euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Hollywood in Garazi

20/06/2001

PUBLICIDAD

Hollywoodeko superprodukzio bat aterako balitz bezala Donibane Garaziko zine aretoa bete-betea da gaur. Jendea da etorria bakarrik edo taldean; gazteak eta xaharrak nahasten dira. Film batek erakartzen ditu denak. Hobeki erran, Euskal Herrian egin euskarazko filmak: Bertzea deitua. Paris aldeko produktoreak eta sortzez Baionakoa den errealizadorea Garaziraino etorri dira filmaren lehen agertzearen kari. Denek badakigu Garazi aldeko mendietako irudiak ikusiko ditugula, eta agertuko den artzainaren istorioa ere doi bat ezagutzen dugu.

Gure begien aitzinean Ezterenzubiko mendiak altxatzen dira beraz. Handiak bezain ederrak. Antton artzainak jakin du auzoko artzainari ardi bat faltatu zaiola. Hori jasan ezinean auzoaren ardi galduaren bila doa. Mendia kurritu eta zailtasun anitz gaindituta, delako auzoak ardiak gaizki kontatu zituela jakiten du: ez da ardirik falta... Filma bururatua da. Txaloek mottel aire bat daukate ene gustuko. Funtsean neureak ez dira ozenenak. Gure herrian eta gure hizkuntzan egin filmak sobera guti ikusten direlako, hogei minutuko laburmetraiak ez gaitu batere ase. Zonbait gauza ez ditugu arras gustukoak ukan: Ezterenzubiko artzainen itxura zuen Antton bat nahiago genuen, eta baita hemengo artaldeen iduriko ardi tropa ere.

Baina hau ez da garrantzitsuena. Filmaren egileak azpimarratuko du: elkartasuna du goraipatu, artzainen urratsa beste baten laguntzeko, mendiko zailtasun guztiak gaindituz. Beste edozein ofiziotako norbait izan ahal zitekeen. Azkenean, elkartasunezko urratsa Euskal Herrian kokatzea ez ote da guretako balio handikoa? Errespetuz gure hizkuntza erabiltzea kanpotik datorren batengandik ohargarria dago ere (normala izan behar luke baina aski guti gertatzen da azpimarragarria izateko).

Dena den argiki agertu da hor zen jende multzoa Euskal Herriko eta euskarazko filmen gose dagoela. Eta ikusitakoa ona ala ez izanik ere, zine aretotik ateratzean oihartzun berdina zebilen buru guztietan: bertze bat!

Maritxu Lopepe (Euskaldunon Egunkarian)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia