euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Ikastola berria sustatu nahia Noainen (Nafarroa). Izaskun Baleztena, Noaingo ikastolaren eragile: «Ikastola egongo balitz jendeak haurrak ekarriko lituzke» (Berria-n)

15/06/2004

PUBLICIDAD

A.B./Iruñea. Ikastola berri bat eraiki zitekeela entzun, eta Nafarroako Ikastolen Elkartearekin harremanetan jarri ziren berehala. Noain eta Elortzibar inguruko guraso taldea da lehen urratsak egin dituena. Zortzi bat lagun dira. Ez dute ez lokalik, ez hasteko datarik. Baina bai nahi argia beren haurrek, gehienak txikiak, batzuk jaiogabeak oraindik, euskaraz ikas dezaten.

Pello Mariñelarena Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendariarekin lehen bilera egin dute jada. Bertan jakin zuten ikastola berri bat hamazortzi milioi euro inguru kosta dela. Eta jakin zuten ere diruarengatik ez dela kezkarik izan behar. Taldea osatu behar dela, gainerakoa beti datorrela.Izaskun Baleztena Noaingo Gau Eskolako kidea da proiektuaren sustatzaileetako bat. Berak urte eta erdiko alabat bat dauka.

Nola sortu zen ikastola berria antolatzeko ideia?

Nik entzun nituen Pello Mariñelarenaren hitzak, aurrematrikulazioan 78 haur kalean geratu zirela, eta horrela jarraitzen bazuten bazitekeela beste ikastola bat irekitzea. Ezker Herri plataforman gaude Noainen, eta hantxe gaia mahai gainean jarri genuen. Eta erabaki genuen Elkartearekin hitz egin behar genuela, eta berarekin jarri ginen harremanetan. Berak esan zigun aurrera egiteko, eta hitzaldia antolatzen bagenuen, abisatzeko, etorriko zela. Nolanahi ere, oraindik ez dagoela ezer esan zigun, zain egon behar genuela kopuruak norantz zihoazen ikusi arte.

Orain, Noaingo gurasoek nora eramaten dituzue haurrak?

Ia denek San Fermin Ikastolara eta Hegoalde Ikastolara. Orain hiru urte autobusa lortu genuen haurrak Hegoaldera eramateko eta gaur egun udalak autobus erdia ordainzen du. Baina jende gutxi matrikulatzen da, gehienak San Ferminera joaten direlalo, eta atzetik datozenak autobusik gabe geldituko dira seguru asko. Horrekin zalantza handiak daude, eta jendeak, azkenean, San Ferminera eramaten ditu haurrak.

Eta ikastolarako taldean zaudetenen artean?

Haurrak San Ferminera eramaten dituztenek bertan jarraituko dute. Gure artean, 0 eta 3 urte bitartean dauden haur horiek dituztenak gaude. Hau da, matrikula datozen urteotan egin beharko dugunok. Guk badakigu hemengo biztanlegoa bikoiztu egingo dela datozen urteotan, eta Berainen ere bikoizten ari dela, eta uste dugu aukera orain dugula zerbait egiteko.

Lokalik edo hasi zarete begiratzen?

Oraingoz, batzordea osatu nahi dugu gurasoen artean, hau guztia bultzatzeko. Badakigu hemen, gauzak ateratzeko, lan handia egin behar dela, baina badakigu ere orain ikastola egongo balitz Noainen, jendeak haurrak ekarriko lituzkeela. Arazoa hastea da, eta jendea bultzatzea. Orain hasi behar dugu urrats horiek ematean.

Datorren ikasturtean hasteko asmorik?

Ez, irail honetan ez, baina datorren ikasturteanÉ akaso bai.

Ikastola nahi duzue? Noainen D eredua jarriko balitz, hara eramateko prest egongo zinatekete?

Guk gure haurrek euskaraz ikastea nahi dugu. D eredua jarriko balitz, oso ongi, baina ez dakigu Gobernuak zer bide hartuko duen, eta zerbait mugitu nahi dugu. Gainera, 0 eta 3 urte arteko hori oso beharrezkoa da, jende askok haur txikiak dituelako. Hortik aurrera ikusiko dugu. D eredua Nafarroa osoan jarriko balitz, hori izugarria litzateke. Nire amonak ez zekien erdaraz, eta nire ilobek ez dakite euskaraz. Ni beti egongo naiz D eredua bultzatzen, publikoan edo ikastolaren bidez, baina D eredua, Noainen, egun, urruti ikusten dut.

Lan beltza egokituko zaizue.

Noaingo Gau Eskolan euskararen aldeko ekitaldiak antolatzen ari gara, nahiko bakarrik, baina proiektu hau polita da, eta jende berria behar da, bultzatzeko. Badakit lan beltza egin beharko dugula, baina ez zait inporta. Nik egingo dut.

(2004-06-15ean Berria egunkarian argitaratua)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia