euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Igande honetan ospatuko dute Baigorrin Nafarroaren Egunaren 27. edizioa; bezperan, omenaldi berezia eskainiko zaio Erramun Martikorenari, erretreta hartzen duelarik (Garan)

22/04/2005

PUBLICIDAD

Iruñea, Nafarroa. Datorren igandean ­apirilak 24­ ospatuko dute Nafarroaren Egunaren hogeita zazpigarren edizioa Baigorrin. Jai giroan murgilduta bat egingo dute beste behin mugaren alde bateko eta besteko nafarrek. Egun handi horren antolatzaile nagusiak, Basaizea Elkarteak, apirilaren hasieran ekin zion Baigorriko Kulturaldia ospatzeari. Ordutik ekintza ugari egin da, baina oraindik bada zer ikusia, bihar izango baita Erramun Martikorenaren omenaldia Baigorriko elizan.

Nafarroaren Eguna ospatuko duten hogeita zazpigarren aldia izango da aurtengoa. Basaize Elkarteak antolatzen duen jai honek mugaren bi aldeetako euskaldunen arteko harremanak sendotzea du helburu. Elkarte honetako zuzendari Leire Bidartek adierazi zuenez, badira Nafarroaren Eguna alaitzera hogeita zazpigarren aldiz etorriko diren dantzari eta musikariak, eta hori helburua betetzen ari den seinale da. Bidarten esanetan, «Kulturaldia» ez da soilik kultura biziarazteko izan, lekuko gaiak azaleratzeko ere balio baitu. Aurten, gai nagusitzat etxebizitza eta lurra izan dituzte, eta hitzaldi batzuen bidez egin dute gai horien inguruko hausnarketa. Halere, preso eta errefuxiatuak ere presente izaten dira Nafarroaren inguruko jardunaldietan eta, horrela, joan den larunbatean «Filipe aska gaualdia» antolatu zuten. Horrekin lorturiko irabazi guztia Filipe Bidarten inguruan sortu den sostengu taldearentzat izan zen.

Nafarroaren Egunean lortzen den dirua euskararen alde lan egiten duten talde eta elkarteetara bideratzen da. «‘Pika’ aldizkaria, Laborantza Ganbera eta Irulegi Irratia sostengatu genituen iazko edizioan. Orotara, euskararen aldeko elkarteei 15.000 euro eman dizkiegu», aitortu zuen Leire Bidartek.

Basaizeko zuzendariaren esanetan, Nafarroaren Eguna baikortasun kutsu harrigarria duen eguna da, mugaren bi aldetakoak nafarrak direla eta beren hizkuntza komuna euskara dela baieztatzeko balio behar duena. Antolatzaileek dituzten aurreikuspenen arabera, aurten 10.000 lagun inguru biltzea espero dute. «Horrek ematen digu lanean jarraitzeko indarra», adierazi zuen Leirek.

Martikorenari omenaldia

Igandeko ospakizunen aurretik, ordea, ikusmin izugarria piztu duen ekintza bat burutuko dute Baigorriko elizan: Erramun Martikorenari omenaldia egingo diote bihar, 21.00etatik aurrera. Bertan, Baigorriko abeslariarekin batera ibilitako hainbat kantari eta musikari lagun bilduko dira, hark agertokiak utzi aurretik ongi merezia duen esker ona beste behin jaso dezan. Han izango dira, Joseba Tapia, Mikel Markez, Anje Duhalde, J. Michel Bedaxagar, Pantxoa eta Peio, Niko Etxart, eta abar.

Hala ere, igandea izango da egunik handiena. Goizeko hamaiketatik hasita dianak, gaita-jotzaileak, txistulariak, txaranga, joaldunak, dantzariak eta erraldoiak eta beste ibiliko dira herriko kaleetan zehar. Hamabietan, bertsolariak, dantzariak, erraldoiak, jauziak eta Larrain dantza izango dira ikusgai elizan. 14.00etan, berriz, herri bazkaria izango da Garazi eta Orzaizeko ikastolen eskutik, eta arratsaldean ere zer ikusi ugari egongo da Baigorriko kaleetan zehar. Egunik handiena hori izan arren, Kulturaldiak apirilaren 30a arte iraungo du, orduan antzeztuko baitu Porru Saldak bere umorezko emanaldi berria Baigorriko Bil Etxean.

(2005-04-22an Gara-n argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia