebanek administrazio ezberdintasuna aipatu zuen. Zuberoako jarduera administratiboa Oloroneko prefekturari lotua da, eta «han dagoen inspektoreak, gure ustez, ez du ongi ulertzen zer gertatzen den Euskal Herrian; orduan, desoreka dago Zuberoan, beste eskualdeei konparatuz».

Eskola publiko elebidunaren aldeko Biga Bai gurasoen elkarteak, Ikas-Bikoek esandakoaz gain, irakasleen ordezkaketekin adi egon behar dela baieztatu zuten, askotan ordezkatzeetan euskara ez dakiten irakasleak ezartzen baitituzte.

Eskola giristinoetan irakasle eskasiaren arazoa berdin gertatzen da. Aurten, lehenengo aldiz, elebitan 2.000 ikasle matrikulatuak dituzte, eta Euskal Haziak elkarteko presidente Iban Larrouletek esan zuen ikasturte hasiera ez dela itxura onarekin hasten ari. Bost postu eta erdi falta dituzte Aiherra, Orzaize, Biarritz, Mugerre eta Hendaiako eskoletan. Joan den urtean Angelu eta Kanbon falta ziren bi postu erdiak berek ordaindu bazituzten ere, aurten horrelakorik egitea ez dute ikusten.

Seaska Ikastolen Federazioak Bordeleko akademiako errektorearengandik bigarren mailako ikasketentzat behar zituen medioak lortu zituen astelehenean, baina lehenengo mailako bost postu erdiren faltan dago oraindik. Isabelle Charritton presidentearen hitzetan, «guk besteek baino irakasle gehiago ditugu, baina gure hizkuntz xedeak ez dira kontuan hartzen».


OROKORREAN IAZ BAINO IRAKASLE GUTXIAGO

Baiona, Lapurdi. Ipar Euskal Herriko eskoletan gaur hasi den ikasturtean, joan den urtean baino zortzi postu eta erdi gutxiago izanen dira irakasleen artean, nahiz eta beharrak ez diren txikitu.

B.A.B.k hiru postu eta erdi galdu ditu, eta Lapurdiko gainerako lurraldeak bi eta erdi, Nafarroa Behereak postu bat, eta Zuberoak bat eta erdi gutxiago izanen du.

Talde sindikalen arabera, 2005eko ikasturte hasiera hau azken urteotako gogorrena izaten ari da. Irakasleen sindikatu SE-Unsa-k ikasturte hasiera honi artegatasun handiarekin ekiten ari dio, kaosa aurreikusten baitu.

Hezkuntza arloko CGT-ko Michèle Chartierek Fillon legeko hainbat dekretu jende guztia oporretan dagoen bitartean onartu izana salatu zuen, kontra zituen sindikatu, guraso eta lizeo ikasleak kontuan izan gabe.

«Ez da normala urtero borrokatu behar izatea bidezkoa den zerbait lortzeko» esan zuen LABeko Xan Goenagak, irakasleen aferari buruz.

Gurasoen elkarte nagusiko presidente Jean-Claude Soudrek departamendu mailan inoiz ikusi gabeko kopuruetan daudela nabarmendu zuen.

(2005-09-01ean Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia