euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

IDOIA ESTORNES Txiletik Auñamendira

16/05/2005

PUBLICIDAD

Idoia Estornes Auñamendi Entziklopedia burutzearekin batera, Entziklopedia horren eguneratze prozesua zuzentzen ari da. Historialaria, feminista, gizartearekin konprometitua... Estornestarren sagako zuzia darama.
Liburutegiko apala batetik zintzilik Salvador Allenderen irudia daraman painelu gorria. Kantoiko paretan Rosa Valverderen koadro handi fantastiko bat, Idoiak “Mari, gaueko erregina” bataiatu duena. Tartean Auñamendi Entziklopediaren tomo guztiak. Idoia Estornes Zubizarretak (Txileko Santiago, 1940) entziklopedistaren erudizioa erakusten du nahi gabe ere. Klandestinitateko garaiaz daukan oroipen nostalgikoak beti izan den errebeldea salatzen du. Adinak modu ez ortodoxoan mintzatzeko aukera ematen dio.

--Zer daukate Estornestarrek saga bat izateko?

--Hasteko, abizena. Halako abizen arraroarekin, derrigor izan behar saga bat, ez?

--Baina zerk egin zituen hain nortasun indartsukoak eta hain ekintzaileak zure aita --Bernardo-- eta bere anaiak, Mariano eta Jose?

--Hori beraien amarengandik zetorkien, Lasatarrarengandik. Izugarrizko ekimena zuen. Denda bat zeukan Izaban (ikusiko zenuen aitak bere Memorietan egiten duen deskribapena) eta herriko tertulia biltzen zen bertara, tabernarik ez zegoen-eta. Ba denda hartara nonahiko gauzak iristen ziren: Finlandiako botinak, frantsesez etiketatutako gauzak... Aitak kontatzen zuen berari etiketetatik sortu zitzaiola Entziklopedia egiteko gogoa, urrutitik eta hizkuntza arrotzetan idatzita zetozen etiketa haiek piztutako kuriositatearengatik.

--Auñamendi Entziklopedia, Bernardok sortu eta zuk zuzentzen duzu aspalditik. Hiztegi entziklopedikoa amaitzen ari zarete batetik, eta bestetik eguneratze eta digitalizatze prozesuan sartuta zaudete bete betean.

--Oraintxe eskegi berri dut Eusko Ikaskuntzaren web orrian artikulu bat Auñamendi Entziklopediaren iraganaz eta etorkizunaz, oinarrizko datuekin: nola hasi zen, nola eman zen digitalizatzeko urratsa, etengabe eguneratzearen erronka, autore eta kolaboratzaileen zerrenda...

--1996an Eusko Ikaskuntzarekin sinatutako komenioaren bitartez ekin zenioten eguneratze eta digitalizatzeari.

--Goyo Monrealek planteatu zigun Auñamendi eguneratu eta informatizatu egin behar zela, orduan esaten zen bezala. Eusko Ikaskuntzako lehendakaria zen, Estatu Batuetatik etorri berria, eta nola Goyo niretzat autoritate bat den --berak alderantziz esaten badu ere-- kasu egin nion. Baina ez nenkien hori nola egin zitekeen, eta ez zidan inork hori argitzen. Nik nire aldetik kata bat egin nuen.

--Zer da hori?

--Bai, Txilen, kalean sandia bat erostera zoazenean, barrua zulatu, triangelu bat egin eta ateratzen dizute puska bat probatzeko ea ona dagoen; horri esaten diote kata. Ba nik Entziklopediarekin berdin egin nuen: hartu lehen alea, A hizkikoa,eta lehen 16 orrialdeak eguneratu. Hau da, batetik zaharkitua zegoena azpimarratu, kentzeko, eta bestetik zein boz berri sartu behar ziren bilatu, ze ale hori 1970ekoa zen eta harrez gero belaunaldi berriak etorrita zeuden. Adibidez, Atxaga ez zegoen, jakina, nahiz eta gero Irazun sartu genuen. Ba horrela, kata hori egin eta luzerako plan bat diseinatu nuen. Kalkulatzen nuen zazpi urtean egin zitekeela eguneratze osoa.

-- Aurten bukatu behar zenuten lan hori, iritsiko al zarete?

--Ez, D hizkiraino amaituko dugu, hau da, 1979an argitaratu zeneraino. Horixe zen eguneratu behar handiena zeukana. Zazpi urteko lana zen eta lau besterik ez daramatzagu honetan.


ZALAPARTA ESTREINALDIAN

Eusko Ikaskuntzarekin sinatutako akordioak traba eta atzerapenak izan zituen gauzatzeko orduan. Idoiak denak, gogoan ezezik, ondo dokumentatuta dauzka, eta egunen batean, Auñamendi Entziklopediaz idatzi asmo duen historian kontatuko ditu gorabehera guztiak.

Izan ere, Auñamendi zalaparta politikoen eraginpean egon da sorreratik. Bernardo Estornesek 1934 aldera mamitutako asmoa, 1969a arte ezin izan zuen abiarazi, tartean gerra eta herbestea zirela. Eta 1969an, lehen alea argitaratzeko prest zegoela, Salbuespen egoera ezarri zuen Francoren Gobernuak. Zentsuraren artaziak gainean.

Gerora, 2001eko hasieran, Eusko Ikaskuntzak Entziklopedia sarean jarri zuenean, eraso mediatiko izugarria jarri zen martxan Madrilgo egunkarietan. Idoia ez omen zuen ezustean harrapatu.

--Ez. Nik abisatu nien Eusko Ikaskuntzakoei, sarean jarri aurretik begiratu beharra zegoela, baina ez zidaten jaramon egin. Eta gertatu zen, gertatu zena. Jaime Ignacio del Burgo, web orria zabaldu zen bezain azkar, hitz jakin batzuren bila joan zen.

Gure aita nazionalista zen, irekia gauza batzuetara, baina nazionalista. Ni sartu nintzenean, ikuspegi ezberdinak zituzten autoreak bilatu nituen. Entziklopediak islatzen duen arku ideologikoa, Herri honen historia bera da. Gizartearen errealitatea ispilatu behar da, eta jakina, hor abertzaletasuna gailentzen da. Eta bazeuden gauza estridenteak, Francoren garaian gaur egun baino kontu estridenteagoak argitaratzen zirelako. Eta bazeuden zalantzan jarri ezin daitezkeen gauzak.

Guk lehen aleak argitaratu genituenean, Francoren garaian, Nafarroan inori ez zitzaion bururatzen euskalduna ez zela esatea. Baina iritsi gara une batera non ezin dugun esan zer garen ere. ETAren fenomenoak, borroka armatuak, hartaraino distortsionatu du gure nazionalitate zentzua, Herri bateko kide izatearen zentzua... zaplastako zaparrada datorkigula alde guztietatik. Askotan arrazoiarekin, ez garelako gai izan gertatzen ari zena --gertatu dena-- kontrolatzeko. Hortaz, Jaime Ignacio del Burgo miaketan hastea, ez zen harritzekoa.

Afera ikusteko modu horren barruan, Idoiak aitortzen du min berezia eman ziola Nafarroari buruzko artikulua auzitan jartzeak.

--Nik zuzendu nuen, eta neuk idatzi nuen zatirik gaitzena, kondu handiz. Asko mindu ninduen. Eta gero, Vasconia hitzaren erabilera. Bitxia da, ze karlista kutsuko kontzeptutzat jotzen dute nazionalista askok, eta gu, historiagileok, erabiltzen hasita geunden, konnotaziorik gabeko bakarra zelako. Euskadik ez zuen balio, Euskal Herria batasunoek zerabilten, País Vasco Vascongadei buruzkoa zen soilik... Guk, Oihenarten Vasconiari heldu genion.

Mayor Oreja ministroarengana ere iritsi zen Idoia, hau dena esplikatzera. Hark despatxuan zeukan Espasa hartuta erakutsi zion Idoiak nola 1911n, eta Espasak, zazpi probintziak sartzen zituen Vasconian. Eraso mediatikoa laister isildu zen, baina Eusko Ikaskuntzak kendu egin zuen Entziklopedia saretik eta hiru hilabete geroagora arte ez zen berriro eskegi. Hala ere, operatiboago, erabilera errazagoarekin ikusi nahi luke Idoiak Entziklopedia interneten, oraindik ez baitago behar lukeen moduan.

Paperean, Auñamendi Entziklopedia, bere kolore marron-gorriztarekin, klasiko bat da etxe askotako liburu apaletan. Frankismo garaiko euskal ilustrazioaren ikurretako bat, gurasoak erosten hasi eta seme-alabek, urteen joanean, aprobetxatzen dutena. Harpidedunen eskuzabaltasuna medio burutu ahal izan dela azpimarratzen du Idoiak.

--Harpidedunei esker atera da, eta ez bakarrik harpidetzak ordaintzen zituztelako, laguntzaile izan ditugulako baizik, asko eta asko. Argazkiak bidaltzen zizkiguten, informazioak, familiako kontuen berri... izan da –eta da- sinestezinezkoa. Gauza oso berezia. Horrelakorik ez zen askotan gertatuko eta ez da berriz gertatuko ere.

--Horrek Entziklopediari beste dimentsio bat ematen dio...

--Bai ba, dimentsio soziala. Iceberga gu gara, baina oinarrian gorputz sozial hori dena dago, denetik jasan duena, zentsurak, salbuespen egoerak...


TXILEKO BIZIPOZA

Idoiak hizketan jariatzen duen berotasuna jaioterritik ote datorkion bururatzen zaio bati. Apasionatua da, sutsua. Nafar aideak ere izango du zerikusirik, baina Txilek utzi ote dio arrastoa? Santiagon jaio eta hamazazpi urtera arte bizi izan zen bertan.

--Ni erabat txiletarra sentitzen nintzen, eta denbora aurrera joan ahala, gehiago. Eta nire gurasoak beldurtu egin ziren. Hamazazpi urterekin neska guztiek zeukaten senargaia han. Gurasoek: honek senargaia hartzen badu, akabo, hemen geratuko da... eta ala, enbarkatzera.

Ez dut exilioa idealizatzen. Zazpi urtera arte etxean eduki ninduten, euskara bakarrik ikas nezan. Eta txikitan, inori ez zaio gustatzen ezberdina izatea, beste umeen artean nabarmentzea. Gogo hori gero etortzen da, poesiak eta idazten hasten zarenean. Eta han ez zuen inork euskaraz egiten, ezta euskaldunen koloniakoek ere, agur eta ardua besterik, eta hori txiletarrek ere bazekiten.

Nik ezagutu nuen Txile hain zen beroa, sinpatikoa, bizipozez betea...

--Eta ezer berreskuratu al duzu hartatik?

--Ez, ezinezkoa. Urtetara joan, Pinocheten ondoren zen, eta Txile erabat aldatuta aurkitu nuen. Gure auzoa eta etxea salbu, haiek lehen bezala zeuden. Liburutegi Nazionalaren irudia geratu zait, handik liburu pila eraman nezakeelako etxean irakurtzeko.

-Allenderen irudia bistan daukazu...

--Txikitatik asko entzun nuen Allenderi buruz hitz egiten. Toki guztietan zegoen haren kartela, badakizu, hauteskundeetara behin eta berriz aurkezten zen eta ez zen sekula aukeratua irtetzen, Unidad Popular hura osatu zen arte.

--Eta zer esaten didazu Euskal Diasporaz?

--Hasteko, hitzak, barregurea ematen dit.

--Baina zuk ere erabiltzen duzu idatzietan.

--Ez dago beste erremediorik. Diaspora hitz grekoa da, eta kanpora irtetzea esan nahi du. Mediterraneoko itsasertzera zabaldu zirenean hasi ziren erabiltzen. Gero, juduek hartu zuten, plan sakratuan, munduan zehar barreiatu zituztela adierazteko. Hurrena, guk geureganatu dugu, euskal nazionalismoak hasieran juduekiko izan zuen sinpatia hura tarteko. Baina oso berria da hitz hori gure artean. Begiratu 1960-70eko idatziak eta ez duzu aurkituko. Nik uste Jon Bilbaok sartu zuela. Euskaldunei Espainiako Monarkiarekin gauzak hain gaizki joan izan balitzaizkigu bezala... XVI-XVIIgarren mendeetan oso ondo joan zitzaien euskaldunei Espainiako Monarkiarekin. Kolonietan beti ziren administratzaileak. Gero, XVIIIgarrenean okertu ziren gauzak, eta XIXgarrenean errematatu, Espainiari ere gaizki bait zihoakion...

--XIXgarrenean foruak kendu zizkiguten.

--Bai, bai, badaukat horri buruz liburu bat, “El carlismo y la abolición foral”.


KLANDESTINITATEAREN XARMA

Nafarroako Unibertsitatean Historian lizentziatu eta Londresera joan zen Idoia Estornes 1967an. Pasaporterik ez zeukan ordea, multikopista batekin harrapatua zutelako. Mendiz pasatu zuen muga. Londrestik itzultzean sartu zen Auñamendin, aitak aspalditik zeukan ametsa betez. Hiztegirako anarkismoari buruzko artikulua idatziko zion norbaiten bila zebilela, topo egin zuen ELA-Berriko eskola sozialekin.

Klandestinitatean ibiltzen, etxeko arauei muzin eginez ikasi zuen, eta gustatu egiten zitzaion. Giro horretan ezagutu zuen senarra izango zuena, Jose Antonio Aiestaran medikua, eta hortik sartuko zen feminismoaren bideetan ere. Ordurako, kalabaza emana zioten Academia Errantekoek, berak bileretan parte hartzea eskatu eta ukatu egin baitzioten, emakumea izateagatik.

---Inguru honetako lehen feministen artean ezagutu izan zaitut.

--Bai, baina ez nintzen bakarra. Hor zeuden Txaro Arteaga, Maite Gonzalez Esnal eta beste batzuk. Ni errebeldea nintzen, baina ez nenkien zertan oinarritu nire ideiak. Eta hor, ELA-Berriko eskoletan jaso nuen emakumeari buruz beste ikuspegi bat, nahiz eta praktikan betiko rolak jokatzen ziren. Guk, emakumeok, gizonezkoek idatzitako paperak makinaz pasatzea genuen zeregin nagusia. Halako batean, protestan hasi ginen, baina kontua ez zen eszinditzea ere, eta norbaitek idatzi behar zuen makinaz. Gero, hasi ginen artikulu haiei gure zatiak eransten. Tipo batek demagun “Abisiniako esplotazioaz” idatzi zuela artikulua hiru kapitulurekin. Ba guk laugarrena eransten genion emakumeen kontuekin. Geroago ia Simone de Beauvoir itzuli, Women´s Lib-eko liburuxkak ekarri Londrestik, itzuli eta makinazko apunteetan banatu... Eta horrela harrapatu gintuen Trantsizioak!!


ADINAREN ABANTAILAK

--Eta orain, nola ikusten duzu emakumeon afera hau?

--Azpigarapenaren poltsak ikusten ditut. Afrikan, adibidez, emakumeek lan egiten dute familia guztiak jatena izan dezan, baina lantzen duten sorotxoaren jabetza paperak gizonezkoei ematen dizkiete agintariek...

--Eta hemen?

--Herrialde garatuetan? Hemen azpigaratuen inbasiopean gaudela ikusten dut, eta jakina, azpigaratuek beraiekin dakarte kultura matxista bat, gure aurrerapen guztia pikutara bidali dezakeena.

--Alardeari buruz aspaldi idatzi izan duzu, tradizioaren argumentuaren kontra. Zergatik ez da konpontzen arazoa?

--Ba alderdiek botoak galtzeko beldurra dutelako. Ez PSOE, ez PNV, bi alderdi hegemonikoak, ez dira ausartzen Irun eta Hondarribiako botoak arriskuan jartzera.

--Baina nola uler daiteke gure gizartean halako erresistentzia guneak egotea?

--Eta gainera, emakumezkoek eusten dituzte. Hori beti izan da horrela. Emakumeen historia antzeko gertakizunez beteta dago. Emakume eskirolak beti egon dira, gehienak gainera. Irun eta Hondarribiako emakume horiek denak beldur dira, ez dute nahi feminismoarekin nahas ditzaten.

--Baina hortik beste aldera pasatzera...

--Bai, indarra hartzen dute ordea. Eskirol boteredunak dira orain, oso entzunak beren taldean, roletik ateratzen ez diren bitartean. Lehen ez ziren ezer eta orain zinegotziak edo diputatutarako hautagaiak dira.

Azkenean nonbaitetik lehertuko da auzia, ze gaur egun, alderdi eskuindarretan ere, emakumezkoek feministatzat daukate beren burua, nahiz eta ez aitortu. Axola duena emakumeak borroka egitea da, berdin du zeren kontra. Irunen eta Hondarribian promozio modura balio izan die emakume batzuei.

--Alderdi baikorra atera nahi diozu?

--Ez dago beste erremediorik. Ikusita dago, balio izan die, promozionatu dira. Ezkerreko feministaren borrokak nori balio izan dio? Emakume guztiei, izan ezkertiar edo eskuindar. Nola egongo ziren PPko emakumeak politikan feminista ezkertiarrek aurretik borroka egin izan ez balute? Eta azken urteotan nork egin du feminismoaren alde eskuineko emakumeek baino gehiago?

--Batzuetan zure erantzunak ortodoxietatik atera egiten dira...

--Adinaren abantailak. Zahartzaroan abantaila asko dago; ez denak, etsipenak ere hor baitaude. Baina abantaila dexente ere bai eta hau da horietako bat: nahi duzuna esan ahal izatea.


...ETA AHAZTU GABE

--MEMORIAK. “Hasita nago materialea biltzen eta puxketaka idazten. Memoriak idazteko asmoa badaukat, bai. Ez pertsonaia inportantea izateagatik, ezagutu beharreko esperientziak direla uste dudalako”.

--NAZIONALISMOAREN ARRISKUA. “Ez dakit fanatismoa izatera iristen ote zen, baina gure gurasoek aberriari ematen zioten absolututasun hura... Ez dakit zeri eman dakiokeen balio absolutua, baina, aberriari? Eta pentsa, ni neu ere abertzalea izan naizela benetan. Orain oso... ekidistantea naiz. Uste dut dena begiratu behar dela, ideia guzti guztiak”.

--“CUENTAME” (telesaila). “Ez dut atal bakar bat ere galtzen. Ikaragarri gustatzen zait. Hain ondo islatzen du garai hartako gristasuna, beldurra...”.

--INTRIGAZALEA. “Intrigazko nobelak izugarri atsegin ditut. Astirik izango banu, idatziko nuke intrigazko nobela bat”.

[testua eta argazkiak: Elixabete Garmendia]


Lotura gehigarriak

Auñamendi Entziklopedia sarean
www.euskomedia.org

Idoia Estornesen artikulua Auñamendiren iraganaz eta etorkizunaz
euskonews.com astekari elektronikoan


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia