euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Iparraldeko bizi publikoa hizkuntza politikaren ardatz bihurtu nahi du Euskararen Erakunde Publikoa-k (EEP) 2006an; atxikimendu libreko politika zerbitzu publikoetan (Berria-n)

21/12/2005

PUBLICIDAD

[Jende eta eragileen atxikimendu librean oinarritutako hizkuntza politika bultzatu nahi du zerbitzu publikoetan, eta euskara teknikarien sarea osatu nahi du Herri Elkargoen beharrei ihardesteko]

Aitor Renteria/Baiona. Sortu denetik urtea pasatu delarik, Euskararen Erakunde Publikoak urteko lanaren bilduma egin eta 2006ko lan ardatz eta aurrekontuak bozkatu ditu. Heldu den urtean euskararen erabilpena bizi publikoan hizkuntza politikaren ardatz izanen dela azaldu du Max Brisson EEPko presidenteak.

Aurrekontuari dagokionez, alta, ez da aurtengoa emendatuko. 1.733.000 eurokoa izanen da aurrekontua. 994.000 euro eragile ezberdinen funtzionamendurako laguntzak izanen dira eta 312.500 euro egitasmoak gauzatzeko laguntzak. Azterketa eta lanek eragin gastuetarako izanen dira 138.000 euro eta 288.500 EEPren ibilmolderako. «Indarrean dagoen Hitzarmen Berezia 2006an bukatzen denez, datorren urtean eragile guztien burmuinak irakiten egonen dira, ondoko urteotako koadroa osatuko duen Hitzarmen Berria osatu behar dugulako», adierazi du Brissonek.

Egitasmoa 2007an indarrean sartzea espero dute. «Euskal Herria 2020 deritzon plangintzaren barnean euskalgintzako kideen esperientzia behar dugu, Aholkularitza Batzordean», zehaztu du. Euskalgintza eta herri mugimenduetako eragileek parte har dezakete erabakitzeko ahalik ez daukan batzorde horretan. Estatua, Akitania, Departamendua, euskal kulturaren aldeko herriarteko Sindikatuak eta Hautetsien Kontseiluak osatzen duten bulegoa da erabakitzeko eskumena daukan egitura bakarra.Horrekin batera, EEP sortu aitzin Obragintza Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak izenpetu akordioa berretsi nahi dute. «Mugaz gaindiko lankidetza indartu behar dugu ondoko urteotan eta horretarako funtsezkoa da hizkuntza ataleko hitzarmenaren egokipena», gaineratu du Brissonek.

Euskararen normalizazioa bizi publikoan

Euskararen erabilpena erronka nagusia dela azpimarratu dute EEPko zuzendaritzako partaideek. Brissonek azaldu du dagoeneko lan bilkurak burutu dituztela Postarekin edo Surfrider bezalako elkarteekin. Euskarari tokia egiteko prest azaldu direnekin dihardutela adierazi du Brissonek. Alta, aurkezpenean ekidin du SNCF eta demoen gatazka aipatzea, nahiz eta euskararen erabilpena egon arazoaren oinarrian. Kazetarien galderei ihardetsiz, harremanak eta bilkurak izan direla aitortu du Brissonek. «Baina ez dut azalpen zehatzik emanen ez dudalako gugan ezarritako konfiantza hautsi nahi».

Herve Cabane Pirinio Atlantikoetako Prefeta itxaropenaren mezuaz ihardetsi dio SNCFeko arazoari. «Ulergaitza litzateke zerbitzu publiko bat hizkuntza politikotik at gelditzea» gaineratu du. Baina ondoren azaldu du hizkuntza politika, enpresa baten baitan, pertsonen askatasunaren eremuan kokatzen dela eta ezin dela deus inposatu libreki onartzen ez baldin bada.Karia horretara, Vincent Bru herriarteko sindikatuko presidenteak adibidea emateko eskatu dio Prefetari.

«Prefeturak ere elebiduntasunaren aldeko adibidea eman dezake, biztanleek ulertuko lukete mezua».Bizi publikoaren arloko ardatz nagusia Herriko Etxeak izanen dira. Euskara teknikarien sarea osatu nahi du EEPk. Alde batetik itzulpen zerbitzua bermatuko lukete. Baina Brissonek urrunago eraman nahi du hauen eginkizuna, euskararen aldeko suspertzaile lanak beteko dituztelarik azpimarratu duenean. Herriak txikiak izanik, herri arteko egituretan lan eginen dute teknikariek. «Erabilpen soziala aipatzen dugularik jendearen atxikimendua erran nahi dugu. Jendeak nahi badu, aitzinatuko gara» erran du Brissonek.

Bertze zenbait lan ardatz aipatu ditu EEPk, bertzeak bertze Euskal Konfederazioarekin Herriko Etxeen ildoa garatzeko edo Euskaltzaindiarekin, hiztegi teknikoa osatzeko. «Plantan ezartzen ditugun xedeen eraginkortasuna eta sortu atxikimendua neurtuko ditugu, eragile publikoak garen puntutik», nabarmendu du prefetak.


LEHEN URTEKO ARDATZ NAGUSIA

Irakaskuntza Publikoan eskaintza zabalduko dela nabarmendu du EEPk urteko bilduman

Aurrekontu osoa xahutu eta 33 hitzarmen izenpetu dituela nabarmendu du Brissonek 2005eko bilduma egiterakoan. Hizkuntza politikako urteko ardatz nagusia hezkuntza izan dela gogoratu nahi izan du Brissonek Jean Michel Epple Akademia Ikuskariaren aitzinean. Urte askotarako plangintza horri esker euskara eta euskarazko irakaskuntza hedatuko dela azaldu du.Dagoeneko 29 auzapezekin harremanetan sartu dela jakinarazi du Brissonek.

Lau eskolatan eta kolegio batean eredu elebiduna irekitzeko prest daudela azaldu du. Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoari dagokionez, auzapezekin batera baldintzak aztertzen ari direla nabarmendu du. Xedea Baionako bi ibarretan eskola bana irekitzea litzateke, Angelun bat eta Miarritzen bertze bat. Eredu elebiduna garatzeko eskualdeen egitura hobetsiko dutela jakinarazi dute Brisson eta Epplek. «Norbanakoen atxikimenduan oinarrituko da hizkuntza politika, bakoitzak libreki erabakiko du euskarazko eredua hartu edo ez» azaldu dute.

Alta, euskararen irakaskuntzaren eskaintza orokortzeari dagokionez, EEPk ez du onartu eskola guztietan egitea eskaintza eta gurasoek erabakitzea zein eredutan sartu. Kazetariek galdetu diote eredu hori aski ote denez euskararen gainbehera gelditzeko eta euskal hiztun gehiago sortzeko. Izan ere, plangintzan ez da aipatzen ez helburu, ez epe zehatzik. «Bakoitzaren askatasunean eta atxikimenduan oinarritzen den hizkuntza politika sortu nahi dugu, beraz ezin da jakin zein izanen den transmisio kopurua edo euskal ereduetan abiatzen direnen kopurua», adierazi du Brissonek. Gaur egun ama-eskola eta lehen mailetan dauden ikasleak hurrengo urratsetara pasatzea da helburua.

«Adinari so eginez piramide baten aitzinean gaude eta horrek argiki erakusten du ondoko urteotan goi mailetako eskaintza handitzeko bidea dagoela», nabarmendu du Epplek. Garrantzitsuena ikas prozesuaren segida bermatzea dela azpimarratu du, ama-eskolatik lizeoraino. Atal horretan ez dute sartu nahi izan Hiru Sareta eta irakasleen kolektiboak egin kritiketan. «Hainbat ekarpen hartu ditugu kontuan eta aztertuko ditugu, bai horiena eta baita ere Euskal Konfederazioarena». Ondoko urteko egitasmoa lantzeko Aholkularitza Batzordea bilduko da.

(2005eko abenduaren 21ean Berria-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia