Internet-eko ItzuL zerrendak zortzi urte bete ditu euskara langile eta itzultzaileen galdera eta zalantzei erantzunez
12/01/2007
Jadanik zortzi urte dauzkan Itzul listaren logoa
PUBLICIDAD
1998ko abenduan jaio zen ItzuL zerrenda, Lurdes Auzmendik bidalitako mezu batekin: 'Agur bat EIZIEko kide guztioi. Hemen duzue nire helbidea zerbait behar izanda ere'. Euskal Itzultzaileen Elkarteko (EIZIE) lehendakaria zen Auzmendi eta mezu horrek hasiera eman zion euskal itzulpengintzan berebiziko garrantzia biltzen joan denb zerrendari. Zortzi urte hauetan ItzuL euskararen munduan itzulpengintzan dabiltzanei eguneroko jardunean sortzen zaizkien galdera eta zalantzei erantzuna ematen dien foro birtuala bihurtu da. Euskal Herriko eta atzerriko euskara itzultzaile multzo polita biltzen duen ItzuL zerrendak zortzi urte bete berri ditu, bitarte horretan itzulpengintzarako tresna eta foro baliagarria bihurtu delarik. Egun 650 kide inguru ditu zerrendak, horietariko asko itzultzaile profesionalak. Lurdes Auzmendik eman zion hasiera zerrendari 1998ko abenduaren 8an, EIZIEko kideei luzaturiko gonbitearekin. Helburua euskararekin lanean ari ziren teknikari, itzultzaile eta zuzentzaileen arteko harremana areagotzea zen, eta EIZIEk berak kudeatu zuen hasierako urteetan.
'Itzultzailea bere etxean bakarrik dago lanean, baina zerrendaren bitartez beste 650 kideak ere ondoan ditu', laburbiltzen du Gotzon Egiak, zerrendaren kudeatzaile eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Sustapenerako teknikariak. 'ItzuLen egiten diren galderak gutxitan gelditzen dira erantzunik gabe. Egunean 15-20 mezu erantzuten dira eta datu konkretu bila dabilenak ere --aipamen bat ze liburutan egon daitekeen, adibidez-- beti jasotzen du erantzuna'.
Zerrenda profesionala
Edonor egin daiteke ItzuLeko kide, EIZIEren web gunean agertzen den loturan klik egin eta harpidetuz. Zerrendan euskara eta itzulpengintzaren inguruko edozein gairi buruzko galderak, kezkak eta zalantzak plazaratu daitezke: sintaxia, terminologia, lexikoa, itzulpengintza tresnei buruzko berriak... 'Zerrenda profesionala da', argitzen du Gotzon Egiak. 'Tankera honetan Euskal Herrian dagoen zerrenda serioenetakoa dela uste dut, bere kalitatea eta trukatzen den informazioa kontutan izanda. Gainera, aipagarria da nazioarte mailako zerrenda garrantzitsuenetako batek, LanTradek, 1500 kide dituela, adibidez'. Euskararen mundu txikiagoan 650 kide izateak ez dirudi ahuntzaren gauerdiko eztula.
Zortzi urteko ibilbide honetan zerrenda ikasteko tresna izan dela dio Egiak. 400 itzultzaile profesional daude bere kideen artean eta profesionaltasun maila honek galdera eta zalantzen erantzuna egokia izango dela ziurtatzen du. 'Zerrendak ikaragarri lagundu du euskal itzultzaileen artean joerak alkartzen', gehitzen du Egiak. 'Web 2.0 eta blogak modan daude gaur egun, baina posta elektroniko xumea ere oso potentea izan daitekeela erakusten du ItzuLek'.