euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Ibon Sarasolak 100.000 gaztelania-euskara sarrera bildu ditu Zehazki Hiztegian, erderakadak ekiditeko asmoz

02/01/2006

Ibon Sarasola euskaltzain eta hizkuntzalariak hamar urte eman ditu Zehazki Hiztegia osatzen
Ibon Sarasola euskaltzain eta hizkuntzalariak hamar urte eman ditu Zehazki Hiztegia osatzen

PUBLICIDAD

Hamar urte eman ditu Ibon Sarasola euskaltzainak Zehazki Hiztegia prestatzen. Izan ere, hauxe liteke gaztelania-euskara formatuan orain arte plazaratu den hiztegirik osatuena. Alberdaniak argitaratu du, BBVA fundazioaren laguntzarekin. Euskaldun berriek zein idazle eta itzultzaile profesionalek erabiltzeko egokia da. Sarasolak aurkezpenean azaldu zuenez gaztelerazko 'el papel es muy sufrido' esaldiaren 'papera oso pairakorra' da bezalako itzulpen klonikoak eta erderakadak ekiditen laguntzeko tresna aproposa da Zehazki.
Zehazki Hiztegia Ibon Sarasola hizkuntzalari eta euskaltzainaren azkeneko lana da, Alberdaniak argitaratu duen 939 orriko liburu mardula. Gaztelania-euskara hiztegi osatuena omen da, eta bere orrietan 100.000 sarrera biltzen ditu. Hiztegia egiteko hamar urte behar izan ditu Sarasolak eta horretarako kontuan hartu ditu Koldo Mitxelenak hasitako eta Sarasolak berak oraintsu bukatutako Orotariko Euskal Hiztegia eta Elhuyar Hiztegia. Beste iturriak Placido Mujikaren hiztegia eta EHUk eta Donostiako Udalak sarean jarri duten 'Ereduzko Prosa Gaur' ataria izan dira.

Emaitza, proposamen eta adibide zehatzak ematen dituen hiztegia da. Hitz eta esapideen inguruko informazioa zabal ematen du, esanahiak zerrendatuz eta adibideak emanez. 'Ahalik eta gehiena zehazten ditu hitz bakoitzak izan ditzakeen erabilera guztiak', aurkezpenean Pello Salaburu euskaltzainak azpimarratu zuenez.

'Klonikoekin borrokan'

Sarasolak onartu du arazo batzuk izan zituela hiztegia egiteko orduan, erdarazko hitz eta esapideekin batez ere. 'Klonikoen kontra borrokatu naiz. Hau da, gaztelaniatik euskarara eginiko itzulpen klonen aurka. Hitzez hitzeko itzulpenak gustatzen zaizkit, literalak, baina ez klonikoak. 'Papera oso pairakorra da' esaldia irakurri nuen behin euskaltzain baten testuan. Eta ez zitzaidan batere gustatu. 'El papel es muy sufrible' esan nahi zuen'. Horren ordez Sarasolak bere amari entzundakoa moldatu zuen, 'paperak dena hartzen du' proposatuz.

Itzulpen klonikoen beste adibide gisa 'medianoche' hitza aipatu zuen. Gaueko hamabiak esan nahi bada 'gauerdi' litzateke, baina 'medianoche' izeneko opila esateko 'esneopil' da hitz egokia. Edo 'tener sus más y sus menos', ezta 'gehiak eta gutxiak izatea', baizik eta 'beren ezak eta baiak'...

Zehazki Hiztegia gaztelaniaz ondo dakiten erabiltzaileentzat prestatutako lana da, gaztelaniazko hitz eta esamoldeen euskarazko itzulpenak soilik jasotzen dituelako. Ez dago euskaratik gaztelaniara eginiko itzulpenen atalik. 'Euskal ondarea gaztelania-euskara formatuan jartzen duen hiztegia da hau', argitu du Sarasolak.


Lotura interesgarriak

Zehazki Hiztegia
Alberdania argitaletxearen webgunean

Euskaltzaindia presenta el Diccionario General Vasco
Euskalkultura.com-en 2005eko azaroaren 19an argitara emana

Euskarazko hitzen inguruko zalantzak argitzeko datubasea
Euskalkultura.com-en 2004ko abenduaren 15ean argitara emana


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia